Albistea

  • Donostiako Udalari Santa Klara uhartean babes-neurriak hartzeko eskaera bateratua

    2020-12-10
    Partekatu - Compartelo

    Santa Kara-txikiaBiziLagunEkin plataformak, Eguzki talde ekologistak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Parkea Bizirik Kulunbera elkarteak proposamen zehatzak egin dizkiogu Donostiako Udalari, Santa Klara uhartean babes neurriak ezartzeko.

    Cristina Iglesiasen esku hartze artistikoaren lanak amaitzeko denbora gutxi falta dela iragarri den honetan, uste dugu aukerak daudela uhartearen turisitifikazioa, masifikazioa eta bertako natura-ingurunea hondatzea saihesteko. Horretarako uhartearen erabilera-plana ezaugarri zehatz batzuk barne hartuz ezartzea beharrezkoa litzateke.

    Honako bideo honetan duzu gure planteamenduaren laburpen bat:

    https://www.youtube.com/watch?v=-3XVdA31TIE

    Hemen, berriz, Udalari aurkeztu diogun dokumentua…

    SANTA KLARA UHARTEAREN KUDEAKETA IRAUNKORRERAKO PLANA

    Santa Klara uharteko itsasargiko lanak amaitzear dira eta Cristina Iglesiasen artelana 2021eko udaberrian ikusgai egotea espero da. Proiektua iragarri zenetik asko izan gara honek ekar zitzakeen ondorioekiko zalantzak agertu ditugun elkarte, eragile eta norbanakoak. Behin baino gehiagotan adierazi bezala, ekimen honek, ingurumenean, ondarean, udal ogasun publikoan, hiriaren turistifikazio prozesuan eta hiri-espazioaren pribatizazioan eraginak izango ditu. Hala ere, egindako hobekuntzarako iradokizunei entzungor eginez, Donostiako Udal Gobernuak suharki defendatu du proiektuaren gauzapen integrala. Hasieran markatutako bide-orria ez dute batere aldatu, ezta ere, COVID-19 birusaren pandemiaren ondorioz bizi dugun osasun krisiak eta krisi ekonomikoak eztanda egin ondoren. Are gehiago, Donostiako Udal Gobernuak 2020ko azaroaren 3an onartu zuen Santa Klara itsasargiko lanen kontratuaren bigarren aldaketa, obraren kostua %11 garestitzea adostuz. Noiz eta, krisi testuinguru honetan, behar eta premia sozialak areagotu direnean.

    Santa Klarako itsasargian burutzen ari den eskuhartze artistikoak uhartean eta hirian orohar sortu ditzakeen albo-eraginez kezkaturik, idatzi hau sinatzen dugun elkarte eta eragileok ondorengo gogoeta konpartitu nahi dugu:

    Santa Klara uhartea Donostiaren nortasun kolektiboa ardazten duen elementu egituratzaile bat da. Aparteko balioa duen harribitxi hau ordea, naturalki aberatsa bezain hauskorra da. Ondorioz, gune honek jasaten duen presio antropikoa areagotzea erabat kaltegarria suerta daiteke. Hortaz, uhartean sartzen den bisitari kopuruaren gehikuntza ekar dezakeen ekimen honekiko arduratuta gaude.

    Sinatzaileen artean itsasargiko proiektuaz nork bere iritzia eta jarrera duen arren, ez genuke proiektu honen balio artistikoa zalantzan jartzerik nahi. Hala ere, proiektua ez bada hiriaren eta inguruaren balioak babestu eta bermatzeko neurriekin batera gauzatzen, konpondu ezinezko kalteak sortuko dituela deritzogu. Izan ere, presente dugu Gaztelugatxen gertatzen ari dena, “Game of Thrones” telesailean agertu zenetik erakusleiho turistiko hutsala bilakatu baita. Gertuko adibide honek erakusten digunez, bisitarien ugaritzeak paisaia-ezaugarri bereizgarrien eta natura-balioen galera progresiboa eragin ditzake.

