Albistea

  • Eguzkik Azkoitiko Udalari eskatu dio kudeatzeko Aittolako aparkaleku inguruko legez kanpoko isurketak

    2023-12-15
    Partekatu - Compartelo

    Karobiak dituen eta agerian dauden hondakinen zati bat.

    Karobiak dituen eta agerian dauden hondakinen zati bat.

    Iazko maiatzaren erdialdean, legez kanpoko isurketa horien berri izan zuen Eguzkik, ‘Maxixatzen’en bidez herritar batek hau publikoki salatu zuenean: “Pasa den neguan, pinu mozketak egin zituzten Aittola inguruan. Mozketak egiteko makinez baliatzen dira, eta horien lana errazteko pistak eraikitzen dituzte mendian zehar. Pista eraikitzerakoan belarrez eta sastrakaz ezkutatuta zegoen karobi moduko bat suntsitu zuten. Itxura guztien arabera, garai batean zabortegi bezala erabiltzen zen karobi hori, eta barruan zegoen zikinkeri guztia, batez ere beirazko botilak, mendian zabalduta gelditu ziren. Oraindik orain han jarraitzen dute hondakinek. Leku hori Aittolako aparkalekutik 50 metrora aurkitzen da. Nori dagokio txoko hori garbitzea?” (Kejie ta desditxie: hondakinak Aittola inguruan – – Maxixatzen.eus).

    Aurtengo apirilaren erdialdera, pertsona berak horrela salatu zuen berriro komunikabide honetan: “Ez da berria, orain dela urtebete inguru salatu nuen, baina badirudi inor ez dela egin txerrikeri honen erantzule” eta gehitzen du: “Eguraldi ona egiten duenean toki ederra da Aittola egun pasa eder bat egiteko, baina horrelako toki eder hauek zaintzen ez badira, azkar uzten diote eder izateari, beste zerbaitetan bihurtzeko” (Kejie ta desditxie: “Aittolako kaka” – – Maxixatzen.eus).

    Hemen bideo bat: Legez kanpoko isurketak Azkoitiko Aittola aparkalekuaren inguruan. (youtube.com)

    Urtebete eta zazpi hilabete igaro dira lehen salaketa jarri zenutenetik, eta egiaztatu dugu isurketek hor jarraitzen dutela lurzorua kutsatzen; gehienak ardo, xanpain eta ginebra botilak dira, eta, neurri txikiagoan, etxeko hondakinak: latak, poteak eta plastikozko poltsak. Jarrera horrek ingurumenarekiko eta haren kontserbazioarekiko sentsibilitate falta handia adierazten du, gainditu behar duguna eta modu eredugarrian jokatzera behartzen gaituena.

    Ez dakigu lur horiek publikoak edo pribatuak diren, baina bai Azkoitiko lurzoruan daudela, eta Hondakinen Legeak berariaz debekatzen du edozein motatako hondakinak uztea, isurtzea edo kontrolik gabe ezabatzea, eta hondakinen eskumena toki-erakundeei dagokie.

    Horregatik, Eguzkik Azkoitiko Udalari eskatu dio egin beharreko kudeaketak egin ditzala isuriak kentzeko eta ingurua ahalik eta azkarren lehengoratzeko.

    EGUZKI, 2023ko abendua


    Partekatu - Compartelo