Gaur, hilak 24, Munduko Itsas Eguna ospatzen omen dugu. Astelehenean, berriz, Schwarzeneggerrek berak Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Cousteauren semearekin batera egin duen filma, herritarrak itsasoaren inguruan sentsibilizatzea helburu duena. Baina Ondarroan ateratako marrazo hauen argazki txundigarri bezain etsigarriak ikusi eta gero, ezer ospatzeko gogoa galtzen da eta sentsibilizazio-kanpainen mugak, Schwarzenegger bezain kanpaina gihartsuak badira ere, agerian geratzen dira. Argazkiok astelehenean atera zituzten, eta egunotan dezente zabaldu dira sare sozialetan.
Gaur, berriz, DVk argitaratutako albiste baten bidez jakin izan dugunez, marrazo-espezie hori harrapatzea debekatuta dago; animaliok hegalak falta zituzten (ezaguna denez, hegalek prezioa egiten dute; gainerakoa, aldiz, ez); eta portukoek, bilatzen aritu diren arren, ez omen dute marrazoen “jabe” edo “erantzulerik” aurkitu.