(Maialen Chourraut) Kanalak errioa ezkutatu ez dezan
2021-08-05
Partekatu - Compartelo
Orbeldiko zentralaren eraikin hormazahartuta eta presa, arrain-faunarentzat oztopo garrantzitsua.
Azken urteotan, Orian, zehatz-mehatz Usurbilgo Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharrean, ur bizi edo lasterretako kanal bat eraikitzeko proiektua itzalean umotzen joan da, eta orain, Maialen Chourrautek irabazitako zilarrezko dominaren aitzakian, argitara atera dute. Egia esan, argitara atera eta, antza denez, dagoeneko den-dena lotuta dago… erakundeen adostasuna, epeak… baita aurrekontua bera ere. Gauzak horrela, ekologistoi oraingoan ere Patxi Kontrarena edo Mari Kontrarena egitea tokatu zaigu, kanalak ez diezagula errioa ezkutatu eskatzeko.
Proiektuak, funtsean, zentral zaharraren hondakinak eraitsi eta 195 metro luzeko katal bat eta pabilioi bat eraikitzea –eta, ondorioz, ibai-ertza urbanizatzea– aurreikusten du. Baina, horrez gain, zentralaren presa mantentzea eta Oriatik 12.000 l/s hartzea ere aurreikusten du. Eta hori ezin da nolanahi pasatzen utzi.
Argazki honetan, seinalatuta, non egin nahi duten proiektua. Iturria: PESNU.
Proiektuaren plano bat. Iturria: PESNU.
Planifikazio hidrologikoak behin eta berriz nabarmentzen du ibai-ekosistemak biziberritzeko, ez dela nahikoa isurketa kutsakorrak ezabatzea. Horrela uren kalitate kimiko eta biologikoa hobetuko da, noski, baina ibai-ekosistemak biziberrituko badira, isurketa kutsakorrak ezabatzeaz gain, arrain-espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presa eta oztopoak ere ezabatu egin behar dira. Baita ibaiak askotan anorexikoak uzten dituzten ur-hartzeak ere.
Aldundiak dioenez, gutxi gorabehera 750 oztopo daude Gipuzkoako ibaietan, gehienak, %75 inguru, gaur egun erabilerarik gabeak. Izan ere, orain dela gutxi Gipuzkoako Ibai-Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidaria (2020-2035) aurkeztu du.
Bada, Orbeldiko presa da oztopo horien paradigma. Are gehiago, ez da edozein oztopo, Orian gora doan arrain-faunak aurkitzen duen lehen oztopo erraldoia baizik. Faunak saihestu dezake soilik presako eskuinaldean dagoen eskala bati esker. Eta eskala horretan, ez kasualitatez, Aldundiak arrainen jarraipena egiteko nasa bat dauka. Bereziki izokina kontrolatzen du, 1995etik Orian berriz ere izokina sartzeko plan bat indarrean baitago. Baina beste espezie batzuk ere behatzen ditu, hala nola, kolaka (Alosa alosa) eta aingira. Orbeldi dago kolaka Kudeatzeko Planak “interes berezikotzat” jotzen duen ibai-zati batean. Aingirari dagokionez, berriz, espezie horrek Orian eta bereziki Usurbilen duen garrantzi sozialari erreparatuta, Kudeatzeko Planetik kopiatzen dugu Orbeldi bezalako oztopoei erreferentzia egiten dion honako paragrafo hau: “En la CAPV, uno de los problemas más serios para la anguila es la gran cantidad de obstáculos a la migración de subida (…). El alcance del problema es de elevada magnitud puesto que la curva de extinción de la especie reproduce a pequeña escala (en apenas 35-40 km) lo que ocurre en cuencas francesas de mucho mayor tamaño en longitudes de 200-300 km”.
Ezkerean ikusten diren burdin-sare horiek estaltzen dute eskala, arrainek presa gainditzeko duten bide bakarra.
Aipatutako espezie horiek ez ezik oso litekeena da galtzorian dagoen itsas lanproia ere inguru horretan bizitzea. Eta ugaztunen artean, berriz, ur-ipurtatsa edo europar bisoia. Kudeaketa Planaren arabera, behintzat, ugaztun honen “lehentasunezko zabalkunde-eremuan” dago Orbeldi.
Gauzak horrela, orain arte inori ez zaio bururatu Orbeldiko presa bota egin behar zela? Bai, noski. Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planak (2016) argi eta garbi dio Orbeldiko ingurua lehengoratu egin behar dela, eta, horretarako, espresuki seinalatzen du presa eraitsi egin behar dela, iktiofaunarentzat eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat oztopo delako.
Orduan, zergatik ez da bota? Bada, interes- edota aurrekontu-faltagatik. Azken batean, gauza bera dira, zeren eta interesa dagoenean, orain kanalarekin gertatzen den bezala, aurrekontu-arazo guztiak bigarren mailara pasatzen baitira.
Arestian esan bezala, ez kanalak, ez zilarrezko dominaren distirak, ez ligukete errioa ikusten eragotzi behar. Eta errioari presa botatzea komeni zaio.
EGUZKI Talde Ekologista eta ANERREKA Ingurumen Elkartea, 2021eko abuztua