Errauste plantarik ez egiteko eskatu dute Lasarten, Aire Garbiak deituta

lasarte_manifa[1]Iturria: Berria.

Ehunka lagunek parte hartu dute Zubietako errauste plantaren aurkako manifestazioan. Erraustegia gelditu daitekeela berretsi dute.

Argi adierazi dute herritarrek Lasarte-Orian: ez dute errauste plantarik nahi. Aire Garbia taldeak deituta, ehunka lagun batu ziren atzo herriko kaleetan, aldundiak Zubietan (Gipuzkoa) eraiki nahi duen plantaren aurka daudela esateko. Manifestazio buruan eraman zuten pankartan eta oihukatu zituzten hitzetan garbi esan zuten: Erraustegirik ez, aire garbia. Eta horixe aldarrikatu zuten: «Erraustegia gelditu daiteke».

Manifestarien artean ziren udaleko ordezkari ugari: EH Bilduko eta Ahal Du Lasarte-Oriako zinegotzi guztiak, eta PSEko Lurdes Acevedo alkateordea eta Jose Mari Urdanpilleta eta Beatriz Juez zinegotziak. Gainerakoen artean EH Bilduko, Eguzkiko eta Erraustegiaren Aurkako Plataformako kideak, besteak beste.

Okendo plazan hasi eta amaitu zuten ibilbidea, eta amaierako ekitaldian berretsi zuten Aire Garbia taldeko kideek errauste plantaren proiektua gelditu daitekeela. «Ez da ezinezkoa, ez lehen eta ez orain».

Zubietan baino lehen planta Zaldunbordan, Landarbason, Urnietan eta Aritzetan egin nahi izan zutela gogoratu du Aire Garbiak. «Baina ezinezko gertatu zitzaien. Osasunarentzat kaltegarria delako, ingurumenarentzat kaltegarria delako, eta hondakinak ez direlako zaborra, baliabide produktiboak baizik».

«Hasi besterik ez»

Erraustegia Zubietan eraikitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen proiektuaren aurka egiteko bidearen «hasiera besterik ez» zen izan atzoko manifestazioa. «Osasunagatik, ingurumenagatik, ekonomia zirkularragatik», Zubietan planta nahi dutenek «pare-parean» izango dituzte Aire Garbia taldeko kideak eta Lasarte-Oriako herritar ugari.

Udala ere errauste planta Zubietan egitearen aurka agertu da, nahiz eta alderdi politikoen artean adostasuna ez den erabatekoa. EH Bildu eta Ahal Du Lasarte-Oria erraustegiaren aurka daude. PSE kokalekuarekin ez dator bat. Ez dute Zubietan plantarik egiterik nahi, baina ez dute ukatzen beste nonbait egitea.

Herritar ugari bildu zen Lasarte-Orian errauskailuaren aurka

errauskailua lasarte 2015 azaroaAire Garbiak deituta Lasarte-Orian errausgailuaren inguruko manifestazio jendetsua (1500-2000 lagun antolatzaileen arabera) ospatu zen larunbatean. Errausgailuaren aurkako borroka berpizteko abiapuntu polita!

Izan ere, beste behin, errausgailuari aurre egitea egokituko zaigu eta ez da txantxa, azken 20 urtetan mahai gainean jartzen duten laugarren egitasmoa da eta. Honi record usaia hartzen diogu!( ez dugu uste 20 urtetan lau errausgailu egitasmo jasan dituen 750.000 biztanleko lurralderik dagoenik).

Jarraian, manifestazio amaieran irakurri zen idatzia:

Arratsaldeon guztioi. Arratsaldeon eta eskerrik asko lasarteoriatar eta Lasarte-Oriara hurbildu zareten emakume, gizon eta ume guzti-guztiei.

Erraustegia egin egingo dela esaten digute. Behin eta berriz esaten digute. Hemendik lau urteetara erraustegia su eta ke egongo dela esaten digute. Hainbestetan esaten digute, ezen beraien burua konbentzitu nahian ari direla ematen du. Tunel ilunean bere buruarekin ozenki hitz egiten duen ume galduaren moduan, bakarrik ez dagoela bere burua konbentzitu nahian. Ba, modu berean horiek, tunel ilunean erraustegiaren proiektua sartuta, beraien mamuak uxatu eta erraustegia egingo dutela sinetsi nahi dute, sinetsi behar dute, sinestarazi nahi digute. Sinestarazi nahi digute, batez ere.

Beraiek ere sinesten ez dutena guk sinestea nahi dute. Erraustegia geldiezina dela sinestarazi nahi digute, ederki baitakite hori dela daukaten aukera bakarra: guk geldiezina dela sinestea. Guk erraustegia gelditzea ezinezkoa dela sinesten badugu orduan bakarrik izango da ezinezko.

Baina ez da ezinezko, ez lehen eta ez orain. Zubietan baino lehenago Zaldunbordan egin nahi izan zuten erraustegia. Baina ezinezko gertatu zitzaien. Eta Landarbason egin nahi  izan zuten. Eta ezinezko gertatu zitzaien. Eta Urnietan egin nahi izan zuten. Eta ezinezko gertatu zitzaien. Eta Aritzetan ere egin nahi izan zuten. Eta Aritzetan ere ezinezko gertatu zitzaien. Osasunarentzat kaltegarria delako. Ingurumenarentzat kaltegarria delako. Hondakinak zaborra ez direlako, baliabide produktiboak baizik. Baina, batez ere, batez ere, herritarrek erraustegia gelditzea ezinezkoa zenik sinetsi ez zutelako. Horregatik, hain zuzen, manifestatu gara gaur Lasarte-Orian: ezinezkoa ez delako, erraustegia geldi daitekeelako.

errauskailua lasarte2 2005 azaroa

Lasarte-Orian Aire Garbia herri ekimenak bat gatoz, guztiz, aforismo zaharrak esaten zuenarekin: “Askoz gauza gehiago egingo genituzke ezinezkoak askoz gutxiago direla pentsatuko bagenu”. Horrela sinesten dugulako konfiantza osoz esan dezakegu: hemen, orain, manifestazioa baino ez da bukatu. Hemen, orain, Zubietan erraustegia ez egiteko bidea hasi baino ez da egin. Osasunagatik, ingurumenagatik, ekonomia zirkularragatik, Zubietan erraustegia nahi dutenek pare-parean topatuko gaituzte.

Geldi daitekeelako

errauskailua lasarte3 2015 azaroa