Albistea

  • Gipuzkoako ekologistok salatzen dugu angularen arrantza profesionalizatzeko dekretuari alegazioak itsu-itsuan aurkeztu behar izan dizkiogula, txosten zientifiko eta juridikorik ikusi gabe

    2023-10-17
    Partekatu - Compartelo

    Aingira-2NATURKON Gipuzkoako talde naturazaleen eta ekologisten koordinadorak salatu nahi du angularen arrantza profesionala arautzeko dekretu-zirriborroari alegazioak itsu-itsuan aurkeztu behar izan dizkiogula, ho rren oinarrian ustez dauden txosten zientifiko eta juridikoak ikusterik izan ez dugulako.

    ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluaren txosten zientifikoen arabera, aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dago, arrisku larrian”, eta, gauzak horrela, faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko luke. Hain justu, ICESen txostenetan oinarritua, angularen arrantza murrizteko hainbat neurri hartu zituen iaz Europar Batasunak. Neurri horietako bat angularen aisialdiko arrantza debekatzea izan zen, eta aisialdiko arrantza da Gipuzkoan eta Bizkaian orain arte baimenduta egon den angularen arrantza-modalitate bakarra. Horregatik, profesionalizazio-dekretuari alegazioak egiteko, ezinbestekoa zen Aztiren txostenak ezagutzea. Ezinbestekoa zen –eta da– ezagutzea Aztik nola egiten dien aurre ICESen txostenei, nola justifikatzen duen gure errioetan oraindik angula arrantzatzen jarraitzeko aukera badagoela. Edo zehatz-mehatz zenbateko kuotaz ari garen eta nola kalkulatu duten hemendik aurrera profesional izango den sektore bati eusteko. Edo dekretuak zergatik aurreikusten dituen 150 arrantza-baimen, eta ez 30 edo 300.

    Horrelako zerbait gertatzen da txosten juridikoekin, batez ere dekretuak Europar Batasunaren erabakiari iskin egitea beste helbururik ez duela kontuan izanda. Dekretuak suposatzen du sektore profesional bat artifizialki sortzea, edo, aitzitik, inplizituki aitortzea urtetan jarduera profesional hori existitu, existitu egin dela, baina aisialdi-jarduera gisa kamuflatuta; beraz, ingurumen-kontrol egokirik gabe eta gainerako jarduera ekonomikoek dituzten baldintzetatik at.

    Argi eta garbi geratu dena zera da, dekretua Euskadiko Anguleroen Elkartearen neurrira egindako jantzia dela, Gobernuak elkarte horrekin eta elkarte horrekin bakarrik negoziatu baitu. Halaber, argi eta garbi geratu da Bittor Oroz Arrantza kontseilariordeak gai honetan publikoki agindu zuen “gardentasun erabatekoa” ezerezean geratu dela. Seguru asko dekretuaren atzean dauden txosten zientifiko eta juridikoen berri izaten bukatuko dugu, baina ordurako alegazio-epea bukatuta egongo da.

    Nolanahi ere, dekretua, oroz gain, biodibertsitatearen aurkako eraso berri bat da. Gobernuak berriro sakrifikatu du biodibertsitatea, oraingoan klientelismoaren aldarean.

    757887b9-c5c0-4a2d-ada3-1f90534a9557


    Partekatu - Compartelo