Albistea

  • Deba-Zumaia Biotopoan dauden arazoei buruz hitz egin dute Eguzkik eta Naturkonek Batzar Nagusietan

    2019-02-13

    flysch3Deba-Zumaia Biotopo Babestuaren egoeraz hitz egin dute gaur Batzar Nagusietan Eguzkik eta Naturkonek.

    Agerraldia EH Bilduk eskatu zuen, Eguzkik azaroaren 10ean flysch-a auzolanean garbitzeko egin zuen deialdia dela eta. Eguzkik, halaber, deialdi hura egin zuen Biotopoa plastikoz beteta zegoela agerian utzi zuen Oier Bartolomeren bideo biral baten arrastoan.

    Egun hartan, berrehun bat boluntariok bizpahiru tona hondakin bildu zituzten. Baina begi-bistan geratu zen hura ezer gutxi zela eta, arazoari benetan helduko bazaio, garbiketa sarriago eta ekipo profesionalekin egin beharra dagoela.

    Una imagen de la jornada de noviembre, en la que se recogieron entre dos y tres toneladas de residuos plásticos.

    Azaroko garbiketa-egunean ateratako irudi bat. Bertaratutakoek, bizpahiru tonelada hondakin plastiko bildu zituzten..

    Hondakin plastikoen arazotik harago, Eguzkik eta Naturkonek (Gipuzkoako talde naturzaleak batzen dituen koordinadora da Naturkon) gaurko agerraldia aprobetxatu dute Biotopoaren egoeraren berri emateko. Izan ere, arazo latzak ditu hainbat alorretan (turismo, ehiza, arrantza, abeltzantza…) eta arazo horiek Biotopoaren arauak eta aurreikuspenak ez betetzearen eta kuadeatze kaxkarraren ondorio dira.

    Zoritxarrez, arazo horiek ez dagozkio soilik Deba-Zumaia Biotopoari, Gipuzkoako naturgune babestu guztiei baizik, eta hori ere nabarmendu dute agerraldian.

    Bukaeran, laburpen gisa, Eguzkiko eta Naturkoneko ordezkariek honako hauek eskatu dituzte:

    – Biotopoa kudeatzeko plan bat egitea; izan ere, Biotopo izendapena orain dela hamar urte egin bazen ere, oraindik ez dago kudeatze-planik.

    – Biotopoa Natura 2000 sarean sartzeko lanean hastea.

    – Beharren adinako giza baliabide bideratzea, egun bideratzen diren ak (basozain, ikuskari…) ez baitira nahikoak.

    – Itsas bazterreko hondakinak,  plastikoak gehien bat,  maiztasunez eta eraginkortasunez garbitzeko plan zehatz bat.

    – Ingurumenaren babeserako legeak eta arauak betetzea, egun beste edozein jarduerarekiko menpekotasunez jokatzen bait dute administrazio naiz arduradun ezberdinek.