Albistea

  • Oberan-Urdaburun, Aiako Harriko Parke Naturalean, kontrolik gabeko ganaduak eragindako kalteak salatu ditu Eguzkik

    2023-11-28
    Partekatu - Compartelo

    2021ean Donostiako Udalak Oberan mendian basoa biziberritzeko sartu zituen landareen heren bat, behintzat, alferrik galdu da.

    2021ean Donostiako Udalak Oberan mendian basoa biziberritzeko sartu zituen landareen heren bat, behintzat, alferrik galdu da.

    Donostiako udalak Eguzki erakunde ekologistari baieztatu dionez, 2021etik gaur egun arte behin eta berriz eragiten ari dira kalteak Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan, Oberango udal-mendian, zaharberritzen ari diren basoetan. Aipatutako kalteen jatorria lursailetan eta baso landaketetan sartzen diren ardi solteen presentzia da.

    Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari (Aiako Harriko Parke Naturaleko administrazioa) eskatzen dio lehenbailehen jardun dezala abere horiek kentzeko eta haren jabeari eskatzeko babestutako naturgune horretako ondare publikoan eta biodibertsitatean sortutako kalteak ordain ditzala, aisialdiko abeltzain jakin batzuek duten zigorgabetasuna geldiarazteko. Era berean, Eguzkik kalte horien arduradunak identifikatzeko eskatu du.

    Eguzkik salatu ditu, bai kontrolik gabeko abereak larreetatik kanpo egotea eta bai Gipuzkoako baso natural urrien eta zigortuen birsortze naturalaren gaineko mehatxu hau, are gehiago baso-politika negargarriak, laguntza publiko okerrek eta baso-jabe askoren zekenkeriak dagoeneko oso murriztuta baitaude baso hauek.

    Era berean, parke naturaleko foru-administrazioari eta udalei gogorarazten die Natura 2000 Sarean babestutako ondare naturala zaintzeko eta arau-hausleak, aisialdiko abeltzainak izan edo izan, jazartzeko betebeharra. Eta habitat naturalen aurkako eraso horiek berriro ez errepikatzea. Hirigintza-, zerga- edo trafiko-diziplinaren arloan egiten den bezala. Eta berriro eskatzen diogu Donostiako udalari iker, identifika eta erreklama ditzala partikularrek Oberan-Urdaburu mendian eragindako kalte ekonomikoak, inolako eskrupulurik gabe.

    Eguzki, 2023ko azaroan


    Partekatu - Compartelo