Albistea

  • Angula-arrantza profesionalizatzeari uko egin eta behingoz espeziea babesteari ekin beharko lioke Eusko Jaurlaritzak

    2023-10-25
    ITURRIA: EUSKADI IRRATIA

    IRUDIAREN ITURRIA: RADIO EUSKADI

    Eguzki Talde Ekologistaren eta Mutriku Natur Taldearen iritziz, angularen arrantza profesionalizatzeko dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak biodibertsitatea sakrifikatzen du, klientelismoaren mesedean. Horregatik, dekretuari aurkeztu dizkiogun alegazioetan, Jaurlaritzari zera eskatu diogu, gauzak onbideratzeko –oraindik garaiz gaude eta–, Europar Batasunak aisialdiko angula-arrantzaren gainean espresuki ezarri duen debekua onartzeko eta aingira europarra Mehatxatutako Espezieen Euskal Kataloagoan sartzeko, arrisku larrian dagoen espezie bati dagokion bezala.

    Iaz, aingira europarra babesteko beste hainbat neurriren artean, angularen aisialdiko arrantza debekatu egin zuen Europar Batasunak, eta angularen aisialdiko arrantza izan da Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte indarrean egon den modalitate bakarra.  EBk neurri murriztaile horiek hartu zituen Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES edo CIEMen) txosten zientifikoen argitan. Txosten horien arabera, espeziea “seguratasun-muga biologikoetatik kanpo” dago, “arrisku larrian”. Izan ere, UICN Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak aspaldi sailakatu zuen aingira europarra Liburu Gorrian “desagertzeko arrisku larrian” dauden espezieen atalean. Horregatik, Europako txosten zientifikoek aholkatzen dute faktore antropikoek –arrantzak barne– aingiren artean eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egotea.

    2007an, espeziearen gainbehera hain zen nabarmena ezen EBk estatuei Angula Kudeatzeko Planak egitera behartu zituen. Orduan, Jaurlaritzak ez zuen beharrik edo tarterik ikusi Bizkaian eta Gipuzkoan arrantza profesionala egiteko, eta aisialdiko arrantza baino ez zuen baimendu. “Europan kasu bakarra”, orain dela urtebete eskas Arrantzako kontseilariorde Bittor Orozek nabarmendu zuen bezala. Hamasei urte geroago, espeziearen egoera askoz larriagoa da, eta orain, berriz, a zer paradoxa, EBk aisialdiko arrantza debekatzeko hartutako erabakiari iskin egin nahi dio Jaurlaritzak, arrantza profesionalizatuz. Bietako bat: edo sektore profesional bat artifizialki sortzen ari da edo sektore hori urte hauetan guztietan izan, izan da, baina mozorrotuta, behar bezalako ingurumen-kontrolik gabe eta beste edozein sektore ekonomikok dituen gainerako kontrol eta ardurarik gabe.

    Dekretu-proiektuak 150 baimen ematea aurreikusten du, honela banatuta:

    angula_taula_eusBaina ez dago baimen kopuru hori edo banaketa hori justifikatzen duten Aztiren inolako txosten zientifikorik. Ez, behintzat, kontsultatu daitekeenik (*). Nola justifikatu du Aztik –benetan justifikatu badu, noski– EBren erabakiaren oinarrian dauden ICESen kalkuluek ez dutela Gipuzkoan eta Bizkaian balio? Nola kalkulatu du sektore profesional bat sortzea ahalbidetzen duen kuota? Zenbatekoa da kuota hori? Zergatik 150 baimen? Zergatik ez gehiago edo gutxiago? Zergatik banatzen dira banatzen diren bezala? Txosten horiek eskuratu bitartean –berriro diogu, existitzen badira–, esan beharra dago, itxura guztien arabera, 150 baimen horiek Jaurlaritzak Euskadiko Anguleroen Elkartearekin zuzen-zuzenean egin duen negoziarioaren ondorio dela. Hau da, ez du ematen Aztik arrantza iraunkorra ahalbidetzen duen kuota bat kalkulatu duenik eta hortik 150 baimen eman daitezkeela ondorioztatu dutenik.

    Aztiren txostenak eskatzeko arrazoiak begi-bistakoak dira. Baina, gainera, Arrantzako kontseilariordeak berak esan zuen apirilean angularen arrantza profesionalizatzeko “giltzarria” Azti zela. “Azti izango baita –adierazi zuen– arrantza-kuota zehaztu eta urtero errebisatuko duena”. Bada, datorren denboraldian zenbateko kuota izango da? Nola kalkulatu da? Zergatik aurkeztu behar izan ditugu alegazioak oinarrizko datu horiek ezagutu gabe?

    Egia da, dena dela, hura esan zuen egunean bertan, kontseilariak “erabateko gardentasunez” jokatuko zuela ere esan zuela. Eta kusi dugu, bai: interlokutore bakarra, Euskadiko Anguleroen Elkartea, eta gainerako guztiok alegazioak itsu-itsuan egin behar izan ditugu, dekretuak oinarrian omen dituen txosten zientifiko eta juridikoak ikusi gabe. Esan dezagun, bide batez, Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak Natura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenak ere faltan ikusten ditugula. Derrigorrezkoak iruditzen zaizkigu. Azken batean, galtzorian dagoen espezie batez ari gara.

    Hau guztia gutxi balitz, dekretuan hainbat irregulartasun atzeman ditugu… arrantza profesionala baimentzen da ontzi ez-rofesionaletatik; lehorretiko arrantza Kosta Legeak aurreikusten duen baimenik gabeko kalaleku edo kalatokietatik egingo da; baimenak emateko orduan kontuan hartuko da Euskadiko Anguleroen Elkarteko kidea izatea eta noiztik…

    Laburbilduz, dekretua neurri-neurrira egindako soinekoa da, biodibertsitatearen kaltetan eta klientelismoaren mesedean.

    EGUZKI TALDE EKOLOGISTA eta MUTRIKU NATUR TALDEA

    (*) NATURKON Gipuzkoako elkarte naturzale eta ekologisten koordinadorak espresuki salatu zuen gai hau orain dela pare bat aste:

    Eusko Jaurlaritzak angula-arrantza profesionalaren dekretoaren aurka alegatzeko behar zuten informazioa ukatu diela salatu dute Gipuzkoako ekologistek (mailchi.mp)

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

October 2023
M T W T F S S
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

LIBURUAK

liburuak