Gipuzkoako ibaien saneamendua eta Jaurlaritzaren “zorrak”
2017-01-11
Partekatu - Compartelo
Eguzkik salatu du aspalditik pendiente diren hainbat saneamendu-lan gero eta gehiago atzeratzen ari direla, funtsean Eusko Jaurlaritzak ez dituelako betetzen horiek finantzatzeko hartu zituen konpromisoak (hemen). Gauzak horrela, Eguzkik Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori 2017ko aurrekontuetan islatzen hasteko.
Atzerapenak EAEko hiru herrialdeei dagozkie, baina Gipuzkoan zentratuko gara, herrialde horretan instituzioek 2007. eta 2011. urte bitartean hainbat saneamendu-lan giteko “Hitzarmen Marko” bat izenpetu zutelako. Hitzarmen hori Jaurlaritzaren inkunplimenduen lekuko ukaezin bezain adierazgarria da.
ZELAI IBAIAREN ETENGAILUA
Pendiente diren proiektuetako bat Tolosa parean isurtzen duen Zelai edo Berastegi ibaikoa da. Atzerapen handia pilatzen du. Kontuan izan 2007. eta 2011. urte bitartean egiteko hitzartu ziren proiektuetako bat zela. 2009an bukatu zen Ibarrako saneamendua, baina Berrobikoak, Elduaingoak eta Berastegikoak egin gabe jarraitzen dute.
Tolosako Zubi Berria edo Dama Berdeko zubia. Ezkerrekoa ez da beste begi bat, Zelai ibaiak Oriarekin bat egiten duen puntua baizik.
Azken hamarkadetan saneamendu-kontutan aurrera egin dela begi-bistakoa da (egia esan, besterik ez genuen behar), baina hori bezain begi-bistakoa da oraindik asko direla ibaietara araztu gabe isurtzen diren ur zikinak. Tolosa bataren zein bestearen lekuko bikaina da. Herrian badira hainbat herritar Orian sastraka eta zikinkeria baino ikusten ez dutenak, eta ibaia lehenbailehen ‘garbitzeko’ eskatzen dutenak. Bada, Eguzkiren iritziz, Oriak duen benetako garbiketa-arazoa saneamendu-sarea osatu gabe egotea da, ez bestea.
ZIAKO ERREKA, ANDOAIN
Tolosatik behera Orian barrena Andoain topatzen dugu, eta han Ziako Erreka edo Errekabeltz. Erreka honen saneamendua ere 2007-2011n hitzartuetakoa da. Bukatu berri den urtean onartutako plangintza berriaren arabera, ordea, Ziako Erreka saneatzeko lan gehienak ez dira egingo… 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, Ziako Errekak jarraituko du ur zikinak Oriara sine die isurtzen. Eta ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak, Ziako Errekak Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kale Txiki, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu. Izan ere, Adunako araztegia 2013an martxan hasi zenez geroztik, Errekabeltzekoa ez da Andoainen konpondu gabe geratu den saneamendu-arazo bakarra, baina bai larriena.
Oria Andoain parean auzolanean garbitzen. Garbi dago ibaiak beste garbiketa-klase ere behar duela.
AGINAGA
Oriatik atera gabe, Usurbilgo udalerrian, Txokoalde eta Aginagako saneamendua ere pendiente dago. 2007-2011ko Hitzarmenean sartu zutenean, aurrekontua hiru milioi ingurukoa zen. Jaurlaritzak % 75 hartu zuen bere gain, Añarbeko Urak, berriz, gainerako % 25. Urteak joan dira, ordea, eta Aginagak saneamendurik gabe jarraitzen du. Eta ez hori bakarrik, baizik eta, iaz onartutako Plan Hidrologikoak lan hauek edozein programaziotatik kanpo utzi ditu. Memorian aipatzen ditu, bai, oraindik egin gabe dauden beste hainbat saneamendu-proiekturekin batera, baina “erakunde arduradunen aurrekontu mugatuek” lanok 2027 baino lehen programatzea “zailtzen dutela” ohartarazita. Alegia, Eusko Jaurlaritzak ez duela lan hauetarako sosik ipintzeko asmorik denbora puska ederrean, behintzat.
Egia da Aginaga ez dela nukleo handia, baina, alde batetik, 500 lagunen (gehi zenbait enpresaren) karga kutsatzailea gutxi ere ez da, eta, bestetik, kontuan izan behar da ur zikin horiek zuzen-zuzenean Oriara doazela Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu batean. Hain zuzen, KBE honen helburu nagusietako bat uraren kalitateari eustea da eta 5. helburu operatiboan espresuki aipatzen da Aginagako saneamenduaren beharra.