    Aldiz, Donostian garaiz gaude beharrezko neurriak hartuz gero, gizarte eta ingurumen inpaktu konponezinak saihesteko. Horretarako ezinbestekoa da proiektuak sortu ditzakeen ondorioak aurreikusi, aztertu eta kudeatzea. Jakin badakigu ekimenaren bultzatzaileek ere kezka hauetako asko partekatzen dituztela eta dagoeneko uhartearen etorkizuneko kudeaketarako oinarriak zehazteko lantalde teknikoa abiarazi dutela.

    Aurreko testuingurua aintzat hartuz, espazioa modu eraginkorrean babesteko funtsezkotzat jotzen dugu uhartearen kudeaketa eta erabilera plan bat eratzea, zeinak garatu ahalko diren jarduerak eta hauen ezaugarriak arautuko dituen. Honekin batera, planak, gutxieneko aurrebaldintza hauek errespetatzea eskatzen dugu:

    1. Donostiako Udalbatzak 2020ko uztailaren 23an Santa Klara uharteko edukierari buruzko mozioan onartutako puntua garatzea. Hau da, edukierari buruzko berariazko plan bat eginez, Santa Klarara iristeko garraioak eta uhartean sartu daitekeen gehienezko jende kopurua irizpide mugatzaileenen arabera finkatzea. Zehazki, hau da Udalbatzak onartutako puntua:

    Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari osatu eta jarri dezala herritarren eskura Santa Klara uharteko edukierari buruzko berariazko plan bat. Plan honek, halaber, COVID-19 birusaren testuinguruaz haragoko beharrei erantzun beharko die eta besteak beste bisitari kopuruak ingurumenean izan ditzakeen eraginak aintzat hartu beharko ditu.

    2. Uharteko irekiera sasoia eta joan-etorrietarako epea, gaur egun Santa Klarari eragiten dion 2003ko udal bandoak definitzen duena izaten jarraitzea, urtean 4 hilabetekoa, alegia.

    3. Irekiera sasoia errespetatuz, uharteko erakargarritasun elementu nagusia bilakatuko den itsasargia, bisitarientzako astean 4 egunez baino ez zabaltzea. Honekin, astean 3 egunez bada ere, uharteak egun betetzen duen lagunarteko aisialdirako arnas-gune funtzioa mantentzea bermatuko litzateke.

    4. Onarturiko jarduerak publikoak eta Donostiarren onurari begira jarritakoak izatea (bereziki ingurumen heziketarekin harremana duten interes pedagogikoa dutenak sustatuz), beti ere, hiri erakargarritasuna eta hazkunde turistikoa jomuga dituzten ikuspegiak irmoki baztertuz.

    5. Itsasargiaren kudeaketa eta sarbideen kontrola erakunde publiko baten esku uztea (Cristina Enea Fundazioa), logika monetaristen menpeko interes oro alboratuz.

    6. Santa Klara uhartean bestelako azpiegitura gehigarri berririk eraikitzeari uko egitea.

    Horrenbestez, Santa Klarako itsasargiko eskuhartzea aukera aparta izan daiteke udalaren, teknikari eta adituen, eta gizarte eragileen arteko adostasunetik sortutako proiektu ireki eta partehartzaile bat planteatzeko, Donostiak iraunkortasunarekiko duen konpromezuaren erakusgarri izango dena. Santa Klara uhartea ezin da baliabide turistiko estrategiko modura ulertu, etorkizuneko belaunaldientzat zaindu behar den biotopo babestu bezala baizik. Hori dela eta, idatzi hau sinatzen dugun elkarte eta eragileok, eskari zuzena egiten diogu Udal Gobernuari nahiz Santa Klarako itsasargiko instalazio artistikoaren proiektuan lanean ari den talde teknikoari, uhartearen babesa bermatzeko eskura dituzten baliabide guztiak aktibatu ditzaten, hemen jasotako proposamenak aintzat hartuz.

    santaklara-logoak


    Partekatu - Compartelo