Albistea

  • Gabonetako argiak hainbat egunez murriztea beharrezkoa da, baina oraindik ez da nahikoa

    2022-09-29

    eguberritakoargiak2Eguzkikook adierazi nahi dugu ondo iruditzen zaigula Donostiako Udalak gabonetako argiztapena astebetez murrizteko hartu duen erabakia, baina ez da nahikoa. Izan ere, gure taldeak 2015etik salatu du gabonetako argiztapenaren alferrikako gastuak etengabe gora egin duela Donostian.

    Lehendabizi, arkuen eta argien kopurua handitu egin zen, gabonetan hiri “argitsuena” zein izango ote zen lasterketa zoro horretan bete-betean parte hartuz. Ondoren, pizteko epea ere luzatu egin zen, hilabete batetik 45 egunera.

    Eguzkiook beti salatu izan dugu gabonetako energia xahutzea –klima-krisialdia ez da bart arratsean hasi– eta urteak daramatzagu Udalari proposatzen xahutze horri galga jartzeko neurriak.

    Zorionez, Udalak jakinarazi du aurten astebetez murriztuko dela gabonetako argiztapena, 43-45 egunetatik 36 egunetara. Ongi etorria izan bedi erabakia, Udalak   keinu pedagogikotzat jotzen duena, baina, Eguzkiren iritziz, keinua, berandu iristeaz gain, oso motz geratzen da, eta askoz gehiago egin daiteke.

    Esaterako? Hona hemen azken urteotan egin ditugun proposamenak:

    – Astegunetan, gabonetako argiak 21:00etan itzaltzea, ordu horretatik aurrera kaleak ia hutsik baitaude.

    – Asteburuetan, 22:00ak arte baino ez piztea, eta ordu horretantxe dendetako erakusleihoek ere argiak itzaltzea.

    – Gabonak hilabetera mugatzea, hau da, argiztapen berezia abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra mugatzea.

    – Orain arte aipatutako neurriak noria turistiko eta enparauei ere aplikatzea, alferrikako energia-gastua dakartelako.

    – Gabonetako argiztapenaren inaugurazio-ekitaldian su artifizialak alferrik ez erretzea, zarata eta aire-kutsadura saihestuz.

    Klima- eta energia-larrialdiak etengabe denon ahotan daudenean, eta beharbada beste inoren ahotan baino gehiago instituzioen ahoetan, ezin dugu 36 eguneko parentesi bat ireki eta energia xahutu ezer gertatuko ez balitz bezala.

    Urrian erlojuak ordubetez atzeratu genituen; apirilaren 22an, berriz, Planetaren Eguna zela eta, Udalak udaletxeko argiak ordubetez itzali zituen; Klima DSS 2050 Ekintza Plana delakoa ere onartu egin zuen… Eta gabonetan ez da neurri eraginkorragorik hartzeko gai?

    2015etik lasterketa zoro batean sartuta dago… gero eta arku, argi eta egun gehiago… Bada ordua alferrikako gastuari galga jartzeko, modu apal eta pedagogikoan bada ere. Beraz, ongi etorri Udalak gabonetako argiak astebetez aurrezteko hartu duen erabakia, baina motz geratzen da, askoz gehiago egin baitaiteke.

    EGUZKI, 2022ko irailean

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

September 2022
M T W T F S S
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

LIBURUAK

liburuak