Albistea

  • Eguzkik alegazioak egiteko epea luzatzea eskatu du

    2023-09-06
    Partekatu - Compartelo

    Iturria/Fuente: El Correo

    Iturria/Fuente: El Correo

    PAPRESA paper-enpresak, 2018tik 2022ra bitarteko epe laburrean, bere instalazioak aldatzeko 3 eskaera izapidetu zituen administrazio eskudunarekin. Horrela egitea, eta ez aldaketa orokor gisa, legeriari iseka egiteko ahalegin moduan interpreta daiteke, zatikatuta egitean, ingurumenaren ikuspegitik eta pertsonen osasunerako izapide zorrotzagoak saihesteko. Gogoratu behar da enpresa honek kutsagarria izan daitekeen jarduera bat egiten duela, Errenteriako hirigunean dagoela, ingurumenari eta auzokideen osasunari dagokienez sortzen dituen eraginei buruzko kexak etengabeak direla eta, egindako azken aldaketekin, murriztu beharrean, handitu egin direla.
    Nahikoa ez balitz, 2023an, enpresak bere instalazioak aldatzeko beste izapide bat hasi zuen, eta, oraingoan, prozedurarik zorrotzenari lotu zitzaion. Horrek ingurumen-eraginaren ebaluazioa (IEA) egitera behartzen du, eta aukera ematen die elkarteei eta partikularrei espedientean parte hartzeko.
    Aldaketa honen xede den prozedura PAPRESAk saihestu ezin duen legezko betebeharra bada ere, jendaurrean salatu besterik ezin dugu egin Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak alegazioak aurkezteko 30 egun balioduneko epea bakarrik ezarri duelako. Alde horretatik, ikusirik espedientea osatzen duen dokumentazio zabala, haren zailtasun teknikoa eta opor-garaia (abuztua-iraila) alegazioak aurkezteko, Zuzendaritza honi adierazi diogu ez gaudela batere ados erabaki horrekin eta, ondorioz, alegazioak behar bezala prestatu ahal izateko epea luzatzeko eskatu dugu.
    Gure ustez, Zuzendaritza honek nahi badu parte-hartze publikoa, hau da, jendaurrean jartzeak lortu nahi duen helburua, eta ingurumenaren arloan lehentasunezko helburua izanik, ahalik eta eraginkorrena izatea, ezarritako epea luzatu beharko luke, kontuan hartzen badu arestian aipatutako guztia, eta, batez ere, Zuzendaritza horrek dituen giza baliabide eta baliabide material guztiekin ebazpena hartzeko 6 hilabete baino gehiago behar izatearen eta erakunde eta partikularren alegazioetarako, guk daukagun giza baliabide eta baliabide materialen gabezia nabarmenarekin hilabeteko epea ezartzearen artean dagoen aldea.


    Partekatu - Compartelo