Eguzkik Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea errebindikatuko du, Nazio Batuek ozeanoei buruz egin behar duten goi-bileraren bezperan

Ulia-jaizkibelEguzkik Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea errebindikatuko du datorren igandean, hilaren 28an, Zurriolako pasealekuan paratuko duen erakusketa baten bidez. Errebindikazioa Nazio Batuen Erakundeak aurki egin behar duen goi-bileraren lorratzean dator; izan ere, Nazio Batuen Erakundeak ozeanoei buruzko goi-bilera egingo du ekainaren 5 eta 9 bitartean, New Yorken.

            2015ean Parisen egin zen klima-aldaketari buruzko goi-bileraren kasuan bezala, egun horietan, Eguzkikook, mundu zabaleko gainerako ekologistekin batera, New Yorken har daitezkeen konpromisoei adi egongo gara. Baina, “global pentsatu, lokal jokatu” filosofia beti gogoan, ez diogu horregatik gure gertuko inguruari begirik kenduko, eta, horren ondorioz, hemen ere konpromiso zehatzak hartu egin behar direla errebindikatuko dugu. Eta hartu beharreko konpromiso zehatz horietako bat da Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea deklaratzea, argi eta garbi. 

Proposamen zientifikoa           

                Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak 2010ean aurkeztu zuten Donostia eta Biarritz bitartean korridore ekologiko bat eratzeko proposamen zientifikoa, Natura 2000 Sarearen barruan. Proposamenak aurreikusten du 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune bat deklaratzea Jaizkibelgo eta Uliako kostan. Inguru hori oso aberatsa da. Oceanak eta EBEOk mila espezie baino gehiago atzeman dituzte bertan. Horietatik 50 inguru babestuta daude, identifikatu dituzten habitetatik 12 babestuta dauden bezala. Horrez gain, Kantauri itsasoan parekorik ez duten forma geologikoak ere aurkitu dituzte. Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune deklaratu dituela kontuan izanda, 27.000 hektarea inguruko babesgune-sarea osatuko litzateke Donostia eta Biarritz bitartean. “Atlantiko europarreko itsas korridorerik garrantzitsuenetakoa izango litzateke, baita aniztasun handienetakoa ere”.

            Proposamena ongi hartu dute Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako, Oreretako, Pasaiako eta Lezoko udalek, Euskal Eurohiria Garatzeko Mugaz Gaindiko Agentziak… eta elkarte ekologista eta naturzale guztiek, jakina. Beraz, itxuraz behintzat, adostasun zabala dago. Alabaina, dagoeneko 2017an gaude, eta ez dirudi propoamenak aurrera egiten duenik.

Egin gure partea

            Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiko presidente Peter Thompsonek zera esan du: “New Yorkeko goi-bileran, gizateria ozeanoen egoerari buelta ematen hasiko den unearen lekuko izango gara”. Horretarako, baina, konpromiso zehatzak hartu beharko dira, maila guztietan. Bada, Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea deklaratzea egoerari buelta emateko ahalegin horretan gure partea egiteko prest gaudela adierazteko modu bikaina litzateke.

Eguzki, 2017ko maiatza

Kartela maiatzak 28 erakusketa

“Jaizkibel berreskuratu – Militarrak kanpora” lemapean, mendi-martxa igandean

IMG-20170522-WA0007“Jaizkibel berreskuratu – Militarrak kanpora” lemapean, mendi-martxa egingo da igandean, hilak 28.

Hitzordua goizeko 10etan izango da, Lezoko plazan. Partehartzaileak 11ak aldera iritsiko dira tiro-eremura, eta bertan ekitaldi bat eta hamaiketakoa egingo dira, trikitixa lagun.

Martxa honen helburua militarrek Jaizkibelen okupatzen dituzten 365 hektareak berreskuratzea da. Arrazoi askorengatik. Izan ere, martxa babesten duten taldeak alor askotakoak dira, mendizaleak, ekologistak, memoria historikoa lantzen dutenak eta abar. Hona hemen orain arte atxikimendua adierazi dutenen zerrenda:

·         Itsas Mendi

·         Trintxer Mendi Taldea

·         Trintxerpeko Klub Atletikoa

·         Eguzki

·         Ekologistak Martxan

·         Txerrimuño kolektiboa

·         Etxetxo memoria historikoaren taldea

·         Girizia mendi taldea

·         Oarso taldea

·         Bixi-Bixi kultur elkartea

Honako lotura honetan, besteak beste, ekimen honen aurkezpen-prentsaurrekoaren bideo bat aurkituko duzu:

https://www.facebook.com/JaizkibelBerreskuratu/?hc_ref=PAGES_TIMELINE

agerraldiia.lezo_