Albistea

  • Udala harrokeriatan dabil, baina Lasarte-Oriak jarraitzen du Gipuzkoan birziklatzearen atzeko bagoian joaten

    2023-07-12
    Partekatu - Compartelo

    Errefuxarako edukiontzi berrietako bat, sarrailaduna.

    Errefuxarako edukiontzi berrietako bat, sarrailaduna.

    Lasarte-Oriako Udalak espresuki uko egin dio urtetan hiri-hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak hartzeari, eta, ondorioz, herria, Gipuzkoan, birziklatzearen atzeko bagoian jarri du. Orain, berriz, zerbait egin behar duela erabaki du –bazen garaia!–, baina, ia ezer egiten hasi aurretik ere, fruituak bildu nahi omen ditu. Horretarako, kartelak jarri ditu herriko atari eta dendetan. Kartel horietan, “Gehiago eta hobeto birziklatzen dugu” izenburupean, zera diosku, “datuek ez dutela engainatzen” eta “ez dagoela [ez birziklatzeko] aitzakiarik”. “Konpromisoaz” ere mintzo zaigu. Gauzak horrela, Eguzkikooi beste behin ere Josetxo Kilkerrarena egitea dagokigu, eta, idatzi hau bukatu arte irakurtzeko pazientzia baduzu, egiaztatu ahal izango duzu Udalaren harrokeria edo euforia hori ez dagoela inolaz ere justifikatuta. Eta datuen bidez egiaztatu ahal izango duzu. Izan ere, Udalak bere propagandan dioen bezala, “datuek ez dute engainatzen”.

    Zertan oinarritzen da Udalaren euforia?

    Orain dela zenbait hilabete, Udalak errefusarako edukiontzi berriak jarri zituen, sarrailadunak. Edukiontzi horiek irekita jarraitzen dute eta uda pasatu arte, behintzat, ez dira itxiko. Alabaina, eta edukiontzi berriak jartzearekin batera, Udalak etxe guztietara birziklatze-kit bat bidali zuen. Kit horretan, etxean organikoa biltzeko ohiko ontzi eta informazio-foiletoarekin batera, txartel bat bidali zuen. Txartel horrekin errefusarako edukiontziak ireki ahal izango dira, ixten dituztenean, baina txartel horrexekin dagoeneko ireki daitezke aspalditik itxita dauden organikorako edukiontziak. Gauzak horrela, sistema berria bere osotasunean zerbitzuan sartu gabe ere, Udalak dio hondakin organikoen bilketak hobera egin duela, modu nabarmenean gainera, izan ere, %50 hazi omen da. Hau da, Udalak urtetan hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak hartzeari uko egin ondoren, zerbait egiten hasi da eta emaitzak berehala geratu dira bistan.

    %50 organiko gehiago biltzea asko da, ezta? Egia esan, Udalak berak esan duenez, sortzen den organiko guztiaren herena baino ez da gaika biltzen. Beraz, %50 “ikusgarri” horrek agerian uzten du, oroz gain, orain arte oso gutxi jaso dela eta oraindik oso handia dela hobetzeko tartea. Izan ere, Udalak berak jakinarazi duenez, hain handia dirudien %50 horri esker, Lasarte-Oriako gaikako bilketa orokorra (hau da, beira, plastikoak, papera eta gainerakoak barne) %51,5era iritsi da maiatzean. Orain arte baino gehiago, noski –berehala ikusiko dugu 2022an %44,9rekin itxi zela–, baina, hala ere, Lasarte-Oriak jarraitzen du izaten –Donostiarekin batera, jakina– San Marko Mankomunitatean gutxien birziklatzen duen herria, eta Gipuzkoako batez bestekoaren nahiko azpitik, gainera.

    “Datuek ez dute engainatzen”

    “Datuek ez dute engainatzen”, diosku Udalak. Bada, ikus dezagun datuen argitan zer postu dagokion Lasarte-Oriari Gipuzkoako birziklatzearen rankingean.

    Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

    sanmarko2022_eusHonako taula honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

    Gipuzkoa2022_eusBeraz, hau da errealitatea: Lasarte-Oria da, Donostiarekin batera, San Markon gutxien birziklatzen duen herria, eta, halaber, San Marko da –Donostiako eta neurri apalagoan Lasarte-Oriako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea.

