Markel Olano, zer ari da gertatzen Zubietako Erraustegian?

IMG-20220716-WA0012Gaur goizean elkarretaratze bat egin da Zubietan, asteazkenaz geroztik Arkaitzerran gertatzen ari den isurketa salatzeko. Gogoan izan Arkaiterreka gainean dagoen gauza bakarra Gipuzkoako erraustegia dela, eta erantzukizun bila aritzean, begirada guztiak, ezinbestez, erraustegian tinkatzen direla, Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak “isurketa egin izana” ukatu duen arren. Izan ere, ez da Erraustegitik Arkaitzerreka kutsatzen duen aurreneko aldia, ezta ukatzen duena ere. Egunotan, hainbat bideo adierazgarri zabaldu dira. Hona hemen horietako bat:

Erraustegiaren A.M. en Twitter: “KOMUNIKATUA | Gure eta ondorengoen osasunaz eta etorkizunaz kezkatuta gauden pertsonak ugari bildu gara gaur Zubietan Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari dei egiteko: MARKEL OLANO, GIPUZKOAKO AHALDUN NAGUSIA: ZER ARI DA GERTATZEN ZUBIETAKO ERRAUSTEGIAN? https://t.co/FlG3QuN7lw” / Twitter

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren tuiter-kontuan bideo eta informazio gehiago.

Gaur goizeko elkarretaratzean irakurritako testua, berriz, hemen…

MARKEL OLANO, ZER ARI DA GERTATZEN ZUBIETAKO ERRAUSTEGIAN?

Hemen bildu gara Zubietako eta inguruko herrietako herritarrak gure eta ondorengoen osasunaz eta etorkizunaz kezkatuta gauden personak… Gipuzkoako ahaldun nagusiari dei egiteko:

Asteazkenetik dator zikindu eta kutsatuta Arkaitzerreka, Zubietako Erraustegiaren azpitik pasarazten dutena… eta asteazkenetik gaude herritarrok erantzun garbien zain.

IMG-20220713-WA0010Aste honetako gertakizun hau ez da Erraustegiak egin duen lehendabiziko kaltea… eta beldur gara ez dela izango azkena.

Irregulartasunak, lege-hausteak, istripuak eta kutsaketak behin eta berriro ari dira gertatzen. Arkaitzerreka ere ez da lehen aldia kutsatzen dutena. Eta beti izan dira gertakizunen albistea eman dutenak, beti.

Gipuzkoa gainezka dago Erraustegia kontrolatu dezaketen eta kontrolatzeko obligazioa duten funtzionario, agintari eta profesionlez. Baditugu kolore guztietako poliziak, Ingurumena zaintzeko agentzia publikoak, ahoa “gobernantzaz” eta “gardentasunez” betetzen duten enpresa publiko eta pribatuak, herritarrei egia kontatzen omen diotela harro esaten duten agintari eta politikoak… Baina arriskuz betetako Erraustegi bat kontrolatzeko orduan, inor ez dago: inor ez dago begira, inor ez zerbait gertatutakoan alerta jotzeko, inor ez susmagarriak kontrolatzeko.

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, non zaude?, zeri begira bizi zara?

Markel Olano, ez duzue deskantsurik izan Erraustegi Monstruoa martxan jarri arte. Herritarrok behin eta berriro ezetz esa narren; udal askok demostratu arren hondakinak kudeatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta efikazagoak badaudela; herri mugimenduak mobilizatu arren… lortu duzue nahi zenutena: herritarrak zorpean sartu, multinazionalak eta bertako enpresa lotsagabe batzuk aberatu, herritarrak publizitate kanpainaz engainatu… eta hondakinak alferrik galdu eta erretzen dituen munstro garestia martxan jarri.

Baina orain… Markel Olano jauna… Gipuzkoan agintzen duzuen PNVko eta PSEko buruzagi profesionalak… orain non zaudete Zubietako Eerraustegia nola ari den egunero kontrolatzeko? Ez al diguzue informazio argi eta garbia zor Gipuzkoa osoko herritarroi eta batik bat Erraustegiaren arriskuak etxe ondoan dauzkaten hemengo herritarrei?

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia: zer ari da gertatzen Zubietako Erraustegian?

ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA

IMG-20220716-WA0015