Albistea

  • Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babesteko erabakia ospatu du Eguzkik

    2024-01-02
    Partekatu - Compartelo

    Proposamenari buruzko azalpenak ematen Ulian barrenako martxa bateko parte-hartzaileei.

    Proposamenari buruzko azalpenak ematen Ulian barrenako martxa bateko parte-hartzaileei.

    Eguzki talde ekologista pozik da Gobernu zentralak Europako Batzordeari “Jaizkibel-Capbreton itsas eremua” babesteko proposamena egin diolako (*). 1.500 km²-ko eremua da, kostatik –Igeldoko itsaslabarretatik Higer lurmuturreraino– itsasorantz zabaltzen dena, 2.000 metroko sakonera duen Capbretongo hobiraino.

    Zehatz-mehatz, Gobernuak Europari eskatu dio eremu hori (eta Gibraltarren, Kanarietan, Galizian, Balear Uharteetan edota Katalunian dauden beste batzuk) Batasuneko Garrantzizko Leku izendatzeko eta Natura 2000 Sarean sartzeko.

    Ulia eta Jaizkibel aurreko uretan dagoen biodibertsitate pelagikoa babesteko proposamena 2010ean abiatu zen, Oceana nazioarteko fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak elkarrekin egin zuten txosten zientifiko bat oinarri hartuta. Hainbat taldek, tartean Eguzkik, proposamena berehala geure egin genuen eta urte hauetan guztietan itsas erreserba errebindikatu dugu, are gehiago kontuan izanik Hego Euskal Herrian itsas eremu babestuen eskasia oso-oso deigarria dela.

    Jaizkibel-Capbreton itsas eremua, Boletin Ogizialean ageri den irudiaren arabera.

    Jaizkibel-Capbreton itsas eremua, Boletin Ogizialean ageri den irudiaren arabera.

    Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babesteko arrazoi nagusia Europar Batasunak garrantzizkotzat jotzen dituen espezie eta habitat naturalak bertan izatea da, hala nola, itsas ugaztunak (izurde handia, Tursiops truncatus, kasu), arrezifeak eta urpeko leizeak. Oro har, arrantza-baliabideei eta biodibertsitateari eusteko funtsezko ekosistemak dira.

    Kontuan izan behar da, gainera, Jaizkibel-Cabreton itsas eremu horren ondo-ondoan, Lapurdiko itsasertzaren aurrean, badirela babestuta dauden beste eremu batzuk. Guztiak batuta, Atlantikoko eremu babestu handienetako bat eratu daiteke.

    Gobernu zentralak hartu duen erabakia ez da behin betiko urratsa, baina bai oso urrats garrantzitsua. Ea Europak proposamena laster onartzen duen eta ospatzeko aukera dugun.

    Nolanahi ere, behin izendapena onartuta, jarduerak arautu beharko dira. Arautze horrek lagundu beharko luke gaur egun eremu horretan dauden hainbat arazo konpontzen, hala nola, hondakin-uren saneamenduan dauden gabeziak, meurriz gaineko arrantza, itsasertzaren artifizializazioa, jarduera nautiko gehiegizkoak, hondakin solidoak edota kontrolik gabeko urpekaritza.

    EGUZKI, 2024ko urtarrila

    (*) Hona hemen Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren aginduaren esteka: BOE-A-2023-26741 Orden TED/1416/2023, de 26 de diciembre, por la que se aprueba la propuesta para la inclusión de seis espacios marinos protegidos en la lista de lugares de importancia comunitaria de la Red Natura 2000 y se declaran dos zonas de especial protección para las aves en aguas marinas españolas.


    Partekatu - Compartelo