Albistea

  • Donostia eta klima aldaketa: propaganda gehiegi, konpromiso gutxiegi

    2018-06-11
    Partekatu - Compartelo

    Klimari buruzko Pariseko goi-bilera zela eta, Eguzkik hondartzan eginiko

    Klimari buruzko Pariseko goi-bilera zela eta, Eguzkik hondartzan eginiko “pintada” bat.

    Donostiako Udalak Klima DSS 2050 Ekintza Plana onartu du, urrats “esanguratsua”, dio Udalak berak, “ondorio menderagaitzak izango dituen klima aldaketaren arazoa saihesteko bidean”.

    Plana onartu dela eta, alkateak hainbat pertsona eta talde gonbidatu ditu, tartean Eguzki, ekainaren 14an Gladys Enean egingo den ekitaldi batean parte har dezaten. Ekitaldian zuhaitz bat aldatuko da, “donostiarrek klima aldaketari aurre egiteko egindako ahaleginaren oroigarri”. Zuhaitzak dira hirietan berotegi-efektuari aurre egiteko tresnarik onenak, nahiz eta Donostian, egia esan, sarri botatzen diren, espantu handirik gabe bota ere.

    Gauzak horrela, geure buruari honako galdera hau egiten diogu: aldatuko den zuhaitza Eskuzaitzetan bota zituzten 18.000 haietako baten kimua izango ote da? Eskuzaitzetan, badakizue, erraustegia eraikitzen ari dira. Inoiz funtzionatzen badu, Gipuzkoan negutegi-efektuko gas-sortzailerik handiena edo handienetariko bat, behintzat, izango den erraustegi hori bera. Eta horrela izango da, Zabalgarbi Bizkaian gas horien sortzaile nagusietakoa den bezalaxe, “Ingurumen Gunez” edo beste etxeko amonaz mozorrotzen saiatzen badira ere. Baita, itxura berdeago emate aldera, aldamenean Klima Aldaketaren Zentroa jartzen badute ere.

    Eskuzaitzeta poligonoa atontzeko, batez beste 18.000 zuhaitz bota zituzten. Egia esan, Donostian zuhaitzak erraz asko baotatzen dituzte.

    Eskuzaitzeta poligonoa atontzeko, batez beste 18.000 zuhaitz bota zituzten. Egia esan, Donostian zuhaitzak erraz asko baotatzen dituzte.

    “Donostiarrek klima aldaketari aurre egiteko egindako ahalegina”ri dagokionez, berriz, ez dakigu zehatz-mehatz esaten handia edo txikia izan den. Garbi dago batzuk saiatzen direla, alor batean edo bestean, eta beste batzuk, aldiz, ez. Baina lasai asko esan dezakegu, datuak publikoak direlako eta edonoren esku daudelako, Donostia dela, alde handiarekin gainera, San Markoko Mankomunitatean etxeko hondakinak nahastuta, hau da, gaika behar bezala sailkatu gabe, gehien biltzen duen udalerria. Beste modu batean esanda: Donostia da erraustegiaren “beharra” gehien elikatzen duen udalerria. Funtzionatzen badu, arestian esan bezala, Gipuzkoan negutegi-efektuko gas-sortzailerik handienetarikoa eta, ondorioz, klima aldaketaren eragile nagusietakoa izango den erraustegi hori. Eta zergatik da Donostia etxeko hondakinak nahastuta gehien biltzen duen udalerria? Garbi esanda: Udalak ez duelako gaikako bilketa-sistema eraginkorrik ezarri nahi. Buruan sistema jakin bat ote dabilkigun? Ez bereziki. Udalak Gipuzkoan bertan hainbat sistema ditu aukeran, aldaera desberdinekin, gainera. Eta horietako edozein ezarrita, edozein, oraingo emaitzak hobetuko lituzke. Izan ere, une honetan, Donostia azken putz da Gipuzkoan birziklatze-tasan.

    Garai batean, Donostia ofizialaren eta errealaren arteko aldea nabarmentzeko, zera esan ohi zuten: “San Sebastián, mucha bandera y poco pan”. Esaera haren arrastoan, Udalak ekainaren 14an klima aldaketaren inguruan antolatu duen ekitaldia dela eta, zera esaten dugu: “Propaganda gehiegi, konpromiso gutxiegi”.

    EGUZKI

    maskaraduna


    Partekatu - Compartelo