Albistea

  • 2024an ere birziklatzaileak zabor-tasa finkoaren bidez zigortuko ditu Lasarte-Oriako udal gobernuak

    2023-11-23
    Partekatu - Compartelo

    Propaganda-kanpainetan, udal gobernuak dio birziklatzea oso garrantzitsua dela. Alabaina, zabor-tasa finkoaren bidez, oso bestelako mezua bidaltzen ari da.

    Propaganda-kanpainetan, udal gobernuak dio birziklatzea oso garrantzitsua dela. Alabaina, zabor-tasa finkoaren bidez, oso bestelako mezua bidaltzen ari da.

    2024an ere birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek zabor-tasa bera ordainduko dutela erabaki du Lasarte-Oriako udal gobernuak. Etxean hondakinak gaika biltzen dutenei hobari edo deskonturen bat egiteko aukera berriro datorren urtera arte atzeratu du, urtero egiten duen bezala. Izan ere, hobarien aukera mahai gainean dago 2017an bosgarren edukiontzia ezarri zenetik, baina, azkenean, udal gobernuak beti tarifa finkoa hobesten du.

    Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Kontuan izan behar da hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen dela. Alde horretatik, oso argigarriak dira San Marko Mankomunitateko honako tarifa hauek: tona bat organiko, 151,30 euro; tona bat errefusa edo, hobeto esan, hondakin guztiak nahastuta, 189,13 euro. Hau da, gaika bildutako hondakinen tratamendua merkeagoa da (eta are merkeagoa izan beharko luke). Beraz, hondakinak gaika biltzen ez ditugun neurrian edo nahastuta biltzen ditugun neurrian, dirua zuzen-zuzenean zaborretara botatzen ari gara. Tarifa finkoaren bidez, berriz, udal gobernuak lortzen du zaborretara doan diru hori neurri berean izatea gaika biltzen dutenena eta dena nahastuta biltzen dutenena, bereizketarik gabe.

    Hondakinak edukiontzi grisean nahastuta sartzen diren bakoitzean, dirua zaborretara botatzen ari gara. Eta diru hori birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek neurri berean ordaintzen dute, bereizketarik gabe.

    Hondakinak edukiontzi grisean nahastuta sartzen diren bakoitzean, dirua zaborretara botatzen ari gara. Eta diru hori birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek neurri berean ordaintzen dute, bereizketarik gabe.

    Udalak propaganda-kanpainak egiten ditu, herritarrak birziklatzera animatzeko, “kontzientziatzeko”. Baina tarifa finkoaren bidez herritar horiei berei bidaltzen dien mezua oso-oso bestelakoa da, praktikan birziklatzaileak zigortu eta ez-birziklatzaileak saritzen dituelako.

    2024an zabor-tasa %30 igotzea ere erabaki du udal gobernuak. Izugarrizko igoera da, ezbairik gabe. Hondakin Lege berriaren ondorio dela argudiatu du udal gobernuak. Bada, Hondakin Lege berri horrek berak, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioari jarraituz, sortutako hondakin kopuruaren araberako ordainketaz eta birziklatzaileen tasak murrizteko aukeraz ere hitz egiten du. Baina Lasarte-Oriako udal gobernuak igoera bai, baina bestea, berriz, oraingoan ere, “datorren urterako” uztea erabaki du.

    EGUZKI, 2023ko azaroan


    Partekatu - Compartelo