Albistea

  • Bai ospitaleetan behin-behineko aparkalekua eraikitzeari, babes- eta konpentsazio-neurriak hartuta, baina ez aparkaleku hori betikotzeari

    2023-08-28
    Partekatu - Compartelo

    Oriamendipetik hartutako argazki honetan erreka-zuloan baso sarria dagoela ikus daiteke.

    Oriamendipetik hartutako argazki honetan erreka-zuloan baso sarria dagoela ikus daiteke.

    Donostiako Udalak joan den astean iragarri zuen aparkaleku bat egokituko duela ospitaleetan, Osakidetzak protonterapia-zentro eta kanpo-kontsulta berriak eraikitzen dituen bitartean. Beraz, behin-behineko aparkaleku bat. Iragarpena egin eta pare bat egunetara, berriz, alkateak esan du aparkaleku hori behin-behinekoa ez baizik eta behin betikoa izan daitekeela, eta disuasio-aparkaleku gisa funtzionatu dezakeela.

    Eguzkikook baietz esaten diogu behin-behineko aparkalekua egokitzeari, obrek dirauten bitartean ospitaleetara joaten den jendeari zerbitzu hori ere eman behar zaiola uste dugulako. Aparkalekua betikotzeari berriz, ezetz esaten diogu. Hona hemen gure arrazoiak…

    EREMU DEGRADATUTA, BAINA INTERESEKO HABITAT BATEN MUGAN

    Behin-behineko aparkalekua hartuko duen eremua gaur egun degradatuta badago ere, Barkaztegi sagardotegi eta Oriamendi bitarteko erreka-zuloaren ertz-ertzean dago. Eta erreka-zulo horrek natura aldetik badu, bai, interesik. Izan ere, Plan Orokorrean bertan “landaredi interesgarriko habitat” eta “konektagarritasun ekologikorako korridore” gisa sailkatuta dago.

    Geziak seinalatzen du non egokitu nahi duten aparkalekua, erreka-zuloaren ertz-ertzean.

    Geziak seinalatzen du non egokitu nahi duten aparkalekua, erreka-zuloaren ertz-ertzean.

    Gauzak horrela, zera eskatzen dio Eguzkik Udalari:

    – “Kirurgia-operazioa” izan dadila; aparkalekuak, bai eraikuntzan, bai zerbitzuan dagoen bitartean, erreka-zuloari ahal den kalte gutxiena egin diezaion. Adibidez, panpa-lezka edo buddleja davidii bezalako espezieak ugariak dira gaur egun aparkalekua hartu behar duen eremuan. Lanak tentuz egin ezean, inbaditzaileak erreka-zuloan are gehiago sartzeko arriskua dago. Isurketek ere kezkatzen gaituzte, likidoek zein horrelakoetan maldan behera “irristatzen” diren obra-hondakinek. Halaber, aparkaleku eta erreka-zuloaren artean bertako zuhaitz eta zuhaixkekin osatutako hesi bat altxatzea egokia izan daitekeela iruditzen zaigu. Eta aparkalekua eraikitzeko bota behar diren zuhaitzak –izan ere, dagoeneko hainbat bota dituzte– ordezkatzeko neurriak hartu behar dira.

    – Behin-behineko aparkaleku-funtzioa betetzeari uzten dionean, hau da, protonterapia-zentro eta kanpo-kontsultak (berez dagozkien aparkalekuekin) eraikita daudenean, eremua naturalizatzea eta parke publiko bihurtzea. Parke publikoa da ospitaleetan gaur egun ez dagoen ekipamendu-tipo bat, oso-oso beharrezkoa. Eta, gure ustez, komeni da Udalak erabaki hori hartzea behin-behineko aparkalekua eraikitzen hasi baino lehen. Izan ere, eremu hori etorkizunean parke publiko izango dela jakiteak eragina izan dezake behin-behineko aparkalekuaren diseinu edo materialetan.

    BERDEGUNEAK GEHIAGO BEHAR DIRA OSPITALEETAN TRAFIKO PARASITOA BAINO

    Hau da, ez dugu ikusten inolako beharrik behin-behineko aparkalekua disuasio-erabilera duen behin betiko aparkaleku bihurtzeko. Halaber, komenigarria denik ere ez zaigu iruditzen.

    Ez dugu beharrik ikusten, inguru hartan bertan badagoelako beste disuasio-aparkaleku bat, Illunbekoa, urtean zehar oso erabilera mugatua duena.

    Ez zaigu komenigarria iruditzen ospitaleek nahikoa trafikoa erakartzen dutelako berez, bertan ematen diren zerbitzuei lotuta, eta ez dutelako disuasio-aparkalekuak erakarriko lukeen trafiko parasitoaren beharrik. Alegia, ez zaigu iruditzen komenigarria denik osasun-eraikinen artean behar baino auto gehiago ibiltzea.

    Laburbilduz, epe laburrean, ospitaleek aparkalekua behar dute, baina, aurreikusitako lanak amaituta, gehiago behar dituzte berdeguneak disuasio-aparkalekuak baino. Izan ere, kexu gara, arrazoi osoz, gainera, itxura guztien arabera gero eta ohikoagoak izango diren bero-boladekin, baina Udalak oraindik ez omen du bere praxian barneratu horiei aurre egiteko modurik erraz eta eraginkorrenetako bat zuhaitzak eta, oro har, berdeguneak direla.

    ANOETAKO ESTADIOAREN INGURUAN BOTATAKO ZUHAITZAK ORDEZKATU GABE JARRAITZEN DU DONOSTIAKO UDALAK

    Aurreko paragrafoan aipatutako ideiarekin lotuta, eta ospitaleak Anoetatik oso urruti ez daudela kontuan izanik, Eguzkik Udal Gobernuari eskatu nahi dio estadioa handitu zenean bota ziren 150 zuhaitzak behingoz ordezkatzeko.

    Eskaera hau 2022ko maiatzean ere egin genuen, Udalak estadioaren ingurua berrurbanizatzeko 7 milioiko partida onartu zuenean.

    Orduko hartan honako hau esan genuen: “Garbi dago estadioa handitu ondoren, inguruko urbanizazioa biribiltzeko lanak egin behar direla, baina ez da ahaztu behar estadioa handitzeko 150 zuhaitz bota zirela. Beraz, estadio inguruko eraztun berde hori, behintzat, berreskuratu egin behar da. Amara dentsitate handiko auzoa da, berdegune asko ere ez dituena. Eraztun berde hori, behintzat, berreskuratu egin behar da. Gainera, gaur egun estadioaren inguruak duen ‘porlanezko basamortu’ itxura leuntzen lagunduko du”.

    Bada, porlanezko basamortuak hor jarraitzen du, bero sapak hartutako egun hauetan inoiz baino ageriago. Noiz arte?

    EGUZKI, 2023ko abuztua

    Los puntos rojos sobre el plano representan a los árboles que fueron eliminados con ocasión de la ampliación del estadio.

    Puntu gorriek adierazten dituzte botatako zuhaitzak.


    Partekatu - Compartelo