MIJOA, MUTRIKU
Deba arroari atxiki ohi zaion arren, Mijoa errekak zuzen-zuzenean itsasora isurtzen du, Saturraran parean. Gaur egun, bioaniztasuna itotzen duen estolda hutsa da, Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta badago ere. Mijoako isuriak Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek aditu behar izaten dituzte.
2007-2011rako hitzartutako lanetako bat zen. Baina finantziazio gehiena (% 75) Jaurlaritzak ipini behar zuen eta, ipini ez duenez, proiektua ez da burutu. Plan Hidrologiko berriakberriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, oraingoan 2016 eta 2021 urte bitarteko apean, eta 3,6 milioi euroko aurrekontuarekin.
Eguzkik proposatuta, Mutrikuko Udalak joan den urrian mozio bat onartu zuen (hemen) eta, horren arabera, Jaurlaritzari esaktu dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta une honetan prestatzen ari den 2017ko aurrekontuan islatzeko. Bada gai honi behingoz behar bezala heltzeko garaia.
Arrainak hilik Mijoa errekan, iazko udan izandako isurietako baten ondorioz.
MALLABIA-ERMUA, MENDARO, ANTZUOLA ETA ELGETA
Deba bailaran badira atzerapen handia pilatzen duten hainbat saneamendu-proiektu, zehatz-mehatz, Mallabia-Ermukoa, Mendarokoa, Antzuolakoa eta Elgetakoa. Europar Zuzentarauaren arabera, proiektu hauek 2006rako bukatuta egon behar zuten. Izan ere, Mendarokoa, Antzuolakoa eta Elgetakoa aipatzen ziren instituzioek 2003. eta 2006. urte bitartean Gipuzkoan saneamendu-lanak egiteko izenpetu zuten Hitzarmen Markoan. Hitzarmen hura 2007-2011 epera luzatu zutenean berriro ere aipatu zituzten. Ez dira egin, ordea. Iaz, berriz, Plan Hidrologiko berria onartu zuten eta, horrekin batera, Neurrien Programa delako dokumentu bat. Dokumentu hori da instituzioen bide-orri berria. Bada, bide-orri berri horren arabera, pendiente dauden saneamendu-lanak are gehiago atzeratuko dira (ikus taula), potoloenak… 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte alor honetan nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, proiektu hauetakoren bat ia sine die atzeratzeko arrisku handia dago.
PASAI DONIBANE ETA IZTIETA
Oiartzungo arroan badira Jaurlaritzaren “zorraren” ondorioz pendiente dauden bi saneamendu-proiektu: Pasai Donibanekoa eta Oreretako Iztieta auzokoa. Biak ala biak 2007-2011rako hitzartu ziren. Jaurlaritzak inbertsioaren % 75 hartu zuen bere gain eta Añarbeko Urek gainerako % 25.
Donibaneko kasuan esan zuten lanak 2008an egingo zituztela, gero 2009an… eta gaur arte. Une honetan, Plan Hidrologiko berriaren bidez, erakundeek beraien buruari orduan hartu zuten konpromiso hura betetzeko luzapen bat eman diote… 2021era arte! Bitartean, Pasai Donibaneko ur zikinak zuzen-zuzenean badiara isurtzen jarraituko dute.
Iztietako kolektorea, berriz,Plan Hidrologiko berrian berriro programatu dute… 2022. eta 2027. urte bitartean!
Pasaiako Badia nekez biziberrituko da saneamendu-sarea osatu gabe, saneamendua oinarri-oinarrizko azpiegitura delako.
OIKIA
Urolara egingo dugu salto, Oikiara. Horko sanemendu-proiektua ere 2007-2011rako hitzartuetako bat da. Plan Hidrologiko berriaren arabera, berriz, pendiente dauden lan horiek, 3,4 milioi euroko aurrekontua dutenak, ez dira egingo… 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, Oikiak ere ia sine die jarrai dezake ur zikinak behar bezala araztu gabe isurtzen.
Taula honek laburbiltzen du Jaurlaritzaren inbertso faltagatik Gipuzkoan pendiente dauden saneamendu-proiektuak eta Plan Hidrologiko berriaren Neurrien Programak datozen urteetarako aurreikusten dituen inbertsioak.
EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: “Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraolikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera”. Baina plangintzak epeak ere zehazten ditu, eta, ikusi dugun bezala, proiektu hauetan guztietan, epe horiek ez dira bete; beraz, plangintza urratu egin da. Jaurlaritzak saneamenduan orain arte baino diru gehiago inbertitu ezean, plangintza urratzen jarraituko du eta gobernu-akordioaren zati hau ezerezean geratuko da. Gauzak horrela, Eguzkik Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori 2017ko aurrekontuetan islatzen hasteko.