Albistea

  • Asensiok berriz ere ziri potoloa sartu nahi digu, oraingoan saneamenduaren alorrean

    2017-03-23
    Partekatu - Compartelo

    Dama Berdeko zubia, Tolosan, Oria gainean. Ezkerreko zubi-begia ez da, berez, zubi-begi bat, Zelai ibaiak Oriarekin bat egiten duen lekua baizik.

    Dama Berdeko zubia, Tolosan, Oria gainean. Ezkerreko zubi-begia ez da, berez, zubi-begi bat, Zelai ibaiak Oriarekin bat egiten duen lekua baizik.

    Uraren Munduko Eguna dela eta, Ingurumen diputatu José Ignacio Asensiok zera esan du: “Europako saneamenduko sistema onenetako bat dauka Gipuzkoak”. Badakigu politikoek, oro har, errealitatea beraien interesen arabera moldatzeko berebiziko gaitasuna dutela, baina zer premia, zer “nezesidade” zuen Asensiok horrelako ziri potoloa sartzen ibiltzeko? Ikus dezagun…

    Azken hamarkadetan saneamendu-kontutan aurrera egin dela begi-bistakoa da (egia esan, besterik ez genuen behar), baina hori bezain begi-bistakoa da oraindik asko direla ibaietara araztu gabe isurtzen diren ur zikinak, nahiz eta Europar Zuzentarauak arazo horiek aspaldi konponduta egon behar zutela agindu. Horra hor, adibidez, Mutrikuko Mijoa erreka, zuzen-zuzenean Saturrarango hondartzan isurtzen duena; Pasai Donibaneko saneamendua, badia biziberritzeko planetan beti “ahaztua”; edo Zelai ibaian dauden eta Asensio tolosarrak bertatik bertara ezagutuko dituen gabeziak, Zelaik Oriarekin bat Tolosan bertan egiten baitu .

    Isuri hauek eta beste batzuk (*) Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoarekin saneamendu-alorrean duen zorraren ondorio dira. Zorra, bai, Jaurlaritzak ez duelako bete orain dela hamar urte hartutako konpromisoa. Gainera, ez du ematen kitatzen hasteko inolako asmorik duenik, eta horren lekuko da Urkulluren gobernu berriaren aurrekontu-zirriborroa.

     

    Gauzak horrela, Asensiok zera esatea zuen: “Azken urteotan saneamendu-kontutan asko aurreratu dugu eta aurreratzen jarraitzeko asmo sendoa dugu”, edo horrelako zerbait. Izan ere, nekez espero dezakegu diputatuak Jaurlaritzari zorra erreklamatzea, are gutxiago Ingurumen kontseilari berria haren alderdikide Iñaki Arriola dela kontuan izanik. Baina, arestian esan bezala, zer “nezesidade” zuen Gipuzkoak Europako ur saneamenduko sistema onenetako bat daukala esaten ibiltzeko? Arrazoi bakarra bururatzen zaigu: ziri potoloak sartzen ibiltzea adiktiboa da, eta Asensiok jarduera horri gehiegizko gustua hartu dio. Erraustegia ofizialki “ingurumen gune” bataiatu zuenean, marka oso goian jarri zuen, eta, jakina, hortik aurrera, dena maldan behera.

     

    EGUZKI, 2017ko martxoa

     

    (*) Gipuzkoan Jaurlaritzak gauzatzeko dituen saneamendu-proiektuei buruzko informazio zehatzagoa:

    http://eguzki.org/2017/01/11/gipuzkoako-ibaien-saneamendua-eta-jaurlaritzaren-zorrak/


    Partekatu - Compartelo