Lasarte-Oriako Udalak itxurakerian jarraitzen du zabor-kontuetan: noiz birziklatuko da?

Lasarte_1Beharbada ezagutuko duzu txistea… Gizon bat hil zorian dago etxeko logelan, senide guztiek inguratuta. Bat-batean susperraldi txiki bat izan du eta, azken indarrak batuz, galdetu du: “Denak hemen al zaudete?”. “Bai, aita, denak hemen gaude”, erantzun dio seme zaharrenak. “Seguru?”, konfirmatu nahi izan du aitak. “Bai, den-denak hemen gaude”, berretsi du semeak. “Orduan, zer demontre egiten du sukaldeko argiak piztuta?”, aitak.

Txistea gogora etorri zaigu Lsarte-Oriako Udalaren propaganda bat etxean jaso dugunean. Propaganda horren izenburua da “Zergatik da garrantzitsua organikoa birziklatzea?”, eta, joño, ez bat eta ez bi, bost arrazoi ematen ditu, eta bostak, zinez, oso arrazoi arrazoizkoak. Orduan, txisteko gizon hura bezala, galdezka hasi gara: Udalak organikoa birziklatzea hain garrantzitsua dela uste badu, zergatik ezarri zuen birziklatzeko sistemarik kaskarrena? Zergatik ez du geroztik sistema hobetzeko neurririk hartu? Zeren zain dago? Zergatik zigortzen ditu organikoaren birziklatzaileak birziklatzen ez dutenen tasa berbera ordainaraziz? Udal gobernuak noiz demontre utziko dio itxurak egiteari? Noiz demontre hartuko ditu hartu beharreko neurriak?

Ez gaizki ulertu. Oraindik ez baduzu 5. edukiontzirako izenik eman, eman ezazu. Ez da batere kostatzen eta ekintza sinple horrekin mesede ederra egiten diogu ingurumenari, baita geure buruari ere. Baina Udalak zabor-kontuetan darabilen itxurakeriak, gauza bat esan eta oso bestelako bat egite horrek, amorru handia ematen digu. Noiz birziklatu behar da?

Eguzki, 2020ko abendua

Ikusten? Teoria primeran dakite, herritarroi lezioak emateko moduan. Baina praktikan...

Ikusten? Teoria primeran dakite, herritarroi lezioak emateko moduan. Baina praktikan…