Albistea

  • Arkaitzerreka, Zubietako erraustegiaren pozoien biktima… eta froga

    2022-11-12
    Partekatu - Compartelo

    Gaur goizean. Azalpen batzuk Arkaitzerrekarantz abiatu aurretik.

    Gaur goizean. Azalpen batzuk Arkaitzerrekarantz abiatu aurretik.

    Gaur goizean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak gonbidatuta, talde polit batek bisitatu du Arkaitzerreka, garai batean bizi-bizirik zegoen eta erraustegia martxan jarri zutenez geroztik hilik dagoen erreka. Edo ia-ia hilik. Izan ere, zeharo hil nahi dute, erraustegiak botatzen duen pozoiaren lekuko deserosoa bihurtu baita. Hona hemen goizean salatutako eta hainbat irudi…

    ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN GAURKO MEZUA

    Egun on eta mila esker Errausketaren Aurkako Mugimenduaren deiari erantzunez etorri zaretenoi.

    Hemen bildu gara Zubietako Arkaitzerrekaren egoera gertutik ezagutzera. Zubietako erraustegia eraikitzeko lur pila handi baten azpitik tutu estu batean pasatzera kondenatu zuten eta orain erreka txiki hau bihurtu da erraustegiaren biktima… eta isurtzen dituen pozoien lehenbiziko froga. Hona hemengo egoera, labur esanda:

    2020ko maiatzean Zubietako herritarrak ohartu zirenetik, bi urte eta erdi hauetan kutsatuta datoz Arkaitzerrekako urak eta tartean harrapatu dituen arrain guztiak akabatu ditu.

    Martxa abiatu da, atzean Artzabaletako baserria utzita.

    Martxa abiatu da, atzean Artzabaletako baserria utzita.

    Bi urte eta erdiotan Zubietako jendeak eta erraustegiaren kontra eta hondakinentzako alternatiba hobeen alde ari diren gizarte mugimenduek eten gabe eskatu dute informazioa, salatu dute pozoiketaren arriskua, eskatu dituzte erantzukizunak.

    Bitartean zer egin dute erraustegiaren kudeatzaileek, instalazioen ardura duen GHK partzuergoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak? Hasieran ukatu egin zuten Arkaitzerrekako kutsadurak erraustegiarekin zerikusirik bazutenik. Geroztik, loturaren bat badagoela onartu dute baina herritarrei ez diete azaltzen zer gertatzen ari den. Eta hondakinak erretzeko prozesuan berdin-berdin segitzen dute.

    Bidean.

    Bidean.

    Gizarte mugimenduen lanari esker, eta Gipuzkoako fiskaltzak ikerketa bat abiarazi duelako, erraustegian gertatzen ari diren  arazoen zantzu batzuk azaldu dira. GHKko arduradunak ahopetik hasi dira onartzen zenbait matxura dauzkatela, suteak gertatu zaizkiela instalazioetan, erraustegiak filtrazioak dauzkala… baina herritarrek segitzen dute jakin gabe zer ari den gertatzen.

    Errekara jaisten.

    Errekara jaisten.

    Eta azkeneko albistea da orain erraustegiaren arduradunek erreka honetan, justu kutsadura dakarren tutua lurpetik ateratzen den aho horretan, lau metro kuboko biltegi handi bat eraiki eta ur pozoitua erraustegiaren mailaraino igo nahi dutela, han saneamendu sarearekin lotzeko. Hau da: erraustegian zer gertatzen ari den argitu gabe, pozoiak nondik alde egiten duen aitortu gabe eta ihesa konpondu gabe… ur kutsatuak bidali nahi dituzte etxeetako komunetako ur zikinak balira bezala Loiolako araztegira, azkenean Donostian itsasoratzeko.

    Errekan, azalpenak bertatik bertara jasotzen.

    Errekan, azalpenak bertatik bertara jasotzen.

    Horrekin guztiarekin, Arkaitzerreka pozoitu ondoren hiltzeko zorian utziko dute, euririk ez denean erabat agortuta geratuko baita. Bere arrainak akabatu ostean, Arkaitzerreka hil nahi dute, horrela ezkutatzeko erraustegiaren pozoien froga.

    Hori da gaur ikusiko duguna, Errausketaren Aurkako Mugimendutik antolatu dugun bisita gidatu honetan. Hemendik agintariei dei egiten diegu axolagabekeria larri hau behingoz eten dezaten, jendeari esan diezaioten  benetan zer ari den gertatzen eta erraustegia gelditu dezaten. Komunikabideei eskatzen diegu bilatzeko eta kontatzeko Zubietan gertatzen ari den delitu larri honen egiak. Eta Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu mobilizatu daitezela erraustegia gelditzeko eta nork bere etxean eta udalerrian hondakinak hobeto kudeatzeko sistemak ezartzeko.

    ERRAUSKETARIK EZ! EZ ZUBIETAN, EZ AÑORGAN, EZ BERGARAN ETA EZ INON!

    Kutsadura ateratzen den tutuari dodotis moduko bat ipini diote, aparrak eta hain eskandalosoak izan ez daitezen, antza denez.

    Kutsadura ateratzen den tutuari dodotis moduko bat ipini diote, aparrak eta hain eskandalosoak izan ez daitezen, antza denez.

    Dena dela, bistan da tututik ateratzen dena ez dela parte onekoa.

    Dena dela, bistan da tututik ateratzen dena ez dela parte onekoa.

     

     


    Partekatu - Compartelo