Duela bi urte Pasaiako Portuko sute handiak kixkalitako txatarra garraiatzen hasi dira, baina herritarrok jarraitzen dugu zer gertatu zen jakin gabe
2020-12-04
Partekatu - Compartelo
Kixkalitako txatarra mugitzen hasi da.
2018ko abuztuaren 2an Pasaiako Portuan gertatu zen sute handiak kiskalitako txatarra garraiatzen hasi dira. Moilan bertan egon da orain arte, epailearen aginduz edo. Txatarra garraiatzen hasi dira, bai, baina herritarrok ez dugu horregatik sute haren kausa eta ondorioei buruzko informazio gehiago, eta batez ere ez dugu horrelako zerbait berriro gertatuko ez den inolako bermerik, geroztik, segurtasun aldetik eta, ezer gutxi aldatu delako.
Gauzak horrela, berresten dugu joan den abuztuan, sute haren bigarren urteurrenean, egin genuen salaketa, eta espresuki irakurtzera animatzen zaituztegu:
2018ko abuztuaren 2an, Pasaiako Portuko Lezoko moilan sekulako sutea piztu zen txatarra deskargatzen ari ziren bitartean (auto birrinduak, birziklatzeko inportatu ohi direnak). Hodei toxikoa hamarnaka kilometotan zabaldu zen kostan barrena. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun eta Osasun sailek badia inguruko udalerrietako bizilagunei (Orereta, Lezo, Pasaia eta Donostiako Mirakruz eta Ulia auzoetakoei) badaezpada etxeko leihoak ixteko eskatu zieten, txatarrari eta txatarrari atxikitako hondakin ez metalikoei zerien kearekin ez pozoitzeko. Airearen kalitatea behatzeko Lezon dagoen estazioak onartutako gehienezko PM10 partikula-kopurua hirukoiztu egin zela erregistratu zuen egun hartako zenbait momentutan.
Irudi honek argiro gogorazten du zer gertatu zen.
Ondorengo egunetan, berriz, Portu Agintaritzak zein Eusko Jaurlaritzak lasaitasun-mezuak zabaldu zituzten: den-dena kontrolpean zegoen; sutea ustekabekoa izan zen, tenperatura handien ondorio; txatarrak baldintzak betetzen zituen; protokoloa uneoro behar bezala bete zen, eta ez keak ez sutea itzaltzeko erabilitako urak ez zutela eraginik izan ez herritarren osasunean ez ingurumenean.
Alabaina, hainbat herritarrek Portuan segurtasun-falta dagoela salatu zuten, eta hainbat informazio kezkagarri zirkulatu ziren, baita komunikabideetan ere. Esaterako, txatarrak (auto birrinduak) araudia ez zuela betetzen.
Gauzak horrela, Ingurumen Fiskaltzak ikertzeari ekin zion, ofizioz ekin ere. Are gehiago, Badian Bizi herri plataformak ikertzeko eskaera egin zionean, Fiskaltzan, hasieran, ez zuten eskaera-idatzia hartu nahi, beharrezkoa ez zela argudiatuta, ikerketa martxan zegoelako. Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak behin-behineko diligentziak ireki zituen. Baina geroztik ez dugu ezer jakin.
Ia bi urte eta erdi pasatu eta gero, kixkalitako txatarra mugitzen hasi omen dira, baina herritarrek ez dute sute haren kausei eta ondorioei buruzko informazio gehiago, eta batez ere ez dute horrelako zerbait berriz gertatuko ez den bermerik.