Oreretako Pekin errekan isuriak izan direla eta, Ingurumen Fiskaltzak ikerketa-diligentziak ireki ditu
2019-10-21
Partekatu - Compartelo
Herritar batek bigarren isurian ateratako honako argazki hauek bidali dizkigu. Hildako arrainak errazago ikusteko aukera eta guzti eman digu.
Oreretako Pekin errekan isuri kutsakorrak izan direla eta, Ingurumen Fiskaltzak, Eguzkik egindako salaketa bati jarraituz, ikerketa-diligentziak irekitzea erabaki du, isuriak ingurumenaren aurkako delituak izan daitezkeelakoan.
Lehenengo isuria irailaren 17an gertatu zen, eguerdi partean. Egun hartan, erreka zuriz tindatu zen Masti-Loidi eta Pontika bitartean, eta hainbat arrain hilik agertu ziren. Bigarren isuria, berriz, egun batzuk geroago gertatu zen, eta kasu horretan ere arrain ugari hil zen.
Salaketaren bidez, Eguzkik agerian utzi nahi du hemen delituak egiten ari direla, alde batetik, eta, bestetik, Pekin errekak behar bezala saneatu gabe jarraitzen duela eta, ondorioz, kutsadura etengabe garraiatzen duela Pasaiako badiara.