Ostalaritza egitasmoa Leitzarango Biotopoan berta.

Otietako zentrala gaur egun

Otietako zentrala gaur egun.

EZTABAIDA ETSIGARRIA UDALBATZAN OTTITTA-LEITZARAN ENPRESA EGITASMOREN INGURUAN

Ekainaren 30ean, Andoaingo Udalaren ohiko bilkuran, eztabaidagai izan zen Ottitta-Leitzaran izeneko enpresak Otitako zentrala izan zen eraikinean sustatzen duen ostalaritza eta jatetxe egitasmoa.

Eguzkiko kideak udalbatzan izan ez bagina ere, interesez jarraitu genuen eztabaida eta benetan etsigarria izan zela esan behar dugu.

Etsigarria diogu, bertan ez zelako eztabaidatu ea ingurune horrek, bere babes baldintza bereziak kontuan hartuta, halako egitasmo bat behar duen, kokalekua egokia den eta halakoak. Alderdi ezberdinen arteko parte hartzeak, neurri handi batean Udalak halako gaiak nola kudeatu behar dituen eztabaidatzera zuzendu ziren. Soilik, PSE eta EAJren gobernantza ereduaren, herritarrekiko eta herri eragileekiko duten jarrera baztertzailearen inguruan eduki zuen interes apur bat eztabaidak.

Gure ustetan, batzar aretoan mahai gaineratu zen gaiaren aurretik, oinarrizko eztabaida eta dagokion erabakiak hartu behar dira, Leitzaran Biotopo Babestuaren  kudeatzeko asmoen, erabileren eta helburuei dagokionean. Eta erabaki horietan, bailararako naiz bebesgunerako sarrera nagusia Andoainen egonik, zerikusi eta zeresan handia du Andoaingo Udalak.

Irizpide estrategikoen eztabaida eza errepikatzen da.

Gauza da, duela urte t’erdi inguru Tirolina eta Ferrata  Bidearen egitasmoarekin gertatu zen bezala, gaiaren muinari ez diote heltzen, orduan mahai  gaineratutako eztabaida estrategikoaren ardatzak baztertu eta hauek aztertzeko asmorik gabe jarraitzen baitute.

Unanibiko zubi ib¡ngurua tirolina eraiki baino lehen

Unanibiko zubia eta tirolina, Otitako zentraletik 200 ingurura kokkatzen dira.

Eta eztabaida estrategikoak diogunean honelako galderei erantzuteko gai izateko irizpideak argitu eta erabakitzeaz ari gara:

–          Non kokatu behar da Leitzaranerako harrera edo/eta sarrera gunea?

–          Zergatik ez Lizarkolan (Leitzaran edo Galgo Paper paper fabrikaen kokalekuan)

–          Zein helburu eta beharrei erantzun behar die gune horretan ezarri beharreko azpiegiturek? Harrera-lekua, hasialdirako gunea, ostalaritza edo/eta jatetxeak lekua izan behar dute?

–          Jabetza edo/eta jarduera publikoak izan behar dute?

–          Jabetza edo/eta jarduera publikoa izan gabe erabilera baldintzatuko zaie?

–          Irisgarritasuna nola bermatuko da?

–          Ibilgailuak nola kudeatuko dira? Sarrera mugatuko zaie?

–          Bisitari kopuruari muga jarri behar zaio? Hala bada irizpìdeak?

Bide honetan, Leitzaran Parkearen (Otieta, Olazar eta beste inguru batzuk bere barne hartzen dituena) izendapenak eta arautzeak onurak ekarri behar zituen eta hasieran onartutako arauak eskuan hartuta, ezinezko izango litzateke egungo tirolina dagoen lekuan eraikitzea eta agian ezta Ottitta-Leitzaran enpresaren egitasmoa aurrera eraman ere. Baina, horiek ere onartu orduko aldatzea pentsatu zuten udal taldeek, baita egin ere.

Ondorioz, egun, Leitzarango balioak mantentzeko, Unanibia tirolina kokatzeko leku egokia ez zela esan genuenean aurreratu bezala, orain diogu egitasmoak ikusiko ditugu bata bestearen atzetik etortzen eta izango dute amankomunean gauza bat gutxienez: bat berak ere ez du edukiko helburu nagusi gisa Leitzarango balioak mantendu edo hobetzea, biotopo izendapenaren helburu nagusia hori izanda ere; alderantziz, Leitzaranen babes etiketaren aitzakiatan, etekin ekonomiko edo politikoak lortzea izango dute helburu.

Ez dugu ahaztu behar, natura ingurune bati, babes izendapen bat ematen zaionean, ingurune hori balio natural interesgarri eta bereizgarri batzuen jabe delako egiten dela eta izendapen horrek, natura balio horiek mantentzen edo hobetzen lagundu behar dutela. Eta aspaldian Andoaingo Udala hartzen ari den erabakiak ez doaz norabide horretan.

Esanak esan, Eguzkikook ez gara jarduera jakin baten kontra ari, ez tirolina+ ferrata bidearen kasuan, ezta oraingoan ere, ingurune  garrantzitsu eta sentibera baten kontserbazioaren, hala nola lurraren erabilera egoki eta zehatz baten alde baizik.

