Albistea

  • Eguzkiren iritziz, lotsagarria da Pasai Donibaneko saneamendua oraindik “azterketa fasean” egotea

    2017-04-26
    Partekatu - Compartelo

    donibanePasaiako Udalak jakinaratzi du ondoko egunetan (apirilaren 24, 25 eta 26an) zirkulazio-etenak gertatuko direla Donibanen, barrutiko saneamendu-proiektua idazteko georradar bidezko azterketa bat egin behar delako (1). Eguzkiren iritziz, lotsagarria da, hainbeste urte pasatu eta gero, Donibaneko saneamendua oraindik “azterketa fasean” egotea.

    Kontuan izan 2007an erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko Hitzarmen Markoa sinatu zutela, eta Donibaneko saneamendua lan horietako bat zela. Orduan erabaki zuten %75 Eusko Jaurlaritzak ordainduko zuela URA Agentziaren bidez, eta gainerako %25a Añarbeko Mankomunitateak. Guztira, 4 milioi euro inguru. Orduan esan zuten lanak 2008an egingo zirela, gero 2009an… 2011ko epea bukatu zen eta, 2012an, badiako saneamenduari buruzko txostenak Donibaneko lanak “ezinbestekoak” zirela  berretsi zuen. Alferrik, urteak pasatzen joan direlako eta, gaur egun, Donibaneko ur zikinak zuzen-zuzenean badiara doazelako, inolako tratamenturik gabe. Zergatik? Eusko Jaurlaritzak finantzazio-konpromisoa bete ez duelako. 

    Proiektu honen atzean historia hau ez balego, goerradar bidezko azterketarena albiste ona izan liteke (eta beharbada albiste ona izango da, urte askotako utzikeriaren ondoren zerbait mugitzen hasi den seinale izan daitekeen neurrian), baina lotsagarria da lan hoirek oraindik azterketa fasean egotea. Urtetan bonbardatu gaituzte badiaren birgaitze edo erregenerazioaren inguruko albisteekin, eta hala ere oinarrizko lan bat, saneamendu-lana, oraindik bukatu gabe dago, azterketa fasean.

    Zoritxarrez, Donibanekoa ez da kasu bakarra. Gipuzkoan bakarrik, Jaurlritzak 50 milioi euroko zorra dauka saneamendu alorrean, 2007-2011ko Hitzarmen Markoaren arabera hartutako konpromisoak bete ez izanaren ondorioz (2). Txarrena da ez dirudiela egoera aldatuko denik, alderantziz baizik. Izan ere, Legebiltzarrak onartu berri dituen aurrekontuetan, EAE osoan ur zikinak biltzeko eta arazteko 12,5 milioi euro baino ez ditu ipini Jaurlaritzak (horietatik 612.000 euro Gipuzkoarako), eta diru kopuru horrekin ezin zaie inolaz ere aurre egiten hasi alor honetan bete gabe dituen konpromisoei. Are gehiago, aurrekontu hauekin, atzerapenek pilatzen jarraituko dute, ezinbestez (3).

    EGUZKI, abril de 2017

    (1) Pasaiako Udalaren oharra:

    http://www.pasaia.eus/eu/-/donibane-kalea-ibilgailuentzat-itxita-ikerketa-geofisikoa-egiteko

    (2) Lotura honetan aurkitu daiteke Gipuzkoan Jaurlaritzaren finantziazioaren zain dauden proiektuei buruzko hainbat informazio:

    http://eguzki.org/2017/01/11/gipuzkoako-ibaien-saneamendua-eta-jaurlaritzaren-zorrak/

    (3) Lotura honetan aurkitu daiteke Eguzkik Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontuei buruz egin duen balorazioa, saneamenduari dagokionez:

    http://eguzki.org/2017/04/05/jaurlaritzak-berriro-uko-egin-dio-uraren-saneamendu-lanetan-dituen-konpromisoak-betetzeari/


    Partekatu - Compartelo