Arrantza salbatzeko soluzioa halako arrain haztegiak jartzea da?

Instalaciones-Atun-Rojo-Fuentes-en-Cartagena-1400x933_NoticiaAmpliada_NoticiaAmpliada

Euskal Herriak Bizkaiko Golkoan leku estrategikoa betetzen duela jakina da. Kantauri Itsasoan eta Capbretoneko Barrunbearen itsaslabarraren parean, arrantzaleku paregabeak dauzka oso gertu. Honi esker, edo honen ondorioz, Euskal Herriaren historia eta garapena, itsasoari lotutako jarduera ezberdinekin batera ulertu behar dira: arrantza mota ezberdinak sortu dira, bizitzeko modu ezberdinak gauzatu dira eta kultur adierazpen berezituak azaleratu ditugu. Arrantzarekin lotutako tradizio garrantzitsua gorpuztuz joan da, mendez mende. Garapen historiko, ekonomiko, sozial eta kultural honek, aldi berean, arraina arrantzatu eta kontsumitzeko modu ezberdinak eskaini dizkigu.

Aurreko mendearen bigarren erdialdean, 1950 eta 1980ko hamarkaden artean, gure kostaldean garapen ikaragarria ezagutu zen. Sektorea industrializatu aurretik, arrantza handiak gauzatu ziren, arrain espezie ugari arrantzatu zen eta tresna jasangarriak erabili ziren. Hau, industrializazio prozesuarekin hasi zen aldatzen, eta Europar Batasunera sartu ostean, sakonki eraldatu zen testuingurua. Arrantza eskubideak edo kuotak ezarri eta banatu ziren eta kudeaketarako eskubideak galdu zituzten euskal arrantzaleek, arrantzaleku tradizionaletan arrantza egiteko eskubideekin batera. Hori gutxi balitz, munduko beste itsasoetatik ekarritako arraina inportatzen hasi ginen eta orokorrean, hemen arrantzatutako arrainari errentagarritasun baxuagoa lortzea ekarri zuen. Arrantzarekiko interes gutxi zeuzkaten politikariek sortu zituzten borraskek, eragin zuzena eduki zuten gure kostaldean, eta euskal ontziteria asko murriztu zen.

Mende aldaketarekin batera, arrantza sektorea hondoratzen hasi zen. Ordutik, gero eta ontzi gehiago betirako amarratu eta hondoratu dira, eta beste erkidego batzuetara saldu dira arrantzatzeko eskubideak. Honekin batera, lehorrean arrantzak sortzen zuen bizitza eta sostengua ere asko aldatu dira. Adibide garbiak izan daitezke, esaterako, portuetan aritzen ziren emakume langileen desagertzea (saregileak, neskatilak, enpakadorak, deskargan aritzen zirenak…) edota kofradien presentzia galera. Gure historian hain garrantzitsuak izan ziren Kofradia hauek, baxurako arrantzaren benetako sinbolo izan diren horiek, egun, bigarren mailako papera jokatzen dute arrantzaren kudeaketari dagokionean. Kofradia batzuk, gainera, desagertu egin dira, Mutrikukoa kasu.

Errealitate honen atzean, arrantza arduratsu eta jasangarriarekin batere kezkarik erakusten ez duten interes ekonomiko eta politikoak daude. Arrantza tradizionala ez zaie sekula interesatu eta industria arrantzan zentratu dituzte euren laguntzak eta ardurak. Atun arrantzan aritzen diren ontzi izozkailu handiek eta hauek kudeatzen dituzten enpresek erakundeetatik jaso duten babesa horren adierazle onena da. Ontzi moderno hauek, munduko itsaso guztietan aritzen dira arrantzan, itsas aniztasunari eta ingurugiroari orokorrean kalte egiten dioten teknikak erabiliz. Hori gutxi balitz, ontzion arrantzaleku asko elikadura arazoak dituzten herrialdeetako uretan aurkitzen dira. Finean, Bermeoko armadoreak sistema honen onuradun nagusienak bihurtu dira.

Agintari publikoek eta Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan mantendu dituzten arrantza politikek barreiatu gaituzte egoera honetara. Bere garaian, bakailaoaren arrantzan aritzen ziren ontziak hondoratzen utzi zituzten. Gero, arrastre arrantzan aritzen zirenak eta orain, baxurako arrantza desagertzen ari den bitartean, askorik interesatzen ez zaiela dirudi. Norbaitek, apropos ari direla ere pentsatu lezake. Bitartean, Bermeo tunidoen munduko hiriburua bihurtu da, altura handiko arrantza holding inportante bat izatera iritsiz. Duela hamarkada gutxi, Bermeoko portuan Kantauri Itsasoan arrantza tradizionalean aritzen ziren 150 (atun)ontzi baino gehiago ikusi zitezkeen. Gaur egun, ez da bat bera ere geratzen.

Tuna-Tour-en-Ametlla-de-Mar-III

Gure portuetan daukagun egoera tamalgarria eta kezkagarria da. Gero eta arrantza ontzi gutxiago daude, eta aldi berean, aisialdiko gero eta ontzi gehiago agertzen dira egunero, arrantzaleari konpetentzia zuzena eginez. Laguntza publikoei esker bizi diren arrantzale profesionalek, kareletik atsekabetuta begiratzen diete euren aldamenean arrantzatzen ari diren ontziei. Arrantzale profesionalek badakite, honek horrela jarraitzen badu, oso zaila izango dela generazio berrien erreleboa bilatzea.

