Arartekoak belarratik tira egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eguzkiri ingurumen-informazioa eman ez diolako
2018-03-07
Partekatu - Compartelo
Eguzkik eskatutako informazioa Ulia-Jaizkibeli buruzkoa zen, baina, egia esan, gaia edozein dela ere, Foru Aldundiak oso gutxitan erantzuten du.
Arartekoak onartu egin du Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentuaren kontra jarritako kexa, talde ekologistak Uliako eta Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremuei buruzko informazioa eskatu eta Departamentuak eman ez diolako.
Arartekoak Departamenduari gogorazi dio administrazio publikoak derrigortuta daudela egiten zaizkien eskaera guztiei espresuki erantzutera, modu azkar eta eraginkorrean, gainera. Derrigorrezko betekizun hori herritarrok administrazio ona izateko dugun eskubidearen ondorio da.
Arartekoak gogorazi dio ere azkar erantzun behar izatea ez dela kapritxoa, baizik eta parte-hartzearekin eta ingurumen-justiziarekin zerikusia duten gainerako eskubideak bermatzeko ezinbesteko baldintza. Horregatik, bai ingurumen-informazioa eskuratzeko legeak bai gardentasun-legeak diote administrazioek hilabeteko epea dutela erantzuteko. Epea bi hilabetera ere luzatu daiteke, baina betiere informazio-eskatzaileari abisua emanda.
ZER GERTATU ZEN
2016ko irailaren 28an, Eguzkik Uliako eta Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremuen kudeaketari buruzko informazioa eskatu zuen, zehatz-mehatz, habitat eta espezieak kontserbatzeko aurreikusitako neurrien betetze-mailari buruzko informazioa.
Markel Olanoren Foru Aldundiak erantzun ez zuenez, Eguzkik eskaera 2017ko urtarrilaren 24an berretsi zuen.
Aldundiak isilik jarraitzen zuela ikusita, talde ekologistak kexa jarri zuen Arartekoarenean.
Arartekoak uztailaren 21ean jo zuen Foru Aldundira kasu honi buruzko argibide eske. Gestio honen ondorioz, Aldundiak azaroaren 28an bidali zion Arartekoari Eguzkik eskatutako informazioa.
Gauzak horrela, Arartekoak ondorioztatu du begi-bistan dagoena, alegia, Foru Aldundiak ez duela informazioa eman legeek agindutako hilabeteko epearen barruan, 14 hilabete geroago baizik. Eta Arartekoak berak eskatu izan ez balu, seguru asko Aldundiak ez zukeen emango. Gainera, Arartekoak berak ohartarazi du berari bai, baina duda egiten du Adundiak informazioa Eguzkiri berari bidali ote dion. Eta Arartekoak arrazoi du. Izan ere, Eguzkik informazio hori Arartekoaren bitartez eskuratu du, ez Foru Aldundiak bidalita.
EGUZKIREN BALORAZIOA: EZ ERANTZUTEA DA FORU ALDUNDIAREN OHIKO JOKABIDEA
Arartekoari aurkeztu genion kexa Ulia-Jaizkibeli buruzko eskaera jakin batekin zegoen lotuta. Baina ez erantzutea Markel Olanoren Foru Aldundiaren ohiko jokabidea da. Legealdia hasi zenetik, hogei eskaera, salaketa eta proposamen baino gehiago aurkeztu ditugu foru erregistroan. Gai askotakoak… Aldundiak berak Jaizkibelgo habitat babestuetan zein monumento megalitikoetan egindako kalteak, izokinaren arrantza furtiboa Oiartzun ibaian, espezie zinegetikoen legez kanpoko merkaturatzea, Turismo Mahaian ingurumen-ikuspegia kontuan izateko beharra, hegazti fringilidoen ehiza eta salmenta… Bada, Aldundiak hiruzpalau alditan baino ez du erantzun (erantzunen “kalitateaz” ere hitz egitea mereziko luke, baina ez da gaurko gaia).
Foru Aldundiak parte-hartzea sustatzeko kanpaina garestiak egiten ditu, baina parte-hartzearen oinarrizko araua ez du betetzen.
Gure ustez, herritarron parte-hartzeak oinarrizko arau bat du: administrazio publiko baten erregistroan eskaera, salaketa, proposamen edo dena delakoa idatziz aurkezten denean, administrazio publikoak espresuki erantzun egin behar du, bai ala ez, eta, egokia bada, zergatik, eta epe logiko batean. Gainera, Arartekoak gogorazi duenez, oinarrizko arau hori legez babestuta dago. Bada, administrazio batek, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, oinarrizko arau horri sistematitkoki muzin egiten dion bitartean, zilegi izango da pentsatzea egiten dituen gobernantza berriaren aldarri etengabeak eta parte-hartzea sustatzeko kanpaina garestiak propaganda hutsa direla.