Albistea

  • Birziklatzen dutenak zabor-tasa finkoaren bidez zigortzen bukatuko du legegintzaldia Lasarte-Oriako Udalak

    2022-11-29
    Partekatu - Compartelo

    Lasarte-Oria birziklapenaren alde? Baita zera ere. Propaganda hutsa.

    Lasarte-Oria birziklapenaren alde? Baita zera ere. Propaganda hutsa.

    Lasarte-Oriako Udalak 2022an indarrean egongo diren ordenantza fiskalak onartu ditu, zabor-tasa barne. Oraingoan ere ez da birziklatzen dutenentzako hobari edo deskonturik aurreikusi, azken urteetan horri buruz behin baino gehiagotan hitz egin den arren. Gauzak horrela, lasai asko esan daiteke Udalak lortuko duela legegintzaldia amaitzen birziklatzen dutenei zabor-tasa finkoaren bidez zigorra ezarrita.

    Birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordaintzea da tasa finkoa. Antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada,  arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Eta hori Lasarte-Oriako Udalak, PSEk duen gehiengoaz, espresuki hala erabaki duelako.

    Udal gobernuak tasa finkoa ezartzeko erabiltzen dituen argudioek umekeriaren eta zinismoaren arteko nahasketa baten ondorio dirudite:

    –         Birziklatzaileentzako deskontua –diote– dagoeneko aurreikusita dago… baldin eta herrian, orokorrean hartuta, gaikako zabor-bilketan portzentaje jakin bat lortzen bada. Alabaina –eta hori ere aitortzen dute–, ez dago portzentaje hori lortzerik Udalak berak ezarri duen sistemarekin, hau da, Lasarte-Oria Gipuzkoan birziklatze-kontuetan azken putz izatera kondenatu duen sistemarekin.

    –         Soil-soilik 5. edukiontziaren erabiltzaile txartela izateagatik deskontu-eskubidea izatea “arriskutsua” izan daitekeela ere badiote. Eta hori beharbada oso arrazoizkoa izan zitekeen… baldin eta Udalak berak berariaz erabaki izan ez balu txartelak edukiontzia irekitzeko eta bakar-bakarrik edukiontzia irekitzeko balio izatea. Hau da, Udalak berak erabaki zuen txartela ez lotzea 5. edukiontziaren erabileraren jarraipena egitea ahalbidetu zezakeen inolako software-sistemarekin. Software hau ez da zientzia-fikzioa, e? Hau da birziklatzaileei deskontua egiteko Gipuzkoako herrietan normalean erabiltzen den sistema. Adibidez, birziklatze-kontuetan batere aurrerazalea ez den Donostian bertan.

    Udal gobernuak zabor-tasa finkoari buruz eta beste zenbait gairi buruz hitz egiteko “mahai tekniko” batzuk eratuko zituela iragarri zuen. Geroztik, baina, “mahai” haien berririk ez.

    lasarte_edukiontziaGauzak horrela, Lasarte-Orian gutxi birziklatzen da, egia da, baina, halaber, aitortu behar da lasarteoriatarrek meritu handia dutela. Izan ere, gutxi edo asko, birziklatzen dutena Udala ia-ia kontra dutela birziklatzen dute.

    Hori bai, Udalak “herritarrak kontzientziatzeko” kanpainak-eta antolatzen ditu. Propaganda hutsa, egingo balu bezala egiteko, baina benetan egin gabe. Legegintzaldia bukatzeko oraindik sei hilabete geratzen dira, baina, gaikako zabor-bilketari dagokionez, zeharo legegintzaldi antzua izateko bidean da. Antzutasun horren isla baino ez da birziklatzen dutenentzako hobari edo deskontuetan ere aurrerapausorik egin ez izana.

    EGUZKI, 2022ko azaroan


    Partekatu - Compartelo