Abiadura Handiko Trenaren aurkako eta Tren Publiko eta Sozialaren aldeko mobiliazio berriak

Larunbatean, hilak 20, Abiadura Handiko Trenaren aurkako martxa berri bat egingo da Iruñean, AHT Gelditu Nafarroak antolatuta. Lema, honako hau: “Lurraren zaintza guztion zaintza da! Kontuz AHTrekin!!! Hitzordua 12etan, Diputazioaren aurrean.

Deialdiaren testu osoa irakurri nahi baduzue, hemen aurkituko duzue: (2) Facebook

Bestalde, aste honetan bertan jakin dugu Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek AHTren aurkako eta Tren Publiko eta Sozialaren aldeko dinamika bat abiatu dutela Lautadan, Sakanan eta Goierrin.

Lehenengo urratsa bihar ostiralean bertan izango da, hilak 19. Elkarretaratzeak egingo dira hainbat herritan. Hona hemen hitzorduak: 18:30tan Arabako Manzanosen, tren geltokian, eta 19:00etan  Agurainen, Errege Atarian; 19:00etan ere Nafarroako Altsasun, Udaletxean, Izurdiagan, tren geltokian, eta Otxobin, jauregi ondoan; 19:30ean Beasainen, tren geltokian.

Bigarren urratsa izango dira otsailaren 22tik 25era egingo diren Tren Publiko eta Sozialaren aldeko jardunaldiak.

Dinamika biribiltzeko, apirilaren 20 manifestazio bat egingo da Altsasun.

Dinamikaren helburua da AHTa ez baizik eta sortu duten alternatiba bat ezagutaraztea eta erreibindikatzea. Alternatiba hori, hiru bide-ingeniarik idatzia, egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu. Gainera, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoa du.

Informazio gehiago: Aprilak 20, manifestazioa: Alternatibaren alde. Herritarron hitza errespetatu (lahaine.org)

Vitoria Solar 1 eta 2 makroplantak baimendu ditu Jaurlaritzak, berak proposatu duen Energia Berriztagarrien Planaren arabera legez kanpokoak liratekeen arren

Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoen proiektuei aurreneko administrazio-baimenak eman dizkio Jaurlaritzaren Industria sailak. Proiektu horien bitartez, 90.048 eta 90.074 eguzki-panel ezarri nahi dituzte Gasteizen, Burgelun eta Arratzua-Ubarrundian. Guztira, 49,9 eta 49,99 megawatteko potentzia. Kontua da panel horiek guztiak nekazaritza-lursail emankorretan ezarri nahi dituztela, baita ureztatzeko batzuetan ere. Eta hori, gaur egun Jaurlaritzaren beraren ekimenez izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala onartuta balego, legez kanpokoa litzateke. Hau da, Jaurlaritzak Solar 1 eta 2 bezalako kasuetan jokatzeko modu bat proposatzen du, baina, bitartean, guztiz kontrakoa egiten du, eta proiektuari administrazio-baimenak eman dizkio.

Eguzki talde ekologistak benetan deitoratzen du jokatzeko modu hori. Gure iritziz, hau eta beste proiektu fotovoltaikoen gainetik, Arabako lur emakorrenak babestu egin behar dira. Are gehiago kontuan izanda panelak kalte egin gabe ezartzeko alternatibak egon badaudela, adibidez, lugorrietan edota industriaguneetako teilatuetan.

Lur emankorrenak direla ez dugu guk asmatu. EAEko Nekazaritzako Plan Sektorialak balio agrologiko estrategiko handikotzat jotzen ditu Solar 1 eta 2ren eraginpeko lursail gehienak. Eta gaur egun izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektorialak espresuki debekatzen du parke fotovoltaikoak balio estrategiko handiko lursailetan ezartzea. Balioa eta lurzoru emankorra galtzeak modu larrian eragiten die elikadura-subiranotasunaren, tokiko ekoizpenaren eta tokiko ekoizpen eta kontsumo katearen helburuei, edo 0 km.

Baina, esan bezala, Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala izapidetzen ari da, ez dago oraindik onartuta, eta, hain justu, horixe argudiatu du Jaurlaritzak alegazioei muzin egiteko. Gure ustez, berriz, Plana onartu bitartean ez lukete horrelako administrazio-baimenik eman beharko. Bestela, Plana onartzen denerako, harekin bat ez datozen hainbat proiektu onartuta egoteko arriskua dago. Ekintza burutuak, alegia.

Eguzkiren iritziz, balio estrategiko handiko lurrak nekazaritza-erabilerarako gorde behar ditugu, eta, horregatik, kasu honetan jokatu duen bezala jokatuta, salatzen dugu Jaurlaritzak uko egin diola nekazaritza-balio handiko lurzorua babesteko duen betebeharrari (Nekatzaritzako Planak berariaz adierazitako helburua da).

Jaurlaritzak aurreneko baimena emanda, Solar 1 eta 2 proiektua orain Aldundiak aztertu behar du. Beraz, badira oraindik egin behar diren beste tramite urbanistiko eta administratibo batzuk proiektua gauzatzen hasi baino lehen. Bide horretan zeresana duten erakunde guztiei balio agrologiko handiko lursailak babesteko eskatzen diegu, eta, ondorioz, proiektu hoiei baimena ez emateko.

EGUZKI, Gasteizen, 2024ko urtarrilaren 15ean