Udalak berriro ere tarifa finkoa ezarri du, birziklatzearen eta birziklatzaileen kaltetan

Captura-de-pantalla-2016-11-14-a-las-13.39.06[1]Aire Garbiak 5. edukiontziaren erabiltzaileei zabor-tasan %20 deskontatzeko egin duen proposamena atzera bota du Udalbatzak, eta, horren ondorioz, 2018an berriz ere tarifa finkoa egongo da indarrean. Beraz, birziklatzaileek eta ez birziklatzaileek berdin-berdin ordainduko dute. Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute.

            Bi dira alkatearen taldeak deskontu-eskaerari ezetz esateko erabili dituen argudioak:

1.      5. edukiontzia duela gutxi ezarri zen eta oraindik goiz omen da emaitzak behar bezala aztertu ahal izateko.

2.      Deskontuak egiten hasita, deskontu globalak nahiago omen dituzte; hau da, herrian gaikako bilketan maila jakin bat lortuz gero, deskontu bat egin liteke zabor-tasan bertan, herritar guztiei, ez soilik birziklatzaileei.           

            Goazen puntuz puntu…

1.      Lasarte-Orian hondakinak gaika biltzea ez da herritar guztien ardura, baizik eta alor horretan konpromiso gehien dutenei Udalak eskaintzen dien aukera. Gauzak horrela, deskontua birziklatzaileek egiten duten lana aitortzeko modua baino ez da. Deskontua jende gehiago birziklatzera animatzeko pizgarria ere izan daiteke, eta, horrexegatik hain justu, iaz ere lasai asko aplikatu zitekeen, 5. edukiontzia ezartzeko kanpainaren osagarri gisa. Baina, esan bezala, deskontua, oroz gain, birziklatzaileei egiten zaien aitortza da, eta, alde horretatik, 5. edukiontziaren emaitzetatik zeharo independentea da. Gainera, zenbat denbora gehiago behar du Udalak 5. edukiontziaren emaitzak ebaluatzeko? Aurtengo datuen arabera, gaikako bilketa batez beste %45ekoa da. Udalak ba al du datozen hilabeteetan sistema hobetzeko neurriak hartzeko asmorik? Guk dakigula, ez. Beraz, aldaketarik ezean, datorren urteko batez bestekoa aurtengoaren antzekoa izango da, %1 gora edo %2 behera. Baina, batez bestekoa edozein dela ere, tarifa finkoak ez dio antiekologikoa eta sozialki injustua izateari utziko. Beraz, alkatearen taldeak darabilen lehen argudioak argudio baino gehiago aitzakia dirudi.

2.      Deskontu globala egitea, berriz, tarifa finkoarekin jarraitzea da. Tarifa finko merkexeagoa izango da, baina tarifa finkoa. Esfortzua eta konpromisoa berriz ere birziklatzaileen esku geratuko lirateke, eta hauek axolagabeek bezalaxe ordaintzen jarraituko lukete.

            Bukatu aurretik, informazio garrantzitsu bat: Udalbatzak hartutako erabakiaren arabera, 2018an zabor-tasa %5 garestituko da, hau da, KPIren (1,2) oso-oso gainetik. Iaz, berriz, %4 garestitu zen, KPIren (1,3) oso-oso gainetik ere. Ez birziklatzaileek, etxean hondakinik gaika biltzen ez duten neurrian, gero eta hondakinak tratatzeko sistema garestiagoen beharra eragiten dute (lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain). Baina birziklatzaileek berdin-berdin ordaindu beharko dituzte Udalak sistema garesti horiek finantzatzeko zabor-tasan erabaki dituen igoera “potenteak”.

            Urte hasieran, Udalak honako leloa jarri zuen balkoian: “Lasarte-Oria birziklapenaren alde”. Garbi dago hitzak eta ekintzak ez datozela bat.

Lasarte-Orian Aire Garbia

IMG_20170405_201836068

Administrazioen artean pilotan jolasten. Emaitza: Galindo ibaia = hondategi

WhatsApp Image 2017-11-12 at 15.04.05Aldundiak Barakaldoko eta Sestaoko Udalei egozten die Galindoko arroko hondakinen zaintzaren, kentzearen eta zigortzearen ardura. Eguzkik abuztuan egindako salaketari Sestaoko Udalak eta Aldundiak emandako erantzunek agerian uzten dute administrazioen arteko koordinazioa ez dela eraginkorra, inplikatutako aldeek ez baitute indarrean jartzeko interesik.