Laburbilduz zera eskatzen dugu:

–          Otitako zentralean aurrera eraman nahi duten egitasmoaren hasierako onarpen hori atzera botatzea edo gutxienez “izoztuta” uztea.

–          Leitzaran Biotopo babestuaren erabilera, babes neurrien eta kudeaketarako plangintza bat gauzatzea lehen bait lehen.

–          Plangintza horren barne, udalerrian parke periurbanoak sortzeko egitasmoa barneratu beharko litzateke.

–          Plangintza gauzatu edo indarrean sartu aurretik, sakoneko erabakirik ez hartzea.

–          Eta noski, beharrezkoa den erakunde guztien eta batez ere, hala nahi duten herritarren parte hartzea bermatzea.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra 2022ko uztailaren 3an.

Abandonatutako basoen gezurra

Iratiko basoa

Basoa.

Inork esango luke Amazoniako oihana abandonatutako basoa dela? Edo Costa Rica eta Borneoko babestutako eremuak abandonatuta daudela? Pagoeta eta Aiako Harria abandonatutako basoak dituztelako izendatu ditugu parke naturalak? Eremu horietan guztietan baso naturala dago, edo baso naturala ari da berreskuratzen.

Horixe ari zaigu bada esaten Gipuzkoako Aldundia: Gipuzkoan naturalizazio-prozesuan dauden eremuak abandonatutako eremuak direla. Gurean basoa baita berezko ekosistema, eta, gizakiaren esku-hartzerik gabe, baso bihurtzeko joera du gure lurraldeak. Naturalizatzea, berezkoa duen izaera hartzea, abandonatzea da gure Aldundiaren esanetan, egurraren ekoizpenerako ez den basoak ez duelako, antza, inolako baliorik.

Aldundiak ez du basorik nahi, egurrera bideratutako zuhaitz-landaketak nahi ditu. Ezin daiteke ikuspegi produktibistagorik izan, ezin daiteke norbere lurraldearekiko ikuspegi suntsitzaileagorik erakutsi. Gure aberria, gure hizkuntza eta gure kultura aldarrikatzen dituztenek, ez dituzte gure basoak nahi, ez dute gurean berezkoa den bioaniztasuna maite. “Zenbaitek basoa zeharkatzen duenean sua egiteko egurra baino ez du ikusten”, idatzi zuen Lev Tolstoi idazleak. Ez zuen arrazoirik falta.

Zuhaitz-landaketak ez dira basoak. Inguru naturalaren ustiapena helburu duen jarduera guztiek bezala, egurgintzak ere eragin kaltegarriak ditu, eta, gurean bezala modu industrialean gauzatzen denean, monolaborantzaren bidez eta makinaria astunekin, lurzoruaren emankortasuna bera kaltetzen da eta bizitzarako sistema oro arriskuan jartzen.

Landaketak

Landaketak

Inoiz baino gehiago, behar ditugu baso naturalak, berezkoak. Klima aldaketa atarian daukagu, pandemia honek erakutsi bezala, aurreikusi ezin ditugun hondamendi biologiko eta ekologikoak bizitzera kondenatuta gaude, bioaniztasunaren eta ondare naturalaren planeta mailako galera saihesten ez badugu. Beraz, ongi etorriak bitez abandonatutako baso horiek.

Jabe pribatuen eskuetan daude naturalizatzen ari diren eremu horiek, Aldundiak dioenez, abandonatuta daudenak. Gizarteari jabe horiei eskerrak ematea dagokigu, etekin ekonomikoa lortzeari uko egin diotelako. Administrazioak gizarte osoarentzat onuragarria den gertaera hori saritu beharko luke: jabegoari lotutako zergak kenduta, eremu horiek eskaintzen dizkiguten ekosistema-zerbitzuengatik ordainduta.

Jabego publikoa duten eremuei dagokienez, azkar baino lehen abandonatu beharko lituzkete Udalek eta Aldundiek naturalizazio-prozesuan ez dauden lur horiek. Egurra ez da gaur aberastasuna gizartearentzat. Baso naturalak, suteei, lehorteei… oro har hondamendi naturalei aurre egiteko aukera eskainiko diguten balio ekologiko handiko eremuak behar ditugu eta Aldundiak ‘abandonu’ deitzen dion hori da horretarako bidea.

Administrazioari eskatzen diogu, bada, bila ditzala abandonua saritzeko moduak, bideratu dezala herritarron dirua, egurraren etekinei uko egin dietenei basoak berreskuratzean guztiontzat mesedegarri izango diren ekosistema-zerbitzuak (aire eta garbiak, kalitatezko paisaia, elikagaiak, bioaniztasuna …) saritzera.

Baina, egur ekoizpena bada haien hautua, jakin badakigu monolaborantzan oinarritutako egurgintza-eredu intentsiboa ez dela bateragarria bioaniztasunaren eta natur ondarearen kontserbazioarekin. Ustiapen-eredu honetan oinarritutako ekonomia zirkularra edo bioekonomia ez dira klima aldaketari edo krisi ekologiko globalari aurre egiteko aukerak. Horregatik, administrazioari eskatzen diogu diru-laguntzak ingurumen-kalteak kontuan izango dituen egurgintza-eredu jasangarria sustatzeko baliatu ditzala.

NATURKON

Logoak naturkon 2021-02-09