Unanibiko zubi ib¡ngurua tirolina eraiki baino lehen
Eguzkikook jasangarria ez dela eta balio hezitzailea ere zalantzan jartzen dugu.
Zenbait talderen (Unanibiren Lagunak, Haritzalde, Naturkon, Eguzki) eta ehundaka herriatarren kexuen ostean, hilabete pare bateko atzerapenarekin baina jarri dute martxan. Unanibiko tirolina+ferrata bidea “jasangarri eta hezitzaile” dena jada abian da.
Eguzkiren ustez, egitasmoa ez da jasangarria eta bere balio hezitzailea ere zalantzan jartzen ditu. Izan ere, Leitzaran bailarako tirolina+ferrata ibilibidearen zati bat, Leitzarango Biotopo Babestu, KBG (Kontserbazio Bereziko Gune) eta Natura 2000 Saretik (babes irudi garrantzitsuenak aipatzearren) igarotzen da.
Tirolinaren inaugurazio ekitaldia. Lehen uretan bainuzaleak eta arrantzaleak zalaparta eragiten zuten. Orain airean ere pakerik ez.
Eguzkitik, 2019ko iraila ezkeroztik Eusko Jaurlaritzari (babes eremuaren baldintzak jartzen dituena) eta Andoaingo Udalari (egitasmoaren sustatzailea) egindako helegite naiz emandako ingurumen mailako argudioen artean hauek izan dira arrazoi nagusiak egitasmo horri ezetz esateko:
– Babestutako eremu baten barnean egitea. Kontuan izan behar dugu KBG izendapena, Europar Batasunean mantendu eta berreskuratzeko lehentasunezko habitatei ematen zaila; ondorioz lehentasuna habitat horien mantentze edo/eta berraskuratzea behar luke; honi, Andoainen babestutako eremuak lurzoruaren %1era ez dela iristen kontuan izan behar dugu eta egitasmoa hau babestutako eremuan kokatu dutela. Tirolina+ferrata ibilbideak ez du balio kokatzen habitat hori bere horretan mantentzeko, ezta noski, hobetzeko ere.
Ur-zozoa. Kabi bat du ibilbidearen parean baina ingurumen txostenean jarraipena egitea eskatu beharrean, pandemiaren ondorio dela esan dute.
– Babestutako espeziak arriskuan jartzen dira. Tirolina+ferrata ibilbiderako txostenetan aipatzen den bezala, EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan agertzen diren hiru espeziek eragin zuzenak jasango dituzte: ur-zozoak, gorostiak eta erratzak. Txosten horietan jasango duten eragin zuzena gutxietsi egiten dela ere egia da.
– Kolonizatu gabeko espazioak gizakiaren jarduerara okupatzen dira. Tirolinaren abiapuntu eta iritsiera puntua harkaitz eta ibai inguruko landarediz osatutako ingurune malkartsua izanik, gizakia ibiltzen ez den inguru bat izateari utziko dio, orain arte aparte geratzen zen inguru berri bat okupatuz edo kolonizatuz. Puntu hau ez da kontuan hartu ingurumen eraginaren txostenean.
Erratza (ruscus aculeatus) gorostia bezain ezaguna ez bada ere, biak babestuak daude.
– Dei efektua. Lehendik ere bisita ugari jasotzen dituen eta oraindik behar bezala antolatuta ez dagoen Leitzaran bailararentzat eta babes eremuarentzat kontuan hartu ez den dei efektua izatea oso posiblea da. Hau ere ez da kontuan izan ingurumen eraginaren txostenean. Gainera, andoaindarrak eta kanpotar asko izugarri kuttuna duten lekua da, hemendik aurrera aldatu eta baldintzatua geratuko dena.
Bestalde, aurkezpenean garrantzi eman zioten jasangarritasunaren gaia zuritzeko, ingurumen azterketaren arabera eguneko bisitari kopurua 30 lagunekoa dela baina 8 besterik ez direla izango baieztatu zuten. Guk, erabaki hori lehen denboraldirako izango dela erantsiko dugu eta egindako kexa eta protesten ondorio izan dela uste dugu.
Andoaingo Udaletik garrantzia eman zaion beste helburua “ibilbide interpretatua” izatearena da. Helburu hau oso garrantzitsua da, praktikan egitasmoa babestutako eremuan legezkoa izateko eta LIFE europar programaren laguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza izan baita ingurumenari buruzko helburu hezitzaileak izatea.
Helburu hezitzaileei dagokionean, ibilbide honekin lortzen diren helburuak beste era batera lor zitezkeela uste dugu, babestutako ingurunea kaltetu gabe, Leitzarango Biotopoz kanpo eraikita edo are hobe baita bailaratik kanpo ere; eta zenbait hezitzaile naiz pedagogoren iritzia bildu ostean helburu hezitzaile horiek lortze bide eraginkorragoak badirela baieztatu digute.
Ondorioz, Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzaren gainbegiratuarekin, akats larri bat egin duela uste dugu egitasmo hau aurrera eramanez, eta galdetzen dugu ea “Klima Larrialdi” izendapenak halako egitasmoak zuritzeko baino ez ote duen balio. Eguzkikook, tirolina+ferrata ibilbidea, egitekotan, beste leku batean egin zitekenaren uste sendoa dugu.
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra 2021eko uztailaren 4an.