Ohiko ezustekoa AHTren lanetan

AHT HernialdeIturria: AHT Gelditu Tolosaldea

Atzo gauean, Hernialdeko AHTren lanetan “tximinia” izeneko zulo bat dagoela informatu ginen. Tunelean lanean aurrera egin ahala, ezustean gertatzen den zulo mota omen da eta lur ugari erortzen da bat-batean. Ezustekoa esatean, duen arriskua adierazi nahi dugu; dirudienez, kasu honetan ez da istripurik egon baina horrelako gertaera baten aurrean itzulezineko istripu larriak noiznahi ager daitezke.

Tamalgarria bada ere, horrelako berriak izatea, ohikoa dela esan behar dugu. Behin eta berriz, AHTren lanetan ezbeharrak daude eta kasu hau esaterako, iturrien arabera, “ohikoa” da lan hauetan. Hori dela eta, onartezina deritzogu jendeak egunero AHTren lanetan bere bizia arriskuan jartzea, bai lanean ibiltzeagatik, edota bai lanen inguruan bizitzeagatik.

Honekin guztiarekin batera, Anoetan gertaturiko beste “ohiko ezustekoa” aipatu nahi dugu. Bi erreka agortu dira, hau da, Anoetara zetorren Sorgintxulo eta Asteasu aldera zioan Zumalikardi, eta AHTren lanetako ur-arazgailutik Alkiza errekara eginiko isurketen ondorioz, ehundik gora amuarrain agertu ziren hilik abuztuan. Honi, eta abar luze bat ezar geniezaioke gertatzen ari diren beste hainbat ezbehar direla eta.

Beraz, gera dezatela AHT “ohiko ezustekoak” segituan desager daitezen. Argi eta garbi ikusten da hemen, gu geu lurraren zati garela eta lurra bai ala bai errespetatu eta zaindu behar dugu. Gainera, egoera hobera jo beharrean, okerrera doala dakusagu: momentu honetan Estatu Batuak eta Europar Batasuna hain ezkutuan lantzen ari diren TTIPa sinatu eta martxan jarriz gero, geroz eta zailagoa egingo zaigu hainbat egoera lazgarriri aurre egitea.

Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlana

Eguzkik pasaiako zentral termikoa botatzea txalotzen du, Euskal Herriko herritarrak zoriontzen ditu, eta energia berriztagarrien aldeko apostu publiko sendoa eskatzen du

Pasaiako termika demontatzen hasi dira2Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Pasaiako ikatzezko zentral termikoaren irudia izan den tximinea botatzen hasi den egunetan Oarsoaldeko eta Euskal Herriko herritarrak zoriondu nahi ditu, zentralaren eraispen eta kutsadura ezabatzeko lanen barruan.

Urte askotan zehar Iberdrolak sortutako era ezberdinetako ingurumeneko eta osasuneko eragin kaltegarriak jasan izan ditugu, klima aldaketaren lantegi honetatik eratorriak. Beti ere, enpresa multinazional honen interesen menpe izan dira denbora guztian.

Iberdolak muzin egin die erakunde publikoek, herritarrek eta talde ekologistek egindako eskaerei, eta gainera enpresa ixteko eta horrek izango zituen ondorioen ardura leporatzen zieten mehatxu moduan.

Aldiz, lantegia ixteko ardura enpresa berak hartu du, eta kasu honetan enpresari oihal gorria jartzen ziotenak eta herrritarrei eta beste taldei ixtearen ondorioen errua botatzen zizkieten alderdiak ixilik gelditu dira erabat.

Ikatzezko zentral kutsakor hau ixtea posible eta bideragarria zela argi gelditu da, energia eta sistema elektrikoaren hornitzearen bermatze aldetik ikusita. Oraingo honetan enpresak duen estrategiaren ondorioz izan da, herritarren eskubideak eta ingurumenaren babesa eta errespetuaren gainetik enpresaren interesak une oro daudela agerian azalduz. Hala ere, eta berandu bada ere, ez dugu aukera galdu nahi hartutako erabakiari  ongietorria emateko. Urrats garrantzitsu hau emanda, agintari publikoek %100ean energia berriztagarriez osatutako eta burujabetza energetikoko agertoki berri baten eraikuntza lehenetsi behar dute. Era berean, Iberdrolaren erabaki hau aprobetxatu behar da eredu energetikoa errotik aldatzeko eta klima aldaketaren eraginaren arintzean urratsak emateko.

2014.10.22 EGUZKI talde ekologista eta antinuklearra