Zabor-tasa kobratu du abuztuan Lasarte-Oriako Udalak: ehun eurotik gora. Sare sozialetan kexak egon dira, gehiegi ez ote den edo. Gehiegi den ala ez eztabaidagarria da, baina ez da eztabaidagarria, batetik, azken urteotan tasa KPIren gainetik igo dela (oso modu nabarmenean, gainera), eta, bestetik, aurten ere ez dela birziklatzen dutenentzako hobari edo deskonturik izan.
Azter dezagun, lehendabizi, igoera. Honako taula honetan ikus daitezke azken urteotako igoerak, KPIrenak eta zabor-tasarenak:
Datuok ezin argigarriagoak dira, azken urteotan zabor-tasaren igoerak KPIrenak baino askoz handiagoak izan dira; izan ere, bost aldiz handiagoak izatera ere iritsi dira. Ez da oso zuhurra izan behar neurrigabeko igoera hauek erraustegia finantzatzeko beharrarekin lotzeko.
Hala ere, okerrena ez da igoera (izugarria, edonondik begiratuta ere). Okerrena da birziklatzen dutenentzako hobari edo deskonturik ez dagoela. Beraz, birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordaintzen dute. Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Eta hori Lasarte-Oriako Udalak espresuki hala erabaki duelako.
Hori bai, birziklatzearen alde dagoela esaka jarraitzen du Udalak, eta itxurak egiteko, egingo balu bezala baina benetan ezer egin gabe, lurpeko edukiontziei buruzko erreferendum absurdo hori sustatzen du. Erreferendum horrek ez du ezertarako balio, ez, behintzat, Lasarte-Oriak hondakinen alorrean planteatuta dituen arazoei heltzeko.
Udalak laster erabaki beharko ditu datorren urteko tasak. Okerrak zuzentzeko aukera berri bat.
EGUZKI, 2020ko iraila