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Bizkaiko Foru Aldundiko Sailak adierazi du “arroen mantentze eta garbitze lanak” ez direla “haien ardurapekoak” eta “hondakin urbanoen kudeatzearen, zaintzaren eta zigortzeko ahalmenaren ardura hondakinen kontrolik gabeko uzte, isurtze eta deuseztatze kasuetan tokian tokiko udalei” dagokiela, “kasu honetan Barakaldoko eta Sestaoko Udalei”, Eguzkik abuztuaren 22an aurkezturiko salaketaren aurrean azaroaren 10ean jasotako erantzunean agertzen denez, Galindoko arroan Ur Partzuergoaren araztegiaren parean aurkitutako tamaina handiko eta legez kanpoko hondakin solidoak direla-eta.

WhatsApp Image 2017-10-09 at 06.14.38Talde ekologista honek orduan nabarmendu zuen tokiko erakundeen ardura auzi honetan, bi udalei, Aldundiari eta URA Uraren Euskal Agentziari igorritako idazkian. Batzuek, Barakaldoko Udalak eta URAk esaterako, ez dute erantzuten; beste batzuek, Sestaoko Udalak eta Aldundiak kasu, erantzukizunak saihestuz erantzuten dute.

Sestaoko Udalaren irailaren 5eko gutunean adierazi zuten “Udal Zerbitzu Teknikoek egindako ikustaldian” ez dela “tamaina handiko edo kontrolik gabeko hondakinik aurkitu” eta ez diotela beharrezko iritzi “unean uneko interbentzioari”. Gogorarazi behar da uraren maila igo eta jaitsi egiten dela, eta uraren laminaren maila apala zenean egindako argazkiek erakusten zutela pilatutako auto gurpilak, zenbait metroko PVC hodiak, neurri handiko belakiak, supermerkatuko orgatxoak eta beste bazeudela.

WhatsApp Image 2017-10-09 at 06.14.39Era berean, eransten zuen “ondare publiko hidraulikoaren mantentzeak (ibaiaren arroa, ur lamina eta abar) Udalaren eskumenen esparrua gainditu” egiten duela. “Ondare publiko honetaz, URA Uraren Euskal Agentziak bermatzen du ardura orokorra edo espezifikoa duten erakundeen koordinazioa”. Hots, eskuak garbitzen ditu eta beste alde batera begiratzen du, baina, aldi berean, benetako arazoa agerian uzten du: KOORDINAZIO FALTA.

Sestaok URA seinalatzen duen bitartean, Aldundiak udalen gainean jartzen du erantzukizuna, Barakaldokoan zein Sestaokoan. Tartean, URAk isilik dirau. Honen aurrean, Eguzkik uste du gutxienez udalen erantzukizuna izan beharko lukeela arroaren egoera zaintzeak eta koordinazio lerroak abian jartzeak legez kanpoko hondakin kutsatzaile horiek berehala erretiratzeko, hondakin horiek hor daudela jakinarazi ostean.

WhatsApp Image 2017-08-17 at 22.12.34Herritarrok izan behar al dugu administrazio guztietan aterik ate ibiliko garenok, baten batek “bai, hemen da” esan arte? Koordinazio protokolo bat edukita, ez lukete berehala abian jarri beharko, legez kanpoko isuri kutsatzaile horien berri izan bezain pronto? Berriro diogu, argazki mordoa dugu, hemen ikusgai daudenak: http://eguzki.org/es/2017/08/22/eguzkik-galindo-ibaiaren-egoerari-buruz-ohartarazi-die-barakaldoko-eta-sestaoko-udalei-foru-aldundiari-eta-urari/

Ingurumena babesteaz hitz egiteak eta bi udalerriotan Galindok duen egoera negargarriaren aurrean erakutsitako arduragabekeriak hipokrisia maila handia erakusten dute, eta iduri luke gure agintariek, Atilaren gaur egungo bertsioa balira bezala, igarotzen diren lekuetan porlana eta suntsidura baino ez dutela utzi nahi. Hurrengo belaunaldiek ondare hori dela-eta oroituko dituzte.

EGUZKI (2017/11/16)

 Diputación Galindo 1Diputación Galindo 2

Respuesta Ayto Sestao