Udalak hiru isun ipini zituen 2020an metroko isurketengatik

urumeaBaina ez al zuten alkateak eta Ekologia zinegotziak esan Udalak ez zuela horrelako isurketak zigortzeko eskumenik?

Orain dela urtebete irudian ikusten den isurketa albiste izan zen. Morlanseko metroko obretan hasi eta Urumean bukatu zen. Urteurrena aukera ona izan daiteke jakinarazteko isurketa harengatik Udalak Miraconcha Easo UTEri 3.000 euroko isuna ipini ziola, edo, hobeto esan, 2.400, ordainketa berehala egiteagatik. Ez zen izan metroko isurketengatik Udalak 2020an ipinitako isun bakarra. Guk dakigula, beste bi ere ipini zituen, biak ala biak Easo Plaza inguruan eginiko isurketengatik. 3.000 eta 1.500 euro, hurrenez hurren, edo 2.400 et 1.200, berehala ordaintzeagatik.

Hiru isurketetatik bi “oso larritzat” eta hirugarrena “larritzat” jo zituzten arren, isunak huskeria dira, noski, batez ere Zubieta kaleko “aberiak” metroko obretan ekarri duen gainkostuarekin alderatuta. Gainera, nola edo hala, isun horiek ere denon artean ordainduko ditugu, ohi bezala. Dena dela, hiru isun ere ez dira gutxi kontuan izanda Eneko Goia alkatea eta Enrique Ramos Ekologia zinegotzia orain dela urtebete esaka aritu zirela UDALAK HORRELAKO ISURKETAK ZIGORTZEKO ESKUMENIK EZ zuela. Gogora dezagun:

ramos1https://www.diariovasco.com/san-sebastian/investigan-vertido-urumea-20200224141056-nt.html

goia1

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/7056663/vertido-rio-urumea-obras-metro-febrero-2020/

Eta hau, Udalak eskumenik ez zuela, alegia, komunikabide guzti-guztietan errepikatu zuten, ezbairik gabe metroarekin dituzten erantzukizunak saihestu nahian.

Eguzkik erantzun zuen (Eguzki: “Ez da egia Metroak isurketa bakarra egin duenik, ezta Udalak zigortzeko ahalmenik ez duenik ere” – Eguzki Talde Ekologista) eta, besteak beste, honako hau esan:

“Ez da egia Udalak zigortzeko ahalmenik ez duenik, Enrique Ramos Ekologia zinegotziak esan eta Eneko Goia alkateak errepikatu dutenaren kontra. Donostiako Udalaren Ur Hornidura eta Saneamenduko Araudian, zehatz-mehatz, XII. atalean, argi eta garbi irakur daiteke arau-hauste larritzat eta, hala badagokio, oso arau-hauste larritzat kontsideratuko dela honako hau: ‘Isurketak indarrean dagoen legedian eta Udalak onartzen dituen arauetan adierazitako mugen eta baldintzen barruan egiteko betebeharra ez betetzea’. Beraz, URAk ezar ditzakeen eta ezarri behar dituen zigorretatik aparte, Udalak ere badu zigorrak ezartzeko ahalmenik. Bestelako kontua da Ramos zinegotziak beste aldera begiratzeko joera izatea, Belartzako eta Lourdes Txikiko eskandaluzko kasuetan gertatu zen bezala, eta Eneko Goia buru duen udal gobernuak joera hori ontzat jotzea. Ez adarrik jo, mesedez”.

Eta isurketa harengatiko zigor-ebazpenean zer irakur dezakegu? Honako hau:

multa Hau da, Udalak bazuen, badu, horrelako isurketak zigortzeko eskumena, Ur Hornidura eta Sanemanduko Arauaren bitartez. Hain justu, horixe izan da isunak ipintzeko erabili duen tresna.

Orduan, Udalak eskumenik ez zuenekoa faltsua bazen, eta hain modu nabarmenean, gainera, Ramosek (gaur egun Obra Hidraulikoetako diputatua) eta Goiak zergatik esaten zuten? Ezin gara beraien buruetan sartu, noski, baina pentsa dezakegu, metroko erantzuleak zigortu nahi ez zituztenez, bururatu zitzaien lehen aitzakia bota zutela. Izan ere, edozer esan dezaketela uste dute, herritarrok arrain-memoria dugula sinetsita.

