Albistea

  • Urkulluren gobernuak bere azken bileran angulak arrantzatzea baimendu duela salatu dute ekologistek

    2024-06-19
    Partekatu - Compartelo

    Angula-arrantza profesionalizatzeko dekretua onartu zuen atzo Urkulluren gobernuak bere azken bileran. Dekretuaren bidez, Jaurlaritzak iskin egin nahi dio Europar Batasunak 2023ko urtarrilean angularen aisialdiko arrantzaren gainean ezarri zuen debekuari; izan ere, aisialdiko arrantza izan da azken urteotan Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean egon den angula-arrantza mota bakarra.

    Debekua onartu izana kontseilari berriari zabalean egindako dejada da, zeren eta talde ekologistok dagoeneko dekretua bertan behera uzteko eskaera idazten ari baikara, kontseilari berriak, edozein dela ere, mahai gainean izan dezan kargua hartu bezain pronto. Kontseilari berriak aukera bikaina izango du erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen duen ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez den.

    Aingira europarraren egoera benetan larria da, kritikoa (*). Gauzak horrela, angulak arrantzatzea biodibertsitateari ageriko erasoa da, hain agerikoa ezen Jaurlaritzak “zelata-arrantza” edo “arrantza zentinela” kontzeptuaz morzorrotu duen. Horren arabera, arrantza profesionalak balioko luke espeziearen bilakaera zelatatzeko edo behatzeko, eta, azken batean, horrek kontserbazioan lagunduko luke. Alegia, Jaurlaritzak ziria sartu nahi digu. Sinetsarazi nahi digu angula modu profesionalean, hau da, irabaziak helburu, arrantzatuko dela… baina soil-soilik espeziearen beraren hobebeharrez.

    “Zelata-arrantza” kontzeptua koartada bat besterik ez da. Espeziearen populazioen jarraipena egiteko ez dago zertan angulak uretatik atera, are gutxiago urre-prezioan saltzeko eta jateko. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aingira Berreskuratzeko Plan Integralak espeziearen populazioen jarraipena egitea du oinarri, eta, hala ere, ez du inolako “zelata-arrantzarik” aurreikusten. Are gehiago, espresuki debeketazen du aingirak ur kontinentaletan arrantzatzea. Eta aukera aprobetxatu nahi dugu kontraesana agerian uzteko: Aldundiak, begi-bistako kontserbazio-arrazoiengatik, ibai eta erreketan aingirak harrapatzea aspaldi debekatu zuen; Jaurlaritzak, berriz, errio edo itsasadarretan aingiren kumeak, angulak, arrantzatzen jarraitzeko dekretua onartu du. Hitz gutxitan: “zelata-arrantza” kontzeptuak galzorian dagoen espezie baten harrapaketa “errespetagarritasun zientifikoz” eta, nola ez, “iraunkortasunaz” mozorrotzea beste helbururik ez du.

    Gauzak horrela, arestian esan bezala, Eguzki eta Mutriku Natur Taldea dagoeneko dekretua bertan behera uzteko eskaera idazten ari gara, kontseilari berriak, edonor dela ere, mahai gainean izan dezan kargua hartu bezain pronto. Gauzak onbideratzeko eta aingira Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sartzeko eskatuko diogu. Izan ere, hori da galzorian dagoen aingirari dagokion lekua, aspalditik, gainera.

    EGUZKI TALDE EKOLOGISTA eta MUTRIKU NATUR TALDEA, 2024ko ekaina

    (*) Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik, eta hori nabarmendu beharra dagoela iruditzen zaigu. Hona hemen datu adierazgarri bat: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

    @Chikichanka

    Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edota ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak.

    ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

    Eta, hala ere, jarraitzen dugu aingirak eta angulak arrantzatzen eta jaten.


    Partekatu - Compartelo