Aixerrotako paella eguneko festa: bideratzen ez den astakeria
2023-07-29
Partekatu - Compartelo
Beste behin ere, Getxoko Aixerrotako paella eguna ospatu da, hauteskundeen ondorioz ez ohiko uztailaren 25ean izan bada ere. Egun ezberdina bai, baina festa ondorena aurreko urteetako beretsua izan da:
– Tonaka zabor barreiatuta festagunean.
– Getxon geratzen den natura ingurune bakanetako serioski kaltetua.
– Zuhaitzak, koadrilen inprobisatutako estalpe eta egituran oinarri edo eta zutabe bihurtzearen ondorioz, apurka hiltzen doazelarik.
Aixerrota- Galeako gunea 2023ko paella eguna ostean. Ezkerrekoa, “gune ofiziala” da, dena txukundu ostean; eskumakoa, askoz eremu handaigoa, Bronx deiturikoa, azalpenik behar ez duen egoeran.
– Zer esanik ez egitura horiek eusteko urteetan egin diren ehundaka zulo eta erretenak eta bertan isuritako porlanak eragiten duen kaltea.
– Guztia, bertako fauna eta landaretzaren kaltetan, besteak beste narrastien, hegaztien eta landareen babestuta espeziak daudela kontuan izan behar dugu.
Bere garrantzia ere badu beretsua esateak aurrerapauso txiki batzuk eman baitira:
– Koadrila batzuk eraikitzeko teknikak aldatzen ari dira porlana baztertuz eta, ahal den neurrian, zuloak egitea saihestuz.
– Festa ondoan hondakinak biltzera ere urbildu dira gutxi batzuk.
– Udalak zabor bilketa egiten Bronx izeneko festagunean…
Baina , bizilagun elkarteak duela dozena bat urte egoera honi irtenbidea eskatzen hasi zirenetik eta ekologistok batu ginenetik lauzpabost urte igaro ostean, emaitza eskasa da.
Puntu honetara iritsita, Getxoko Udalaren papera jarri behar dugu auzitan. Izan ere, bere hitza betetzetik urrun dagoela esan behar baitugu. Arartekoak egindako txostenean, arazo honi ez ekitea, bere esku dagoen funtzioa ez betetzea dela berretsi ostean zenbait neurri hartzeaz arduratu zen, nagusienak:
– Basoan ( egia esateko besteak baino zuhaitz rodal handiago bat baino ez da) sartzea debekatu.
– Egiturak eraikitzeko aholkularitza teknikoa eskaini.
– Ondorioz porlana erabiltzea debekatu.
– Hondakinen garbiketa ondorengo hiru egunetan egitea.
Laburbilduz garbiketa ez dela nahiko izan esango dugu (zergatik ez dira hartzen hondakinak sortzea ekiditeko neurriak?) eta aholkularitza teknikoa egonik, batzuk jarraibideak aurrera eraman badituzte ere, beste askok berdin jarraitu dute ( erretenak egin eta porlana erabili), sastrakadiak “hustuz” eremu pribatuak edo komunak sortzen jarraitzen dute eta basoan sartzeko debekua bai baina hori bermatzeko biderik ez da egon.
Arazo honi serio heltzekotan, gaia denboraz lantze hasi behar da Udala, jai ofizialaren antolatzaile, auzokide, gaian interesa duten elkarte eta Bronx-eko gunearen erabiltzaileen artean. Eta urtez urte, betegarriak diren neurriak zehaztuz joan beharko da, betetzea maila ikusiz eta berpentsatuz. Bestela, paellen eguna ospatuko da baina ingurumenak, naturak jai izango du.