Uharteko arte-lana kudeatzeko Donostiako Udalak ezarritako neurriak ez dira nahikoa ingurunea babesteko eta turistifikazioa saihesteko
2021-05-26
Partekatu - Compartelo
Datorren ekainean 5ean, Santa Klara uharteko sasoi irekierarekin batera iritsiko da, Cristina Iglesias entzutetsuak itsasargian sortutako Hondalea obraren irekiera publikoa. Une hori mugarri bilakatuko da uharteko eta hiriko ekosistema soziokulturalean, herritarren iruditegian horrenbesteko balioa duen espazio hau behin betiko eraldatuz.
Hainbat gara, hastapenetik, proiektu honen harira, gure kezkak azaldu eta donostiar guztion interes orokorraren aldeko ekarpen onuragarriak egiteko borondatea azaldu dugun elkarte eta eragileak; Bizilagunekin plataforma, Haritzalde naturzale elkartea, Eguzki talde ekologista edo Parkea Bizirik, besteak beste. Ibilbide horretan, itsasargiko esku-hartzeak, ingurumenari eta hiriko balio naturalei, ondareari, udal ekonomiari, etenik ez duen turistifikazio prozesuari, edota hiri-espazio eta -baliabideen pribatizazioari dagokienez ekar zitzakeen ondorioak mahai gainera ekarri ditugu sarri.
Proiektuaren balizko eragin kaltegarriak murrizteko eta bere balio natural eta soziokulturalen zaintza bermatzeko neurriak diseinatzerakoan laguntzeko borondatea azaldu diegu erakunde arduradunei. Donostiako Udalak eta proiektuaren sustatzaileek premia hau partekatzen dutela azaldu digute eta zerbitzu teknikoekin batera kudeaketa bide-orri bat sortu dute. Alde horretatik, kontsulta-mailara mugatu bada ere, proiektuaren sustatzaileak eragileokin harremanetan jarri izana era positiboan baloratzen dugu. Izandako hartu-emana jarrera adeitsuz eta elkar-entzute ariketa bezala gauzatu dela adierazi nahiko genuke.
Idatzi hau izenpetzen dugun taldeok gure iritzia azaltzeko eskainitako prentsaurreko bat.
Hala ere, zoritxarrez, masifikazioa ekiditeko helburua zuten hartu-eman hauen emaitza ez da espero bezain emankorra izan. Udalaren asmoak ezagututa, aurkeztua izan zaigun uhartea kudeatzeko planteamenduarekiko gure desadostasuna azaldu nahi dugu honako arrazoiak direla eta:
1. Planteamenduan edukierari dagozkion baldintza eta mugak, orokorrean, uhartearen babeserako onargarriak dirudite: ez da uharteko ordutegia luzatuko; txalupen maiztasuna ez da handituko; itsasargiak, eguneko 250 bisitari jasoko ditu gehienez… Dena den, anbiguotasunerako eta salbuespenerako tarte handiegia azaltzen du, aurkeztu zaigun dokumentuak: eguraldiaren arabera luzatu daitekeen egutegia, kasuan kasu aztertuko diren uhartea eta arte-lanaren “erabilera berezietarako” baimenak… Uko egin zaio beraz, kudeaketa irizpide zehatz eta irmoak ezartzeari. Gainera, adierazitakoarekin kontraesanean, urrian ere bisitaldiak antolatuko direla jakinarazi dute, jada.
2. Proposamenak ez du inolako legezko euskarririk. Ez da administrazio mailako araudi forma jakin baten bidez egikaritu. Hau da, ez da inolako legezko bermerik ematen idatziz jasotakoa errespetatu eta betearazteko.
3. Epe laburreko ikuspegia gailentzen da. Proposamenak 2021 urterako kudeaketa irizpideak baino ez ditu ezartzen, aurrera begira, ziurgabetasuna iradokiz. Kontuan izanik 2021ean COVID-19aren pandemiaren eraginak nabarmenak direla, eta besteak beste, turismo jarduera beste urte batzuetan baino mugatuagoa izan daitekeela, baliteke, hurrengo urteetan ezarritako baldintza eta mugen malgutze bat ematea eta kudeaketa irizpideak aldatzea; masifikazio eta gain-esplotazio arriskuak hor dirau, beraz.
4. Ez da itsasargirako eta uharterako onartutako erabilerei buruzko inolako argibide zehatzik ematen. Ordea, ekitaldi bereziak hartzeko aukerari edota bisita bereziei ateak irekitzen zaizkie. Hortaz, aurrera begira, ez zaizkio jarduera pribatibo, esklusibo eta baztertzaileak onartzeari ateak ixten, hala nola, enpresa pribatuen ekitaldiak edo VIP bisitak.
5. Hiriaren turistifikazioan sakontzeko helburuari eusten zaio. Izan ere, Hondalea, “Donostia nazioartean posizionatzeko baliagarria izango den ekimen artistiko berria” bezala aurkeztu du Donostia Turismoak 2021eko apirilaren 14an antolatutako jardunaldian. Gainera, itsasargia eta uhartea, produktu turistiko bilakatu dituzte jada, badiako itsasontzi itzulia, uhartea eta Hondalea bisita gidatu berean ezagutzeko aukera eskainiz (urrirako iragarritako bisitek 30€ko prezioa izango dute).
6. Uhartea eta Hondalea, hiri-markaren nazioartekotzea sendotzeko mugarri modura baliatzeko nahia erakutsi du Udalak, orain arte egindako adierazpen publikoetan. Hortaz, arte-lana, hiriaren erakarpen efektua handitzeko baliabide bilakatuko da, turistifikazio arriskua areagotuz.
7. Uhartea balio natural handiko espazio preziatu bezain hauskorra da, hainbat animali eta landare espezie esanguratsuen bizitokia izanik. Hondalea dela eta, uhartean gauzatu diren esku-hartzeek eta etorkizunera begira gerta daitezkeen gehiegikeriek arriskuan jartzen dute gunea, azaldu bezala, hartutako konpromezuek ez baitute behar besteko zehaztasunik.
Aurreko elementu guztiak aintzat hartuta, idatzia sinatzen dugun eragileok, itsasargia eta uhartea kudeatzeko estrategiarekiko gure desadostasuna adierazi nahi dugu. Epe luzera, uhartearen babesa bermatu eta hura masifikatu eta arriskuan jartzea ekiditeko araudi eta erabilera-plan zehatz baten alde, ahal dugun bideetatik, lanean jarraituko dugula jakinarazten dugu. Era berean, guneari aitortzen zaion (proiektuaren sustatzaileek ere) balio paisajistiko, ekologiko eta geologikoari men eginez, Santa Klara-Igeldo eta bien arteko itsasartea Natura 2000 Sarearen baitan barneratua izateko tramitazioari ekiteko eskaera eskaera egiten diegu erakundeei.
Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma