Bidasoaren ertzean dagoen Pasquier Brioche (Recondo) lursailaren etorkizuna eztabaidagai
2023-10-27
Partekatu - Compartelo
Duela gutxi prentsan ikusi dugunez, berriro hasi da Brioche-Pasquier lantegiak Bidasoaren ertzean orain okupatzen duen lursailaren etorkizunari buruzko eztabaida. Izan ere, bere ekoizpena Bentak auzoko lantegira lekualdatu ondoren, erabilerarik gabe geratuko da. Nahiago nuke eztabaida benetan irekia izatea, eta a priori baztertu gabe zementuaren, adreiluaren eta asfaltoaren azalera handitzeko proiektuekin talka egiten duten proposamenak, habitat naturalaren kaltetan. Habitat hori, gizaki garen aldetik, gurea ere bada, eta osasuntsu behar dugu. Zergatik ez aztertu serioski zinegotzi baten azken proposamena, ezagutu berri duguna eta txalotu duguna, lurrak enpresarekin trukatzeko aukerari buruz? Argi dagoena da leku desberdinetan eraiki daitekeela, baina badia lehengoratzea badiaren eremuan bakarrik da posible.
Bere garaian ere, enpresaren eta Irungo Udalaren arteko hirigintza-hitzarmenaren aurrean argudiatuz, eskatu genuen sakonki aztertzea marearteko itsasadarraren tarte horretan leku hori Bidasoako eremu naturalera itzultzeko aukera, ingurumena leheneratuz eta Natura 2000 Sarearen babes-eremuan sartuz. Izan ere, Natura 2000 Sareko eremu horren diagnostiko-dokumentuan jasota dago estuarioaren berezko habitatak ez daudela behar bezala ordezkatuta, eta ahal den tokian zabaltzeko eskatzen da.
Lursail hori uholde-arriskuko eremutzat jotzen da Eusko Jaurlaritzaren dagokion dokumentuan, eta, baita eragin negatiboak eta zuzenak dituen lekutzat ere, berotze globalaren ondorioz itsas maila igoko dela aurreikusten baita. Baldintza horiek nahikoak izan beharko lukete han etxebizitzak eraikitzea baztertzeko.
Informazio positiboren bat iritsi zaigu Eusko Jaurlaritza Bidasoako irletako lur batzuk erosteko egiten ari den izapideari buruz. Lur horiek oraindik ingurumenaren aldetik leheneratu gabe daude, nahiz eta 1994. urtetik betetzeke dagoen konpromisoa izan. Arloko sailburuak iragarri zuen (xehetasunik eman gabe) Jaurlaritzak ia 30 milioi euro inbertituko zituela Txingudiko gure badia hobetzeko. Dirudienez, ez gaude funts faltaren aurrean, baina agian bai lehentasunen aurrean. Tokiko eskumen eta interesetatik haratago dauden gaiez ari gara, hala nola biodibertsitatearen galera lehengoratzeko eta bizi dugun krisi klimatikoaren aurrean eragin negatibo handiagoak saihesteko neurriak hartzeko gai globalez ari gara. Herritar bakoitzak, ingurumena zaindu eta hobetzeko, bere aletxoa jar dezakeen eta jarri behar duen bezala, nola ez du edozein administrazio publikok konpromiso hori hartuko, hurbilen dagoen administraziotik, alegia, udaletik hasita.