Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa. Denok greba feminista orokorrera!

unnamed

Garapen, ongizate eta modernitatearen erreferentetzat edota oraintsuago, klima erronkei aurre egiteko elementu gisa inposatzen ari zaizkigun abiadura handiko trena bezalako azpiegitura handi eta desarrollistek, diru kopuru handia behar dute planifikazio, eraikuntza, mantenu, eragindako galerak estali eta erantsitako gainkostuetarako. Dirutza hori, beste zenbait alor (gizarte zerbitzuak, lehen sektorea, hezkuntza, kultura…) gutxietsi eta estutuz, bertako natur ondarea salduz eta suntsituz, desoreka bidegabean antolaturiko mundu honetan egoera zaurgarriagoetan dauden herrialdeen ondasun eta pertsonak ustiatuz, mugiaraziz eta menperatuz, AHTaren eraikuntzan zuzenean ari diren langileak zukutuz edota zeren truke jaso diren ez dakigun diru publikoz hornituriko Europako kobid osteko funtsetatik eskuratzen da. Zuzenago edo zeharkago zaintzarekin harremana duten esparruetatik alegia.

Zaintza denontzako funtsezko gaia izan arren, denok beharko dugulako zainduak izan eta zaintzan parte hartu, datuek zabal eta argi erakusten dute, bizitzari eutsi ahal izateko bizkarrezurra den gaian, aitortzarik eza, ikusiezintasuna, ezin aukeratzea, muturreko prekaritatea eta abusoa nagusitzen direla, besteak beste. Mendeetan emakumeen gain, orohar, ezarri den zama hori, egun ere, nagusiki, kolektibo zaurgarrienen lepotik asetzen da, emakume etorkin eta arrazializatuen kontura hain zuzen ere.

Egoera kezkagarri hau ez da soilik pertsonen arteko zaintzan gertatzen, egungo jendarte ereduan, bertan zein mundu zabalean, inguratzen gaituzten gainontzeko bizidun eta ingurunearekiko zaintza eta zaintzaileak ere jazarriak dira behinik behin, erahilak ere bai leku batzuetan, mozkinak etengabe eta nolanahi eskuratzeko asmoak kolokan ipintzen dituztenean.

Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zaigu, alde batetik, jendarte kapitalistaren ereduaren ikur den abiadura handiko trena eta berari loturik dakartzan beste hainbat azpiegitura, bizimodu eta erabakiak, eta bestetik denok bizi baldintza duinak izan eta denon premiak inor zapaldu gabe asetzeko berariazko borondate faltaren arteko lotura azaleratzea. Batetik lapurtzen denak elikatzen baitu bestea. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko mugimendu feministari denon bizitzak erdigunean ipintzeagatik ardatz modura eta horrekin lotuta, azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde deitu duen greba orokor feministarekin bat egin nahi dugu, horren baitan Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa nabarmenduz.

Lurraren zaintza kolektiboarena alde, AHT eta hau bezalako azpiegitura txikitzaileen kontra jarrai dezagun borrokan!