Uliako itsas hondotik “sare fantasma” zati bat atera dute gaur, operazio konplexu bati esker
2021-07-27
Partekatu - Compartelo
Buceo Donostikoak gaur, sarea hondtik osorik atera ezinean.
Uliako itsas hondotik sare fantasma zati bat atera dute gaur goizean, Donosti Buceo, Eguzki, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzu, AZTI eta Gurutze Gorriaren parte hartzea eskatu duen operazio konplexu samar baten bitartez. Zehatz-mehatz, Mendebaldeko Bantxa aldean izan da, Pasaiko portuko bokanatik atera eta ezkerrera.
Hona hemen urpeko lana dokumentatzen duten bi bideo:
Sarearen zati bat baino ezin izan dute atera, gainerakoa arroketan oso-oso lotuta baitago. Dena dela, Buceo Donostiko kideak berriro saiatuko direla esan dute.
Gaur ateratzen lortu duten sare zatia.
Urpekariak gogotik saiatu diren arren, zati bat baino ezin izan dute atera, baina jarraituko dute.
Balorazio orokorra ona izan da, batez ere operazioa ahalbidetu duen elkarlan mota hau ez delako batere ohikoa.
Sarea noizbait galdu edo abandonatuta geratu zen, eta, denboraren poderioz, urpeko arroketan finkatu da, 25-30 metroko sakoneran. Han, txangurro, misera itsas aingira eta beste hainbat espezierentzako tranpa izaten jarraitzen du.
Buceo Donostiko kideek orain dela gutxi sare horren zati txiki bat ateratzen lortu zuten, baina ondorioztatu zuten gainerakoa atera ahal izateko segurtasun-berme handiagoak behar zituztela.
Gauzak horrela, Eguzki talde ekologistarekin harremanetan jarri ziren, eta, batzuen eta besteen artean, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuarekin eta AZTIrekin hainbat gestio egin dituzte. Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuak, legez eskumena duen erakundea izateaz gain, baliabideak ditu urpekariek gaur lan egin duten eremuan segurtasuna bermatzeko. AZTIk, berriz, sare mota horiei eta, oro har, plastikoei buruz egiten ari den azterlanak osatzeko aprobetxatu du. Portu Agintzaritzak, azkenik, hondakina bideratzeaz arduratuko da.
Gaurko operazioan hainbat ontzik hartu dute parte, tartean Guardia Zibilaren honako hau.
Honelako sare hauen izen teknikoa ALDFG da (Abandoned, lost or otherwise discarted fishing gear; “abandonatutako, galdutako edo baztertutako arrantza-arteak”), baina izen arrunta “sare fantasmak” edo izaten da.
Sare hauekiko kezka gero eta handiagoa da. FAOren arabera, urtero 640.000 tona arrantza-arte amaitzen dira itsasoan. Handiak zein txikiak, gaur egun ia guztiak plastikozkoak dira. Ozeano Barean dagoen Zaborraren Orban Handia delako “kontinentea”ren %46 sarez osatuta dago. Baina sare fantasmekiko kezka ez da soilik ozeanoak plastikoz betetzen dituen olatuari ekarpen handia egiten diotelako, baizik eta nabigaziorako arazo bat direlako eta, batez ere, faunarentzako tranpa hilgarriak eta ekosistementzako benetako mehatxua izaten jarraitzen dutelako.
Sarea hemen dago, gutxi gorabehera, 25 metroko sakoneran.