Akoitian Urola zaborretatik babesteko saretak bere kabuz jartzen hasi da Eguzki, Udalak bere erantzukizunari uko egiten diola ikusita
2023-05-30
Partekatu - Compartelo
ADI, TESTU HAU MAIATZAREN 24an ARGITARATU GENUEN, BAINA WEBGUNETIK DESAGERTU EGIN DA. HORREGATIK BERRIRO IGO DUGU. BAINA KONTUAN IZAN BENETAKO ARGITARATZE DATA.
Akoitian Urola zaborretatik babesteko saretak bere kabuz jartzen hasi da Eguzki, Udalak bere erantzukizunari uko egiten diola ikusita. Zehatz-mehatz, maiatzaren 22an 129 metro sareta jarri genituen Ugarte kalean. Udalak jaramonik egin ezean, Altzibar auzotik Juin kaleraino jartzen jarraitzeko asmoa dugu. Hona hemen bideo bat:
Datorren hilean beteko dira bost urte Azkoitiko Udalarekin lehen harremana izan genuenetik (orduan Eguzkiko ordezkariak ere ez ginen). Lehenengo bileratik beretik, Urola ibaian eta inguruko erreketan egiten diren zuzeneko zein zeharkako zabor-isurien aurkako neurriak hartzeko eskatu genuen.
Gure eskaeretako bat izan zen Urola ertzeko barandak aprobetxatzea eta beheko partean saretak ipintzea. Barandek gu geu ibaira erortzetik babesten gaituzten bezala, saretek ibaia bera plastiko eta beste zikinkerietatik babesten dute. Itsasoa plastikoz eta mikroplastikoz beteta dago, eta, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, ibaiak eta errekak horiek guztiak hara iristeko autopista azkarrak dira. Alegia, gure ibai eta errekek urteak daramatzate arazoaren parte izaten. Saretek arazo hori leuntzeko modu xume baina aldi berean eraginkorra izan daitezke.
Otsailean Udalari egin genion azken idatzian zera eskatu genion Udalari: Foru Aldundiak berariaz horretarako ematen dituen laguntzak eskatzeko eta saretak jartzeko Altzibar auzoan eta Bizkargi, Ugarte eta Juin kaleetan. Udalak ezetz erantzun du eta erantzunarekin batera hiru argazki bidali dizkigu. Irudi horietan dagoeneko instalatuta dauden saretak ikusten ditugu. Bertan, Udalak ohartarazten duenez, “saretak euri-ura ibaira joatea eragozten du, lokatza, putzuak edo goroldioa sortuz”. Gauzak garbi: zulatutako txapa batek ezin du uraren oztopo izan; zenbait puntutan bada, ondo kokatuta ez dagoelako da, ez besterik. Beraz, sareta ez da arazo bat, konponbide bat baizik, nahiz eta Udala konponbideei arazoak bilatzen saiatu. Argazkiak aukeratzen hasiz gero, berriz, egokiagoa izango litzateke Udalak ibai-ertzeetako zaborrenak aukeratu izan balitu. Izan ere, argazki horiek badaude, eta badakigu, gu geu behin baino gehiagotan ibili garelako inguru horietan ibaitik zaborrak ateratzen. Udalak apirilean kontratatu zuen enpresak ere (ibaiak axola diela sinetsarazteko amarrua izan zenak) zaborrak kendu zituen inguru horietatik, Bizkargi kaletik izan ezik. Era berean, Udalak ez digu errekara etengabe botatzen diren zaborren argazkirik bidali, eta, batez ere, ez digu esan askotan salatu dugun eta oso atzetik datorren arazo bati irtenbidea emateko zer egingo duen.
Hau guztia gutxi balitz, Udalak eman digun erantzunean dio ez dituztela eskatutako sareta guztiak jarriko, “uste baitute leku guztiek ez dutela hondakinak pilatzeko arriskurik”.
Hau izan da urak gainezka egiteko moduko tantta. Azken bost urteotan, hamaika aldiz eskatu diogu Udalari prebentzio-neurriak hartzeko. Hamaika aldiz ibaira jaitsi, bertatik zaborrak atera (baita Aizpurutxon ere), argazkiak egin eta salaketa publikoa egin dugu. Hamaika aldiz Udalari egoeraren berri eman eta, behintzat, Foru Aldundiari laguntzak eskatzeko proposatu diogu. Alferrik, aurten ere ez du laguntzarik eskatu. Udalak temati jarraitzen du bere ardurei bizkarra ematen.
Gauzak horrela, kitto. Nahikoa da. Honezkero, berriro Udalari eskatzea babes-neurriak jartzeko; horri ezin zaio eskaera deitu, hori belauniko jartzea da, udal bati bere betebeharrak betetzeko erregutuz. Eta gu ez gara hona etorri inoren aurrean belaunikatzera, eta are gutxiago erakunde publiko baten aurrean, denok ordaintzen duguna gure zergekin, bere lana egin dezan.
Horregatik hasi gara saretak geure kabuz jartzen. Maiatzaren 22an 129 metro jarri genituen Ugarte kalean eta, Udalak jaramonik egin ezean, Altzibar auzotik Juin kaleraino jartzen jarraituko dugu.
Inork ez digu saretarik oparituko eta ez dugu inolako laguntzarik jasoko, baina saretak geure kabuz ipinita salatu nahi dugu Urola egoera tamalgarrian dagoela eta horren aurrean Udalak ez duela ezer ere egiten. Goizean jaikitzea eta gure eskuekin aldaketaren protagonista izan garela jakiteak (hau bezalako aldaketa xumea bada ere) asebetetzen gaitu, eta hori da diruz ordaindu ezin den gauza horietako bat.