Eguzki: “Gipuzkoan saneamendu-lanak egiteko orain dela urtebete Jaurlaritzak eta Aldundiak iragarri zuten Akordioak izenpetu gabe jarraitzen du; are gehiago, neurri handi batean, ezerezean geratu da”

Mijoa errekak Saturrarango hondartza ondoan isurtzen du.

Mijoa errekak Saturrarango hondartza ondoan isurtzen du.

Gipuzkoa saneatzeko Esparru Akordio berri bat iragarri zuten iazko otsailaren 1ean Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta Ingurumen foru diputatu Jose Ignacio Asensiok. “Laster” izenpetzeko asmoa zuten Akordio hartan zehazten ziren herrialdean 2027ra arte egin beharreko saneamendu-lan guztiak eta beraien finantziazio-ardurak. Eguzkiko kideok eszeptiko agertu ginen. Gure eszeptizismoaren arrazoia ez zen Akordioa izenpetuko ote zuten, izenpetu ondoren beteko ote zuten baizik, jakina. Bada, Akordioa iragarri zutenetik urtebete pasatu da eta izenpetu ere ez dute egin. Oraindik izenpetzeko garaiz daude? Bai, baina legeladia bukatuta eta hauteskundeak deituta, oso-oso sinesgarritasun gutxi izango luke. Gainera, eta hau da benetan garrantzitsuena, bihar izenpetuta ere, orain dela urtebete iragarritakoa dagoeneko ezerezean geratu da, hein handi batean behintzat.
Arriolak eta Asensiok iragarri zutenaren arabera, guztira, 61 milioi euro inbertitu behar ziren. Horietatik 45,2 Jaurlaritzak eta Aldundiak ipiniko zituzten, zehatz-mehatz, 32,5 eta 12,7, hurrenez hurren. Gainerako dirua Añarbeko Uren, Txingudiko Zerbitzuen, Gipuzkoako Uren eta Donostiako eta Pasaiako udalen kontu geratuko zen.
Inbertsio horiek bi epetan egingo ziren, 2001era arte, lehenengoa, eta 2021etik 2027ra arte, bigarrena. Lehenengo epean egingo ziren “populazioan eta ur-ingurunean inpaktu handiena izango duten inbertsioak”, esaterako, Pasai Donibaneko, Saturrarango hondartzan isurtzen duen Mijoa errekako edota Tolosan Oriarekin bat egiten duen Zelai ibaiko saneamendu-lanetan. Bigarren epean, berriz, Andoaingo Ziako errekaren edota Mendaroren txanda iritsiko zen.
Alabaina, 2020ko aurrekontuetan ez dute Akordioaren konpromisoei aurre egiteko dirurik ipini. Oso adierazgarriak dira Pasai Donibaneko eta Mijoa errekako kasuak, besteak beste, Asensio diputatuak berak espresuki aipatu zituelako otsailean, Esparru Adordio berria horien “gabezia historikoak” konpontzera zetorrela nabarmenduz. Bada, dirurik gabe, lanik ez, eta, ondorioz, Akordioa izenpetu aurretik ere badakigu 2021erako aurreikuspenak ez direla beteko.

Pasai Donibanen abenduan eginiko agerraldia, saneamenduaren enegarren atzerapena salatzeko.

Pasai Donibanen abenduan eginiko agerraldia, saneamenduaren enegarren atzerapena salatzeko.

Kontuan izan behar da Arriolak eta Asensiok iaz iragarritako Esparru Akordio berrian aipatutako saneamendu-proiektu gehienak 2007-2011 Esparru Akordioan zeuden berberak zirela, Eguzkik bere momentuan konstatatu zuen bezala. Are gehiago, batzuk 2003-2006 Esparru Akordioan ere aipatzen ziren! Hau da, aspaldi eginda eta martxan egon behar ziren proiektuak dira.

taula_eus[1]Esparru Akordio berriaren bidez, Arriolak, nolabait, “oraingoan bai” esan nahi izan zuen. Eguzkiook, ordea, eszeptiko agertu ginen, eta urtebete geroago agerian da arrazoi genuela. Asmatu izanagatik ez gaude harro, e? Izan ere, asmatzeak ez zuen aparteko meriturik, Euskal Herriko ibaien saneamenduaren historia atzerapen kronikoen historia bat baita.
Eta administrazio publikoek saneamenduari dedikatzen dizkioten sosak modu nabarmenean emendatzen ez diren bitartean, are atzerapen handiagoak izango dira. Kontuan izan behar da Plan Hidrologikoa berraztertzen ari dela eta 2021. urtea bukatu baino lehen Plan Hidrologiko berri bat indarrean jarriko dela. Plan berri horren neurrien artean, orain arte egin ez diren saneamendu-proiektu zaharrak egongo dira, halabeharrez, baina baita berriak ere, hauek ere halabeharrez, azken urteotan zorroztu den ur araudiaren ondorioz. Beraz, inbertsio gehiago beharko dira.
Laburbilduz: horrela jarraituz gero, hau da, inbertsioak nabarmen handitu ezean, saneamendu-sare oinarrizkoa ez da hamarkadetan osatuko.

Eguzki, 2020ko otsailean

JAIZKIBELI BURUZKO ARGAZKI ERAKUSKETA LEZON

KARTEL LEZO

Naturaren mundu egunarekin bat eginez (martxoak 3), Lezoko Udalarekin elkarlanean, Eguzki talde ekologistak argazki erakusketa bat antolatu du, eta hilaren 2tik martxoaren 6ra arte egongo da ikusgai, kultura saileko erakusketa aretoan, Donibane kaleko 2. zenbakian, goizeko 11:00etatik 13:30ak arte eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30era.

Erakusketak, funtsean, irudiak/argazkiak erabiliz, Natura 2000 Sarearen parte den gune babestu horretan dauden balioen berri eman nahi die herritarrei, eta baita gune berean dauden arriskuez ohartarazi ere, eremu babestu gisa ezarrita dituen kontserbazio-helburuen aurkakoak baitira.