Duela gutxi 27 urte bete dira 11/1995 Errege Lege Dekretua onartu zenetik, hondakin-uren tratamenduari buruzko 91/271/EEE Zuzentaraua Estatuko ordenamendu juridikora ekarri zuena. Uren kutsaduraren aurkako borrokan mugarri izan da, baina, zoritxarrez, Donibaneri ospakizun horretan parte hartzeko arrazoiak ukatzen zaizkio.
Aipatutako araudiak, 4. artikuluan, 2001-1-1eko epea ezartzen zuen kolektore-sistema instalatzeko, baina 21 urte geroago hondakin-urak zuzenean isurtzen dira Pasaiako badiara, eta Eguzki talde ekologistak behin eta berriz salatu du hori. Tratamendurik gabeko isurketa indarrean dagoen legediaren aurkakoa bada, aipatutako badian egitea kezkagarriagoa da, eremu sentikor izendatu baitute 2004. urtetik.
Hori gutxi balitz, saneamenduari buruz dugun kezkak eraman gaitu ohartzera Donibaneko isuriez gain, Lezoko Altamira auzoa hasieratik eraikitzen dela kolektorearekin inolako loturarik gabe, eta gaur egun ere inolako tratamendurik gabe isurtzen dituela bere hondakin-urak badiako zona sentikorrera.
Donibaneri dagokionez, asko izan dira talde honek eta, oro har, inguruko talde eta herritarrek hainbeste denboraz gauzatzeke dagoen azpiegitura hori eskatzeko egindako ekimenak, baina administrazio eskudunek EZ dute arazo hori konpondu nahi izan. Beren kezka izan da ahanzturaren tiraderan amaitzen duten proiektuetan diru publikoa xahutuz zerbait egiten dutela irudikatzea, eta, hala ere, 21 urte geroago, ez dago kolektorerik.
Eta bai, hau da errealitate gordina, 21 urte hondakin-uren litroak eta litroak etengabe isurtzen sentikortzat jotako eremu batera, 21 urte kontzienteki indarreko araudia betetzen ez dela, 21 urte kaltetutako eremuko talde eta bizilagunen aldarrikapenei muzin egiten zaiela, 21 urte bizilagunei ukatu egiten zaiela osasunerako onuragarria izango litzatekeen eta ingurumenaren aurkako eraso larriarekin amaituko lukeen hondakin-uren saneamendua; 21 urteko administrazioen ezintasuna arazo larri hau konpontzeko, 21 urte ……. denboran gehiago luzatu ezin direnak eta luzatu behar ez direnak.
Indarrean dagoen araudia etengabe urratzen ari da, eta kolektorea egikaritzeko eskumena duen administrazioak ez du ezer egiten. Hori dela eta, Eguzkik ez du zalantzarik izango, Justiziak, legea betetzen dela bermatzeko lanean, azkar, irmo eta eredugarri jokatu dezala eskatzeko. Europako nahiz Estatuko zuzentaraua ez betetzeagatik zehapen-epaiak eman diren bezala, gure ustez, kasu honetan ezin da beste alde batera begiratu, eta horren arabera jokatu behar da