Bada, urtebete geroago, har ezazue honako idatzi hau herritarron memoria suspertzeko ahalegin xume gisa.

Eguzki, 2021eko otsaila

Aralarko Goroskintxu eta Saltarrirako pistaren salaketaren artxibatzea errekurritua

Mankomunitatearen eta Aldundiaren asmoak adierzaten ditu gorrizko marrak. Egun %20 ingurua dago eraikita.

Ez dugu ahaztu behar Mankomunitatearen eta Aldundiaren asmoak  gorriz adierazten diren bideak eraikitzea zela. Egun %20 ingurua dago eraikita.

Aralarko Goroskintxu eta Saltarriko pista

Aralarko Goroskintxu eta Saltarrirako pista (Aralarko PN eta ZEC, Natura 2000 Sarea) egitearen aurka, jarritako salaketaren behin-behineko artxiboaz Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako adierazpenen aurrean, honako hau adierazi behar dugu:

– Salaketa egin duten elkarteek (Eguzki Erakunde Ekologista eta Antinuklearra, eta Landarlan Ingurumen Elkartea) argitu nahi dugu artxibo hori ez dela behin betikoa, eta errekurtsoa sartu dugula, orain arte ebatzi ez dena. Horrez gain, gogoratu behar dugu, bigarren pista, Eniriotik Doniturrieta Igaratzara eraikitakoak, epaitegiko bidea jarraitzen duela.

– 2016ko udazkenean salatutako pista erdiraino eraiki zen hiru txaboletarako, eta gainerakoak, eraiki gabe, bi txabola gehiagotara iritsi nahi du, eta, horrez gain, ibilgailu motordunak errazago sartu ahal izango dira, goiko larreetara, “Saltarri” larre-eremu batean amaitu arte. Han ez dago artzain-txabolarik, bai aldiz behi eta behorrentzako harrapalekua, artzainei ez, baino ganaduzaleei zerbitzua emateko, zeinak gehienak ez dira profesionalak, aisialdiko abeltzaintzarekin lotutako pertsonak baizik.

Saltarri, orain arte Goroskintxun geratu den pista honaino luzatu nahi dute. Argazkia: Landarlan

Saltarri, orain arte Goroskintxun geratu den pista honaino luzatu nahi dute.                        Argazkia: Landarlan

– 2016. urtean pista berri hori eraiki izana salatu genuen Ingurumen Fiskaltzan, eta, prozesu judizialean, oraindik ere delitu ekologikoaren zantzuak daudela adierazi du berorrek. Horregatik da deigarria behin behineko artxiboa gertatzea, Ministerio Fiskalak adierazitako delitu-zantzuak alde batera utzita.

– Guk delitu ekologikoa izan dela jarraitzen dugu baloratzen, Aralarko Parke Naturalean indarrean dagoen araudia betearazteko ardura duen erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez baitu berau errespetatu. Horrela, ibilgailu-trafikorako pistak eraikitzea sustatu du, Parke Naturalean bide berriak eraiki ezin direnean, inguru hauskorra babesteko: bertako lurzoruak, ur baliabideak, flora eta fauna, paisaia, prozesu ekologikoak…. Era berean, adierazi nahi dugu Enirio Aralarko Mankomunitateak, aurreko legegintzaldian, pista hori Parke Naturalaren araudiaren aurka egitea onartu zuela, izan ere, pista horren %80 “Mendi Babesleko Zona” batean proiektatu zen eta bertan zuhaiztiak egotea gomendatzen da. Horren ondorioz, araudiak ezartzen du, besteak beste, artzaintza mugatzea, eta hori ez zen aurreko legegintzaldian egin, mankomunitateak berak onetsitako ordenantza bete gabe geratuaz.

Landarlanek eta Eguzkik, Aralarko Parke Naturala, mendia eta haien kudeaketa arduratsua eta ingurumena babesten eta haien alde lanean jarraituko dugu, batez ere, Eusko Jaurlaritzak 2019an deklaratutako larrialdi klimatiko bete-betean gaudenean. Jarritako errekurtso judizialaren ebazpenaren zain gaude.

LANDARLAN INGURUMEN ELKARTEA

EGUZKI TALDE EKOLOGISTA ETA ANTINUKLEARRA

2021eko otsailaren 16an

What do you want to do ?

New mail

What do you want to do ?

New mail