Albistea

  • Legez kanpoko hondakin-isurketak salatu ditu Eguzkik Zestoako Iraeta auzoan

    2023-07-01
    Partekatu - Compartelo

    Elizatik 100 metro eskasera egindako isurketa.

    Elizatik 100 metro eskasera egindako isurketa.

    Legez kanpoko hondakin-isurketak salatu ditu Eguzkik Zestoako Iraeta auzoan. Hona hemen bideo bat:

    legez kanpoko isurkatak Iraeta auzoan Zestoan – YouTube

    Isurketetako bat elizatik 100 bat metrora dago, Arroa Goia eta Ibañarrieta auzoetara doan errepidean, eskuinaldean. Eremu honetan isuritako hondakinen artean, obra-hondakinak, altzari-zatiak, fardelak lotzeko sokak, plastikoak, etxeko hondakinak (beirazko eta plastikozko poteak). Baita pneumatikoak, nekazaritzarako plastiko beltzak eta Big Bags paketatzeko zaku zuri batzuk ere. Azken hondakin horietako batzuk atzean dagoen errekatik jaso ditugu.

    Eliza beretik abiatu eta Urola ibaiaren ondoko baratze eta negutegiak atzean utziz gero, 900 metrora dagoen hartxintxarrezko pista bati jarraituz Aizarnazabal aldera, beste isurketa bat atzeman dugu. Kasu honetan, hondakin gehienak nekazaritza-erabilerako plastiko beltzez eta auto- eta pneumatikoz osatuta daude. Auto baten bateria, garraiorako orgatxo baten gurpilak, ur kontagailu-kaxa bat, fardelak lotzeko sokak eta toldo bat ere bai.

    Bigarren isurketa.

    Bigarren isurketa.

    Lurzorua kutsatuz hondakinak kontrolik gabe isurtzea gutxi ez balitz, gaineratu behar dugu kasu honetan, plastiko beltz gutxi batzuk, ur-kontagailuaren kaxa eta toldo zati bat kenduta, gainerako hondakinak lur azpian zeudela eta hori ere nahikoa iruditzen ez bazaigu, errekasto baten babes-eremuan. Izan ere, plastiko eta gurpil batzuk oraindik lurpean daude, ateratzeko ahaleginak egin ditugun arren.

    Eguzkitik legez kanpoko ekintza horiek eta ingurumenaren aurkako erasoak salatzen ditugu. Aldi berean, jendea animatzen dugu horrelako gertaerak publikoki eta erakundeen aurrean sala ditzan. Era berean, gogorarazi behar da Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeak berariaz debekatzen duela «edozein motatako hondakinak kontrolik gabe uztea, isurtzea edo ezabatzea», «2.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isunarekin, salbu eta hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak badira; kasu horretan, isuna 20.001 eurotik 600.000 eurora bitartekoa izango da».

    Eguzkik legez kanpoko isurketa horien berri eman die Udaleko Ingurumen Sailari eta Uraren Euskal Agentziari (Urari). Alde batetik, degradatutako eremuak ahalik eta azkarren lehengoratzeko eskatu die, hondakinek hondakinei deitzen dietelako, eta, bestetik, gune horiek kontrolatzeko. Hala ez bada, isurketak berriro gerta daitezkeela uste dugu.

    Eguzki, 2023ko ekaina


    Partekatu - Compartelo