Albistea

  • Hondakinen gaikako bilketa berandu baino lehen hobetu beharko lukete Irunek eta Hondarribiak

    2023-11-14
    Partekatu - Compartelo

    Europar Batasunak 2025erako ezarritako helburuen azpitik daude biak ala biak

    txingudi4Irunen eta Hondarribian helburu atzeraezina da etxeko hondakinen gaikako bilketa handitzea. Izan ere, aipatutako bi herriak oraindik daude Europar Batasunak alor horretan 2025erako ezarri dituen helburuen azpitik, Gipuzkoako gainerako udalen batez bestekoaren azpitik ere egoteaz gain.

    EGUNGO EGOERA

    Hona hemen hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

    txingudi_eusTaulari erreparatuta ikus daitekeen bezala, Txingudikoa da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen bigarren mankomunitatea, doi-doi San Markokoren aurretik. Doi-doi diogu San Markokori puntu bakarra ateratzen diolako, eta ez da begi-bistatik galdu behar San Markokoren datua Donostiako emaitza izugarri kaxkarrek (%41,10) oso apalduta dagoela.

    Irunen, 2022ko gaikako bilketa %50,85 izan zen; Hondarribian, berriz, %50,69. Txingudiko Mankomunitateko arduradunek joan den astean adierazi zutenez, datua hobea da, ia %54, baina, aldi berean, aitortu zuten azken bi urteotan atzera egin duela eta hori ”kezkagarria” dela. Ez gara zenbaki-gerra batean sartuko, 50,82 edo 53 eta piku den. Kontua da Txingudi EBk 2025erako ezarritako helburuen azpitik dagoela, baita Gipuzkoako gainerako udalen batez bestekoaren (57,39) nabarmen azpitik ere. Horri gehitzen badiogu Txingudin gaikako bilketak azken bi urteotan atzera egin duela edo, behintzat, estankatu antzean dagoela, ondorioa oso garbia da: neurriak hartu egin behar dira.

    LEGEA

    Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

    Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

    (…)

    c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

    d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

    e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

    Hau da, Txingudiko Mankomunitateak ez du oraingoz bete Legeak 2025erako ezarritako %55eko bilketa. Gipuzkoak, berriz, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuen ehuneko hori. Horrek esan nahi du herri gehienak zintzo demonio ari direla, Donostiako eta neurri apalagoan Irun, Hondarribia eta beste udal batzuen emaitza eskasak kontra dituzten arren.

    ATZERAPEN GEHIAGORAKO TARTERIK EZ

    Beraz, Legea beteko bada, gaikako bilketa handitzeko neurriak berandu baino lehen hartu beharko dira Irunen eta Hondarribian. Nolakoak? Gipuzoako gainerako herrietan orain arte hartu dituzten bezalakoak. Irungo eta Hondarribiko agintariek, Gipuzkoatik atera gabe ere, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu- eta aukera-katalogo zabala dute. Gure aldetik, kontu bat bakarrik: oraingoan ez da nahikoa izango “kontzientziazio-kanpaina” berri bat egitea eta herritarrei beraien borondatez “ingurumenaren aldeko pauso berri bat” eskatzea. “Kontzientziazio-kanapainak” beharrezkoak izan daitezke, baina mugak ere badituzte. Txingudin Gipuzkoako beste herrietan baino gutxiago birziklatzeak ez du esan nahi bertako bizilagunek ingurumenarekiko kontzientzia-maila apalagoa dutenik, ezta hurrik eman ere. Eskarmentuaren argitan lasai asko esan daiteke herritarren kontzientzia birziklatzeko garrantzitsua dela, noski, baina sistema da erabakigarria. Gutxienezko gaikako bilketa lortzea ahalbidetzen duen sistema ezartzea agintarien erantzukizuna da, eta horiek, agintariek, ezin dute erantzukizuna saihestu eta “kontzientziazio-kanpaina” baten bitartez herritarren bizkar utzi. Beraiek, agintariek, ezarritako sisteman islatu behar da ingurumenarekiko duten erantzukizun- eta kontzientzia-maila. Neurri eraginkorrik hartu gabeko “kontzientziazio-kanpainak” propaganda huts dira, egingo balute bezala egitea, baina benetan egin gabe. Greenwashing, alegia. Alde horretatik, ez da batere esperantzagarria Irungo alkate eta Mankomunitateko presidente Jose Antonio Santanok esandakoa. Izan ere, esan du orain arteko bide beretik jarritzeko asmoa dutela, “momentuz”, neurririk hartu gabe. Gauzak horrela, Einstenek esan omen zuen bezala, “baldin eta beti gauza bera egiten baduzu, nekez espero dezakezu emaitza desberdina”.

    Berez, ez dira errefusa, nahastutako hondakinak baizik.

    Berez, ez dira errefusa, nahastutako hondakinak baizik.

    Laburdilduz, Irunek eta Hondarribiak ez dute zertan bat egin Gipuzkoan hondakinen gaikako bilketaren abangoardian dauden herriekin –nahiz eta guk hori txalotuko genukeen. noski–, baina legez ere gutxienezko batzuk bete behar dituzte, eta epe laburrean, gainera, 2025 baino lehen.

    Gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik.

    EGUZKI, 2023ko azaroa


    Partekatu - Compartelo