Sektorearen erabateko ondoratzea ikusteko gutxi falta dela dirudi, eta egunero hartzen diren erabakiek egoera kaltetu besterik ez dute egiten. Baliabideen kudeaketan eta arrainaren errendimendu ekonomikoari begira hartzen ari diren erabakiok, ez dute egoera zuzenduko. Besteak beste, arrantzagai diren espezieen kuoten salmenta egoera tamalgarri honen beste adibide bat da. Guztionak diren arrantza baimenok, gutxi batzuek kudeatu eta saltzen dituzte, interes pribatuei erantzunez.

Euskal Herrian ere, kostaldearen eta itsasoaren beraren pribatizazioa aspaldi hasi ziren, eta orain, azeleratzen ari da. Egunotan entzun dugun azken proposamen “berritzailea”, horren adibide garbia da. Itsasoko miloi bat metro karratu pribatizatuko dira, atunak loditzeko. Atun horiek, gure arrantzalekuetan debekatuta dauden teknikekin harrapatuko dira, besteak beste, ingurubilketaren teknikarekin, teknika kaltegarri eta depredatzailea dena. Oraingoz hegamotzarekin probak egingo dituztela esan dute, baina ziur, laster, hegaluzea eta beste espezie batzuekin antzeko saiakerak egingo dituzte.

1990eko hamarkadan euskal arrantzaleek bolanten erabilpenaren eta azken urteotan arrastre pelagikoen aurka egindako borrokak ezertarako balio izan ez duela dirudi, antzeko teknikak erreproduzituko baitituzte hemen. Kapitalari itsasoaren eta kostaldearen bioaniztasuna ez zaio inporta. Eta erabakiak hartzen dutenei ere ez.

Arrantza sektorea salbatzeko bidea ez da multinazional bati guztionak diren kuotak saldu eta errentagarritasuna lortu dezan erraztasunak ematea. Hori, onartezina da. Gure arrantza sektorearen norabidea ezin dute politika hauek markatu. Noraezean gabiltzala dirudi, interes jakin batzuei bakarrik erreparatuz. Ezin dugu onartu kuotak eskaintza onena egiten duen horri saltzea eta interes publikoa merkatuaren joko arauetara makurtzea. Kasu honetan bezala, erakunde publikoak teknika depredatzaileak erabiltzen dituzten multinazional hauen interesei erreparatzen aritzea. Kudeaketa publiko bat eskatzen duten arrantza kuotak gure Kofradietara iritsi behar dira, eta itsasontziok, ingurumena ahalik eta gehien errespetatuko duten teknikak erabiliz arrantzatu dezaten ziurtatu behar dugu. Honekin, ingurugiroa errespetatzeaz gain, elikadura subirautsaren bidean pausuak emanago ditugu.

Jakin badakigu, etorkizunean arrain haztegiek paper garrantzitsua jokatuko dutela gure elikaduran. Gizarteak behar dituen proteinak lortzeko bide erabilgarriak izan daitezke, modu egokian erabiliz gero. Baina Getaria parean egin nahi duten hori, eta orokorrean arrantza politikek erakusten duten norabidea, ez dira batere egokiak. Gure kostatik 12 miliatara Itsas Eremu Babestuak eraiki eta hauek arrain haztegi natural bezala zaintzeak, etekin sozial, kultural eta ekonomiko interesgarriak eskainiko ditu, epe motz eta ertainera. Bizitzak bere bidea egingo du, arrainek euren bizi zikloa garatuko dute eta ondoren, artisau arrantzan erabiltzen diren tresnekin arrantzatzea posible izango da berriro. Behar izatekotan, gainera, gure kostaldetik (ia) desagertu diren arrain espezie batzuek kaiolatan hazteko eta birpopulatzeko aukera ere emango luke egoera berriak. Bixigua horren adibide. Aldi berean, prozesu hau sendotu eta indartzeko Kofradiak indartu beharko lirateke, arrantzaren kudeaketa eta arrainaren merkaturatzearen arduradun jarriaz. Osasun zentroetan, ikastetxeetan eta beste edozein jantokitan jateko moduko arraina harrapatu, kudeatu eta prestatu dezakegu, Euskal Herrian eta Euskal Herritik. Gatibu hazi diren hegamotzakin hori ez da egingo. Euskal Herriak oraindik, badu hau guztia egiteko ahalmena. Borondatea falta da bakarrik, erabakiak norabide egokian hartzeko.

Ondarroa 12milia elkartetik eztabaida serio bat eskatzen jarraitzen dugu. Itsasoa eta arrainak, guztion ondasuna dira. Arrantza, arrantzale profesionalena izan behar da lehendabizi, eta kontsumo ohiturak, guztion interesera bideratu behar dira. Hala, guztion onerako diren politikak diseinatzeko testuingurua prestatu beharra ikusten dugu. Finean, ingurugiroa errespetatu eta Euskal Herriak elikadura subirautsa lortu dezan. Bertatik, bertara.

Leo Belaustegi. Ondarroa 12 Milia