Albistea

  • Sutea Indumetal Recycling-en: egiteko era desegokien adierazlea.

    2024-08-21
    Partekatu - Compartelo

    Berriro gertatu da. Sutea piztu da abuztuaren 15ean Bilboko metropoli-barrutian produktu kutsagarriak kudeatzen dituen enpresa batean, Erandioko Indumetal Recyclingen, hain zuzen ere. bI langile zauritu ziren eta egun bere onera etorrita egotea espero dugu.

    Agintariek inguruko bizilagunei jakinarazi zieten, leihoak itxi eta kea arnastea eragozteko. Ordu batzuk geroago, alerta desaktibatu zuten.

    Eguzkikoi ulergaitza egiten zaigu horrelako gertakariak hain sarri gertatzea, ustez beste munduko ondorik ez dutenak. Honakoa aurtengo hirugarren sute izan da, geuk gogoratzen dugula behintzat:

    •26.04.2024: Profersa eta Sader (Bilbo), ongarriak eta birziklatze industria, hurrenez hurren.

    •2024-05-12: Profersa eta Sader (Bilbo), berriro.

    •2024-08-15: Indumetal Recycling (Erandio), birziklatze-industria.

    Eta laugarren sute bat ere gehi dezakegu urtebetetik beherako epean:

    •08.10.2023: Prezero (Bilboko Portua, Zierbena), birziklatze-industria.

    BOmberos en Indumetal, tas apagar el incendio. Fuente: EITB

    Kopuru garrantzitsua dela uste dugu, Euskal Herriko biztanle kontzentrazio handienari (860.000 biztanle inguru) eragiten diona edo/eta estualdian mantentzen dituen gertakariak direla kontuan hartzen badugu. Hala ere ia inoiz ez da ezer gertatzen, ez suteen iturburu diren enpresei behintzat. Noizbehinka, isunen bat eta neurri zuzentzaileak falta arinagatik. Indumetal Recycling da salbuespena, hain zuzen ere: duela hilabete batzuk ingurumen delituagatik zigortu zuten, frogatuta geratu zelako 2013tik 2016ra, gutxienez, bere jarduera garatu ahal izateko lege eskakizunak “sistematikoki” urratu zituela. Izan ere, zuzendaritzako lau kideri kartzela zigorrak ezarri dizkiete —gertaerak aitortu dituzte—, baina kondena neurri batean bertan behera utzi dituzte, besteak beste, auzitegiak aintzat hartu duelako prozesua luzatu izana —zortzi urtez luzatu da prozesua—. Edonola ere jada esaten dugu salbuespena dela, eta, azken finean, enpresek betiko jarduteko erarekin jarraitzen dute lanean eta kudeatzen.

    Jakina, ez dugu alde batera utzi nahi auzo elkarteek Profesa eta Sader Bilbotik ateratzeko egiten duten lana (goraipagarria eta esker txarrekoa), baina ezer ez dela gertatzen esaten dugunean, administrazio publikoan jartzen ari gara fokua, oro har, eta Eusko Jaurlaritzan, eskumenaren kudeatzaile gisa, bereziki.

    Indumetal Recycling 2021

    Egoera larria dela uste dugu. Bilbon eta bere metropoli-eremuan kutsatzeko ahalmen handia duten enpresa ugari daude, eta horietako batzuk oso adierazgarriak dira beren sektorean:

    -Zabalgarbi, etxeko hondakinak edo asimilagarriak kudeatzen dituen erraustegia.

    -Befesa, altzairutegiko hautsak birziklatzen dituen industria hondakinen kudeatzailea.

    -Energiaren sektorean Bahía de Bizkaia eta Santurtzi gas-zentralak ditugu, eta nola ez, Petronor findegia.

    Aipatutakoekin batera, dozenaka dira une batean gure osasuna eta eguneroko zeregina arriskuan jar dezaketen enpresak, eta uste dugu administrazioak, nagusiki Eusko Jaurlaritzak, jarduera horiek kontrolatzeko duen ahalmenaren zati txiki bat baino ez duela erabiltzen. Enpresa horietako askok zehapen-espedienteak izan dituzte eta/edo irekita dituzte, eta normalean balio gutxiko isunekin konpontzen dira (jasotako fakturazioekin eta diru-laguntzekin alderatuz gero), bai eta neurri zuzentzaileekin ere, zeinak maiz ez diren garaiz eta behar bezala gauzatzen. Beraz, enpresa horietako asko ohiko arau-hausleak dira, baita ohiko delitugileak ere.

    Egoera honen aurrean, instalazio horiekiko kontrol handiagoa, zorotzagoa behar da, neurri zuzentzaileak azkar irits daitezen, eta, azken batean, administrazioaren, eskuak dardar egin dezan jarduera gelditzeko garaian, beharrezkoa izanez gero. Herritarrok ikuskatzaileak eta teknikariak behar ditugu, beren lan-egoeraren mende ez daudenak eta une bakoitzeko egoeraren arabera jarduteko ahalmena dutenak. Informazioa publikoa izatea eta kontsultatu nahi duenarentzat eskuragarri egotea behar dugu. Bai, badakigu enpresa horiek diru-sarrerak eta lanpostuak sortzen dituztela. Baina gure lurraldean funtzionatzen badute, ondo egin behar dute, eredugarriak izan behar dute. Eta Eusko Jaurlaritzak izan behar du eredugarritasun horren bermatzailea.

    Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2024ko abuztuan.

    Informazio gehigarria:

    Bilboko Portuan 2022/08/22an su hartutako biodiesel biltegia.

    Hain zuzen ere, egun hauetan beteko da Bilboko Portuko instalazioetan izandako biodiesel-biltegi baten sutearen bigarren urteurrena. Sute hark ke beltzezko zutabe handi bat eragin zuen, 300 metrotik gora igo zen, eta inguruko etxebizitzetako leihoak itxi, Arena eta Muskizko hondartzak hustu eta trafikoa eten behar izan zuten A-8 autobidean, N-644 eta N-639 errepideetan eta porturako sarbide guztietan. Nahiz eta, gure ustez, gertakariaren larritasuna nabarmena izan, apenas izan zuen oihartzunik.        https://eguzki.org/es/2022/09/02/sekulako-sutea-piztu-da-bilboko-portuan-baina-ez-omen-da-ezer-gertatu-guzti-guztia-normala-da-eta/


    Partekatu - Compartelo