Zaldunbordan ezarri nahi duten merkataritza-gune berria salatzeko ibilaldia

Zaldunborda KartelaBidasoaldeko Legunek Eguzkiren laguntzaz antolatuta, igandean, apirilak 8, Hondarribiko Zaldunborda parajean egin nahi duten merkataritza-gune berria salatzeko ibilaldia egingo da. Batez beste, bi ordu eta erdiko ibilaldia izango da, erraza, adin guztietako pertsonentzat. Abiapuntua Irungo Landetxako RENFEren geltokia izango da, 9:30ean. Donostialdean merkataritza-gune gutxi omen dago eta, azkenaldion gune berriak ezartzeko proiektuak izugarri ugaldu dira. Horietako bat da Zaldunbordakoa.

Gaintxurizketa ondoan dagoen nekazal eremu hau larre eta zuhaizti mosaiko tipikoa da eta Jaizkibel mendiaren hegoaldeko hegalean dago (Kontserbazio Bereziko Eremua da Natura 2000 Sarean). Gune honetan zaborren erraustegi bat egin nahi izan zuten garai batean, eta gaur egun espekulazio-proiektu baten xede erakargarri da, non 100 establezimendutik gora, 1.000 aparkaleku eta gasolindegi bat izango dituen mega merkataritza-gune bat egin nahi duten (badirudi hidrokarburoak biltegiratzeko eta banatzeko proiektu bat duela).

Ez zen erraustegirik egin, baina kontrolik gabeko hondakindegia izan da. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak gunea deskontaminatzeko eta ixteko plan bat eskatu zion jabea den Txinzer enpresa publikoari. Lurra ez da lehengoratu, eta salerosketa azpijoko nahaspilatsuen bidez, sustatzaile pribatu baten eskutan bukatu du, zeinak lurra birkalifikatu eta 40.000 m2 hartu nahi dituen eremuaren paisaia eta biodibertsitatea betiko suntsituz.

Hondarribiko Udaleko oposizio guztia, eta aho batez Irungo udalbatzarra, proiektuaren kontra azaldu dira.  Hala ere, aurrera doa.

Lanpostuak sortzen dituzten eragile ekonomikoak direla argudiatuz, “saldu” nahi dizkigute gune mota hauek, baina hori ez da egia; izan ere, toki horien inguruko  azterketa sozio-ekonomiko guztiek frogatzen dute sortzen diren lanpostuen bikoitza baino gehiago suntsitzen direla. Enpresa mota hauek soilik dira bideragarriak baldin eta langileen baldintzak murrizten badira prozesuaren fase bakoitzean eta baliabide naturalak mugarik gabe ustiatzen badira.

Hartutako eremua betiko suntsitzeaz gain, ingurumenarekiko eta tokiko ekonomiarekiko eraginak ere larriak dira, eta ondorioz, besteak beste, ibilgailuen trafikoa handituko litzateke (isurpen kutsatzaile gehiago, eraginak osasun eta segurtasun publikoan, etab.), Natura 2000 Sarean babestuta dauden naturguneen (Jaizkibel, Aiako Harria eta Jaitzubia-Txingudi) arteko lotura ekologikoa oztopatuko litzateke eta salgaiak urrutitik garraiatu beharrak inpaktu handia izango luke.

Onargarria al da gutxi batzuen irabazi-grina nagusitzea gure eskualdetako ingurune naturalaren, ingurumenaren, paisaiaren, ekonomiaren eta merkataritzaren, guztion ondarearen eta interes orokorraren aurrean?

Bidasoaldeko Lagunak

Intxaurrandieta eta Errazkinekin elkartasunez, manifestazioa 7an Azpeitian

apirilak7TESTUA; ARGIA

Elkar Ekin Azpeitian “Elkartasuna eta Aldaketa soziala” lantzen dituen elkarteak deituta, datorren larunbatean, apirilak 7, manifestazioa burutuko dute GHKren agintean zeudenean Zubietako erraustegiaren kontratua eteteagatik Madrilen epaitu behar dituzten Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietarekiko elkartasunez.

Epaiketa apirilaren 12an egingo dute Madrilen, gaur GHKn agintzen dutenek –EAJ eta PSEko buruek– hala eskatuta. Errazkin eta Intxaurrandieta epaituko dituen mahaiko juje ponente izango da Margarita Mariscal de Gante, Aznarren denboran PPko ministro izana. GHKko buruen eskariz, 41 milioi euroko kalte ordainak pagarazi nahi dizkiete Errazkin eta Intxaurrandietari Bildu zengoenean Gipuzkoako aginte leku gehienetan Zubietako erraustegia gelditu izanagatik.

Ainhoa Intxaurrandietak LARRUNen kontatu du GHKn agintea hartu zutenean errausketaren aferaren inguruan aurkitu zuten egoera. Iñaki Errazkinek elkarrizketa batean esan berri du: “Herritarrek demokratikoki babestutako proiektu politikoa da auzitara doana”.

Azpeitiko manifestaziorako deia ekitaldi jendetsu batean zabaldu zuen Elkar Ekin elkarteak eta geroztik hainbat alderdi, sindikatu eta gizarte mugimenduk egin du bat deialdiarekin. Manifestazioa larunbatean arratsaldeko 18:30etan abiatuko da Azpeitiko plazatik.

Elkar Ekinek manifestazioa aurkezteko eginiko ekitaldia.

Elkar Ekinek manifestazioa aurkezteko eginiko ekitaldia.