Gaur, ekainaren 8a, Nazio Batuak Ozeanoen Eguna izendatua dute. Eguzkitik, aukera egokia dela uste dugu atxikita bidaltzen ditugun irudiak zabaltzeko (klikatu irudi gainean).
Askotan entzuten dugu itsasoa plastikoz josita dagoenaren argudio, laster arrain baina plastiko gehiago egongo dela… Jakin ere badakigu egun, ozeanoetan barreiatuta dagoen plastikoak Europa eta Australia kontinenteen azaleraren baturaren parekoa dela, ia hamazortzi milioi kilometro karratuko hedadura.
Eguzkitik gaurkoan adierazi nahi dugu plastikoen arazoa lehendik ere gurea bazen, mikroplastikoena ere iritsi dela eta horren adierazgarri hemen zabaltzen dugun bideoa. Bideo hu maiatzaren 22an Iraia Urangak grabatu zuen, bere zaletasuna den urpekaritza praktikatzera Jaizkibelera, Fraileen hondartzara (Hondarribia) joan zenean. Berak oso ondo adierazi zigun “Betidanik egin dut urpekaritza eta sekula ez dut horrelako plastiko pilaketarik topatu. Ikaragarria izan zen, zati txiki-txikiz osaturiko ur masa bat zen”.
Eguzki Talde Ekologistatik bideo honen laguntzaz gaurko egunez adierazi nahi dugu, mikroplastikoen arazoa hemen dagoela, gurean dela, ez dela soilik beste latitude batzuetako arazoa. Gaia serio hartu behar dugula, bai gure administrazio ezberdinek baina herritarrok ere. Gure hondakinen kudeaketa egokia egiteko garai iritsi da, baita erosketak era arduratsuan egitekoa, produktua irauteko ekoiztekoa, ekodiseinua eta material iraunkorrak lehenestekoa, bertako edo gertuko gaiak erostekoa… Ezin dugu beste alde batera begiratu.
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2020ko ekainaren 8an.
Informazio osagarria:
Mikroplastikoak
Zoritxarrez, etengabe gora badoa ere, plastikoena ez da arazo berria. Aldiz mikroplastikoena bai. Esan dezakegu, plastiko zatiek 5mmtik behera dutenean, milkroplastiko deitzen zaiela. Hauek bi motatakoak bereiz ditzakegu:
– Jatorrian mikroplastikoak direnak. Hauek kosmetikan oso erabiliak dira
– Eratorriak: plastiko biodegradagarria ez denez, soilik zati txikiagotan desegiten da eta zati horiei eratorriak edo bigarren mailakoak esaten zaie.