Albistea

  • Urpeko zabortegi bat Urumean, Donostiako bihotzean

    2022-01-01

    IMG-20220101-WA0015Urumean, bokaletik gertu, hondakin asko eta asko pilatu dira; bene-benetako zabortegia dago urpean. Eguzkikook harrituta geratu gara. Ikus bideoa:

    Urumea zabortegia – YouTube

    Mundaizko eta Maria Kristina zubien artean, ezkerreko ertzean, somierrak, aulkiak, bizikletak, arropa lixatzeko mahaiak, sukaldeak, hamabost bat komun eta beste hondakin asko pilatu dira. Hainbat tona hondakin 200 metrotan, urpeko zabortegi bat Donostiako bihotzean bertan.

    Eguzkikook zabortegi hau salatu eta herri-erakundeei lehenbailehen garbitzeko eskatu beharrean aurkitzen gara. Zehatz-mehatz Kosta Zerbitzuari (Kosta Zerbitzuak baitauka errio-zati horren gaineko eskumena) eta Donostiako Udalari egiten diegu eskaera.

    Beharbada bata zein bestea saiatuko dira beraien ardura azken uholdeen atzean ezkutatzen, baina, egia esan, hondakin pilaketa errio-zati horretan askoz lehenago hasi zen.

    Nolanahi ere, zabortegi horren benetako erantzuleak dira hondakinak inolako kontrolik gabe eta zigorrik gabe ibaira botatzen dituzten gaizkileak. Eta hondakin pilaketa ikusita, ez dirudi hiruzpalau direnik.

    Beraz, premiazkoa da legez kanpoko hondakinak ibaira botatzen dituztenen gaineko zaintza zorroztea, aipatutako lekuan sortu den zabortegia garbitzearekin batera, noski.

    Garbiketa hori ezin da inolaz ere borondate oneko boluntarioen bizkar utzi. Hondakin kopurua ikusita, profesionalak behar dira.

    Beraz, Kosta Zerbitzua eta Udala, mugi zaitezte eta garbitu ezazue Urumeako urpeko zabortegia.

    EGUZKI, 2022ko urtarrilaren 1ean

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

January 2022
M T W T F S S
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  

LIBURUAK

liburuak