    Bost urteko atzerapena

    Tira –pentsa dezake baten batek–, baina hori orain arte gertatu da; hemendik aurrera, gauzak aldatuko dira; izan ere, Udalak esan du maiatzean gaikako bilketa %51,5era iritsi dela eta 2025ean %55era iritsiko dela, Europar Batasunaren helburuak betez.

    Tira, bada. Baina, egia esan, bazen mugitzen hasteko ordua, ezta? Gainera, 5. edukiontzia –organikoarena– ipini zuenean bezala, ematen du beti azken momentura arte itxoiten duela mugitzen hasteko eta, are gehiago, mugimenduak minimo-minimoetara mugatzen dituela. Nolanahi ere, Gipuzkoako herri gehienekin konparatuta, mugimendu horiek oso atzerapen handiarekin datoz.

    Baina zenbateko atzerapenarekin? Atzerapen hori zenbatekoa den zehaztu daiteke? Bai, atzerapen hori gutxienez 5 urtekoa da. Izan ere, Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensio –Lasarte-Oriako alkatearen alderdi berekoa, portzierto– harro jakinarazi zuen 2020an Gipuzkoako birziklatze-tasa %55,24koa zela, eta, beraz, Europak 2025erako ezarritako %55eko helburua gaindituta zegoela. Bestela esanda: Gipuzkoako herriek, orokorrean, 2020an lortu zuten Lasarte-Oriako Udala orain 2025erako planteatzen ari den helburua. Datu hori kontuan izanda, garbi dago Lasarte-Oriako Udalak ez duela “konpromisoaz” harro-harro hitz egiteko zilegitasunik. Halaber, “ez dago aitzakiarik”, dio, baina urte hauetan guztietan hamaika aitzakia erabili ditu ez egiteko orain –oraindik oso modu apalean– egiten hasi dena.

    “Datuek ez dute engainatzen”, dio Udalak. Bada, orain arte esandako guztia datuetan sendo oinarrituta esan dugu.

    Udalak herritarrei eskerrak ematea ondo dago, baina hobeto egongo litzateke baldin eta dagozkien hobariak emango balizkie

    “Eskerrik asko birziklatzean parte hartzeagatik”, dio Udalak herritarrei zuzendutako karteletan. Ondo dago eskerrak ematea, baina hobeto egongo litzateke baldin eta dagokiena emango balie. Eta zer dagokie? 5. edukiontzia –organikoarena– ezarri zenetik zabor-tasetan ukatu dien hobari edo deskontua, Udalak tarifa finkoa inposatzen jarraitzen baitu. Hau da, birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordaintzen dute. Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada,  arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Horregatik diogu ondo dagoela Udalak herritarrei birziklatzean parte hartzeagatik eskerrak ematea, baina hobeto egongo litzatekeela baldin eta dagozkien deskontuak egingo balizkie, antzeko bilketa-sistema duten inguruko herrietan egiten duten bezala, esaterako, zabor-kontuetan batere eredugarri ez den Donostian ere egiten duten bezala.

    Baldin eta idatzi hau orain arte irakurtzeko pazientzia izan baduzu,  azken oharra: parte hartu gaikako bilketan ahal duzun gehien, naturaltasunez eta inolako erreparorik gabe; ez da lan handia eta onurak begi-bistakoak dira. Hau da, idatzi honen helburua ez da birziklatzean parte hartzearen inguruko dudak sortzea. Helburua da agerian uztea Lasarte-Oriako Udalaren diskurtso ofizialak hondakinen gaikako bilketaren inguruan “zulo” asko dituela. Azken batean, Udalak zer dio? Helburu bat lortu nahi duela Gipuzkoako udal gehienek baino 5 urte geroago. Ez dirudi horrek harrokerietan ibiltzeko ematen duenik, ezta?

    EGUZKI, 2023ko uztaila

    Hau da Udalak atari eta dendetan ipini duen kartela.

    Hau da Udalak atari eta dendetan ipini duen kartela.


    Partekatu - Compartelo